"Ekarpen ugarirekin" eta "adostasun handiz" osatutako programa aurkeztu du PSE-EEk
Alderdi sozialistak udal hauteskudeei begira osatu duen programa ezagutzera eman du gaur. Parte hartze prozesuan eta ekarpen ugari jasota egindako programa dela azaldu du Jose Angel Rodriguez alkatetzarako hautagaiak, "adostasun handiz osatua".
PSE-EEren Errenteriako alkatetzarako hautagaiak udal hauteskundeetarako prestatu duten programa aurkeztu du gaur. Zerrendan bigarren eta hirugarren postuetan doazen Goizane Alvarez eta Isaac Palencia izan ditu ondoan Jose Angel Rodriguezek, eta hirurek aletu dute alderdi sozialistak prestatu duen programa.
Parte hartze prozesuan eta ekarpen ugari jasota egindako programa dela azaldu du Rodriguezek, “adostasun handiz osatua. Hitzaldiak antolatu ditugu gai ezberdinen gainean, bilerak egin ditugu herriko elkarte eta eragileekin, eta ekarpenak jaso ditugu bizilagunen aldetik eta guztiak erantzun ditugu emailez, telefonoz edo zuzenean, eta beste instituzioekin. Programa serioa eta herritarren beharrei erantzungo diona osatu dugu: segurtasun arloa, mantenua, garbiketa, auzoak, ingurumena, etorkizuneko herria, edo gobernantza eredu berrien gainekoak dira 16 orritako programan”.
Nahi duzun Errenteria lelopean egin dute programa, eta erantzunekin eta ilusioz datozela esan du hautagaiak. Hiru helburu dituztela esan du: Errenteriako bizilagunak dituzten arazoei nagusiei erantzun eta konpontzea; udalerrian dauden arazo sozialei eta langabeziari soluzioa ematea; eta Errenteria etorkizunera begira jartzea.
Gobernatzeko moduaz mintzatu da ondoren, “herritarrekin harremana lehentasuna izango da, kudeaketa hurbila, etengabea eta zuzena izango da herritar artatu eta entzunak sentitu daitezen”. Gardentasuna eta parte hartzea maximak izango direla erantsi du Rodriguezek eta erabakia garrantzitsuak ez dituztela unilateralki hartuko, “ez behintzat adostasun bideak agortu gabe”. Arreta eta informazio bideak hobetzeko konpromisoa ere hartu du alderdi sozialistak, “udal aurrekontuak herritarrengana hurbilduko ditugu partaidetzazko aurrekontuak egiteko”.
Arlo horretan, konpromiso garrantzitsuenak urtean behin auzo elkarte guztiekin biltzea dute programan; gardentasuna eta praktika egokien kode bat sortzea; eta Errenteria txartela sortzea izango direla zehaztu du.
Segurtasunaz mintzatu da ondoren. “EH Bilduk gai horretan egindako politikekin ez gaude ados. Bizilagunen ongizatea erabat lotuta dago segurtasunarekin edo segurtasun sentsazioarekin. Errenterian ezinbestekoa da alderdi sozialistarentzat herritar guztiak seguru sentitu daitezen, eta horren harira, hainbat konpromiso adostu dugu programan”.
Mugikortasuna Errenteriak duen beste “arazo” larrietako bat dela zehaztu du Rodriguezek eta horri ere erantzuna eman diotela programan azaldu du. Garraioa eta trafikoaz mintzatu da zehazki, “planifikazio integrala egitea planteatu dugu arlo honetan, hiri mugikortasun plan iraunkorra eginda”.
Aparkaleku berriak sortzea ere aipatu du, eta horren barruan, Zumardiaren azpian lur azpiko aparkalekua sortzeko azterketa egitea planteatu du. Halaber, Beraun, Olibet eta Agustinetan aparkaleku gehiago sortzeko konpromisoa hartu du. Irisgarritasun arloan ere egin dute proposamenik: “Eusko Jaurlaritzan edota Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentutan PSE-Eeko ordezkariek egindako politikei esker herrian hainbat inbertsio garrantzitsu lortu ditugu, horren adibide dira Alaberga eta Galtzarabordako igogailuak. Beraun eta Gaztañokoa ez daude eginak, eta horiek egiteko lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dugu. Oposizioan egonik hainbeste inbertsio ekartzea lortu badugu, alkatetzan egonda, Errenteriak irabaziko luke”.
Irisgarritasun arloan egin nahi dituzten inbertsoak aipatu ditu ondoren, banan bana: “Beraun etorbidea eta Galtzarabordako etorbide elkartuko dituen igogailua, Jose maria Usandizaga eta Aita Donosti kalea elkartuko dituena, Aita Donosti eta Mauricio Ravel elkartuko dituena, eta erdigunea eta Gaztaño auzoa elkartuko dituen igogailua. Bestalde, oztopo arkitektonikoak ezabatuko ditugu herri osoan. Garbitasun arloan eta mantenuan, bizilagunek eskatzen duten hirugarren arloan, egungo gobernu taldearen kudeaketa txarrarekin amaitu nahi dugu, eta horretarako ezinbestekoa da udala eta bizilagunen arteko komunikazioa hobetzea. Horri begira tresnak sortu nahi ditugu”.
