Egitarau zabala eta liburua Pontikaren mende erdia ospatzeko
Atzo arratsaldean aurkeztu zuten urteurrenaren ospakizunak antolatzeko sortu duten batzordeak antolatu duen hamabost eguneko egitarau aberatsa, baita ospakizunaren elementu zentrala izango den liburua.
50 urte bete ditu ofizialki Pontika auzoak aurten eta gogotik ospatuko dute auzotarrek mende erdi hori, merezitako moduan. Atzo arratsaldean aurkeztu zuten urteurrenaren ospakizunak antolatzeko sortu duten batzordeak antolatu duen hamabost eguneko egitarau aberatsa, baita ospakizunaren elementu zentrala izango den liburua. Luis Elberdin oreretarrak idatzi du. Batzordekideekin batera izan zen Bernar Lemos zinegotzia, Ion Collar kultura zinegotzia zen joatekoa, baina beste bilera bat zuela eta azkenean Lemos joan zen agerraldira udalaren izenean.
Iñaki Zapirainek hartu zuen hitza atzoko aurkezpenean batzordearen izenean. 50 urte ez direla egunero egiten esanda, egitarau zabala eta aberatsa antolatu dutela azaldu zuen. Horretarako herriko eragileengana jo dute laguntza eske: “Herritik atera gabe, gure inguruan ditugun kirol eta kultur eragileekin jarri gara harremanetan egitaraua osatzeko”. Hainbat hitzaldi, dantza ikuskizunak, musika, tailerrak, erakusketak, kirol jarduerak, txapelketak antolatu dituzte gaurtik hasi eta ekainaren 9ra bitartean, “guztiak auzotarrei zein herritar guztiei zuzendutakoak”, zehaztu zuen Zapirainek.
Egitarau zabala eta askotarikoa hamabost egunez antolatu dutena, baina liburua da antolatzaileen esanetan urteurrenaren oinarrizko elementua. 500 orritik gorako lana osatu du Elberdinek eta bertan auzoaren historiaren garai ezberdinak bildu ditu. Liburuaren xehetasunetako batzuk aletu zituen atzo oreretarrak aurkezpenean.
Pontika auzoa 1969. urtean onartu zutela auzo gisa udalak eta beste erakundeek azaldu zuen Elberdinek, baina atzerago jo dutela liburua egiteko garaian. “Bertara bizitzera etorri ginenean industria batzuekin topo egin genuen; Lanera, Pekin, Etxeberria ziren hemen, eta gu heldu aurretik bertan bizitza bazegoela erakusten du horrek”. Pontika izenaren jatorriaren bila abiatu ziren liburua idazteko garaian, haren esanahia ezagutzeko, eta izen Gaskoia izan daitekeela zioen arrastoari jarraituz, Erdi Aroko dokumentazioan ikusi zuten lehenengoz Pontika izena azaltzen zela, “horrek zer pentsatu eman zigun, azken 50 urteak bildu behar genituen liburuan, etxebizitzak eraikitzen hasi ziren garaitik aurrerakoak, edo atzerago egin behar genuen. Atzera egitea erabaki genuen”.
Lau atal nagusi liburuan
XV. menderaino joan da egilea liburua idazteko garaian. Euskaraz eta gazteleraz dago idatzia eta ez datu bilketa hutsa, “genuen informazioa jaso nahi genuen, eta aldi berean liburu arina izatea”. Hori lortzeko argazki, grafiko eta irudi ugarirekin osatu du Elberdinek lana, 1.200etik gora dira horiek. Lau atal nagusi ditu liburuak eta lehenengoa Pontikaren gainean ezagutzen diren agiri zaharrenekin osatu du, “1.457. urtekoa da dokumentu hori, harriko artxiboan dago, eta da Pontika auzoaren izena azaltzen den lehenengo aldia. Gatazka zegoen Orereta eta Donostia artean, bigarrenak portua eta Pontika ere bereak zirela esaten zuelako. Dirua zegoen tartean, portuan bertara iristen ziren produktuengatik edo bertatik ateratzen zirenengatik zergak ordaintzen zirelako. Gatazka luzea izan zen, bost bat mende iraun zuen”. Hortik aurrera dokumentazio biltzen hasi zirela azaldu zuen, batez ere izenaren esanahia eta jatorria zehazteko, eta horren barruan kolaborazioa jaso du Elberdinek liburuan Iago Irixoa ikerlariarena, hain zuzen ere, “izen gaskoia dela azaltzen duen artikulu parea idatzi ditu Irixoak eta bertan Gaskoiak noiz heldu ziren eta hainbat izen Molinao, alaberga edota Pontika beraiek jarri zituztela. Luxua izan da bere kolaborazioa”. Lehenengo etapa nekazal garaiari eman diola azaldu zuen Elberdinek, eta garaiko bitxikeriak ere jaso dituztela.
Mantxester Txikiaren garaia, industria sartzen denekoa da bigarren atala liburuan. Horren barruan Pontika auzoaren bizkarrezurra izan den errekari erreferentzia berezia egin dio egileak, “ura oinarrizko elementu izan dugulako, lehen garaian nekazaritzari lotuta, eta bigarren garaian industriarekin lotuta, errota eta burdinola egiteko, besteak beste. Industria garaian bazirudien jaun eta jabe izango zirela, beraiek hartuko zutela eremu guztia Pontikan baina XX. mendean beste behar bat sortu zen: eraikuntza. Pontika erdia industria egiteko saldu zuten, eta beste erdia etxebizitzak egiteko. Arlo industriala eta etxebizitzen arteko elkarbizitza oso zaila izan zen hasieran eta industriak itotzen hasten diren unea heldu zen, eta batzuk desagertu eta besteak lekualdatuta, eraikin horiek botata etxebizitza gehiago egin zituzten”.
Hirugarren atalean garai hori jaso du Elberdinek, 1950. hamarkadatik aurrerako garaia. Etxebizitzak eraikitzerakoan eremu berezi bat sortu zela nabarmendu zuen Elberdinek atzoko agerraldian eta hala bildu du bere liburuan: “Hirigintz koordinakundeak bere garaian aldarrikatu zuen parkea egiteko espazioa da hori. 1983an memoria aurkeztu zuen eta lau metroko maketa udalean parke proiektuarekin koordinakundeak. Duela 36 urte egindako eskaera hartan parkea izatea eskatu genuen, erdi erdian, auzoaren bihotza da hori”. 1997an udalak lehiaketa antolatu eta lau enpresa aurkeztu zirela, eta 2000. urtean udalak onartu zuen horietako proiektuetako bat, “hemeretzi urte pasa dira baina zoritxarrez oraindik ere ez da egin. Auzotarrok lortu ditugu zerbitzuak, auzoa urbanizatzea, frontoia egitea… Orain laugarren etapa batean gaude, hasiera hartan auzoak zuen egoerarekin zerikusi gutxi du gaur egun zorionez”.
Aurretik, ordea, hiru erronka dituztela Pontikako auzotarrek erantsi zuen: “Duela 36 urte sortutako parkea, udalak duela 22 urte onartu zuen parkea egitea; garai batean estali zen eta auzoaren bizkarrezurra den erreka desestaltzea, erreka bere eremu naturalean integratzea; 1999tik udalak Pontikako ibarra deitzen duen eremua, 12. eremua, Pontika auzoan txertatzea, azkenik”. Horrekin batera, Pontika auzoaren muga naturalak zehazteko ere eskatu dute.
Liburuan beste atal bat auzoko emakumeei eskaini die Elberdinek. “Bigarren, hirugarren, edo enegarren planoan gelditzen den gai bati eskaini diot atal berezia, itzalpean gelditzen zen emakumeen presentzia, jarduerak. Informazioa eta irudi dezente bildu ditugu. Beren lanaren helburua beste emakume batzuei sozializatzen laguntzea izan dela diote, etxetik atera eta emakumeen elkarguneak sortzea. Kirola, puntu, ehoziri lanak egin, berdin du zein jarduera egin, horren atzean dagoen helburua etxetik ateratzea, emakumeak elkartzea da. Hori ere jaso dugu”.
Liburua maiatzaren 10ean helduko da liburua, 15ean aterako dute argitara, eta auzo elkartearekin batera, herriko hainbat liburu denda eta saltokietan izango da salgai. Maiatzaren 15ean, gainera, aurkezpena egingo dute auzotarrentzat eta herriko eragile guztiei begirakoa Pontikako Auzo elkartearen egoitzan, 19:00etan hasita.
Egitaraua
- Gaurtik ekainaren 2ra arte: Mus Txapelketa, 20:00etan.
- Maiatzak 15: Pontika. Iragana eta azken 50 urteak- El pasado y los ultimos 50 años liburuaren aurkezpena, 19:00etan, auzo elkartearen egoitzan.
- Maiatzak 16: Auzoko emakumeen historia hitzaldia, 19:00etan auzo elkartearen egoitzan.
- Maiatzak 22: Iago Iraxoaren hitzaldia, 19:00etan auzo elkartearen egoitzan.
- Maitzak 31: Landarbasoko Kontari abesbatzaren emanaldia, 12:00etan.
- Ekainak 1: Euskal Dantzak, Ereitza dantza taldearen eskutik, 12:00etan; Dultzaineroak eta herriko trikitilariak, 12:30ean; eta herri bazkaria, 14:00etan. Une horretan auzo elkarteko presidente izandakoei omenaldia; 16:30ean, musika taldearen emanaldia; eta 18:00etan txalaparta tailerra.
- Ekainak 2: Txistularien diana, 09:00etan; Pontikako emakumeen ehoziri eta laboreen erakusketa 10:30ean; Pilota egokituaren erakustaldia Mindara elkartearen eskutik 11:00etan; Euskal dantzak, 12:00; Mus txapelketaren finala plazan, 13:00etan; Eureka dantza taldearen emanaldia, 18:00etan.
- Ekainak 7: Pilota eskolaren erakustaldia, 20:00etan.
- Ekainak 8: Aizpitarteko lagunak, 11:00etan; Gaztelupe Kamara taldearen emanaldia, 12:00etan; Patata tortila lehiaketa, 19:00etan
- Ekainak 9: Txistulari diana, 09:00etan, Futbol 7ko finalak, 11:30ean; pailazoak eta txistulariak, 19:00etan.