“Kalitatezko elkarbizitza”
Goizane Alvarezek hartu du hitza eta elkarbizitza osasuntsu baterako ezinbestekotzat jo du Rodriguezek aipatutako arlo guztiei erantzutea, “baita elkarbizitza kalitatezkoa izango dela bermatuko dutenei ere”. Azken horien barruan, oinarrizko beharrak ase izatea, segurtasunez ibili ahal izatea herrian barrena, edota ezagutzak produktiboa den zerbaitetan erabili ahal izatea aipatu ditu Alvarezek, “ongizatea ere bada ikasturte hasieran familiek beren seme-alabek behar duten materiala emateko aukera izan dezaten batzuen eta besteen arteko ezberdintasunik egon ez dadin, edo kirola egin ahal izatea, edota ekintzaileek errekurtso publiko gehiago izan ditzaten beren negozioak martxan jartzeko”. Neurri horiek guztiek oinarri bera dutela zehaztu du PSE-EEren zerrendako bigarrenak, “ezberdintasunak ezabatzea eta sistemari horretarako errekurtsoak eskaintzea”.
Gazteei begira, berriz, adikzioen gaineko programak jarriko dituztela martxan esan du, baita berdintasun arloan ere, “berdintasunean heztea, ezagutza ematea delako, haien begirada aldatzea da, eta betaurrekoak eskaintzea jarrera matxistak identifika ditzaten. Heztea, genero indarkeriaren aurka aritzea delako”.
Arlo horretan, indarkeria matxistaren kontrako lehenengo plana martxan jarriko dutela esan du Alvarezek, baita tokiko enplegu eta ekonomiaren aldeko lehenengo hitzarmen feminista. Kalitatezko enplegua ezinbestekoa dela ongizatea bermatzeko erantsi du eta , horregatik, langabezian diren pertsonei begirako enplegu planak egiteko konpromisoa hartu dute. Horiei, urtean 800.000 euro emango dizkiete. Tokiko saltokia indartu eta biziberritzea aipatu du, bestalde, eta formazio plan bereziak eta laguntzak jaso dituztela programan esan du.
Etxebizitzetan igogailuak jartzeko diru laguntzak, gazteen emantzipaziorako laguntzak, etxebizitza galtzeko arriskuan daudenentzako laguntzak, gazte zein adinekoentzat etxebizitza dotazionalak dira aipatu dituen beste arloetako batzuk. Larrialdi laguntzak ere aipatu ditu Alvarezek, eta horiek bermatzeko konpromisoa hartu dutela zehaztu.
Helduei begira, mugikortasuna, osasuna, etxebizitza, irisgarritasuna, eta parte hartze aktiboari begira neurri sorta planteatu dutela zehaztu du.
Palenciak ere hartu du hitza, eta datozen urteetan egi bihurtzeko konpromisoa hartu duten hainbat proiektu azaldu ditu. Horien artetik, lehena, mataderoaren atzealdeari “urgentziazko erantzuna” ematea, “borondatea dugu Iztietako eta Ondartxoko eragile sozialekin eta auzo elkartearekin elkarlanean aritzeko auzoan dituzten arazoei erantzun bat emateko”. Barandiaran parkeaz mintzatu da ondoren, eta esan du hura egi bihurtzeko konpromisoa hartuko duela alderdi sozialistak. “Sarriegi plaza berritu, Gabierrotako pasealekua berritzea edo Evaristo Bouzas plaza amaitzeko konpromisoa ere hartuko dugu”. Maiatzeko Galtzarabordako udal kiroldegia zabaltzeko beharra nabarmendu du Palenciak, “pista indoor berri bat egitea eta kirol erabilerarako zonalde berriak egitea aurreikusi dugu gure proposamenean”.
Kultura arloari erreparatu dio, gainera, eta horren barruan Lekuona aipatu du, “gure alderdiak proposatutako proiektua izango da azkenean Lekuona. Erronka handia, ekipamendua edukiz osatzea izango da datozen urteetan”. Niessen arte eszenikoen erreferentzia gunea bihurtzea dute beste proposamenetako bat. Azkenik, hiri adimendua egitea dutela helburu esan du Palenciak, eta klima aldaketaren gainean mintzatu da: “Bereizita jasotako hondakinen tasa handitu nahi dugu batetik, batez ere inpropioak murriztea. Beharrezkoa da gainera aldaketa klimatikoaren kontrako estrategia abiaraztea ezinbestekoa da, efizientzia energetikoa sustatzea bezala”.
Alderdi sozialistaren programa osorik PSE-EEren Appan kontsulta daiteke zehaztasunez. Honakoa da esteka aplikazioa jaisteko.