Hospitalilloa ez da jada Portu Agintaritzarena
Foru Aldundiak iragarri duenez lurzorua desatxikitzeko baimena eman du Estatuko Portuak; erabakia txalotu dute, oniritziak Adinberrirekin aurrera egitea ahalbidetuko duelako.
Estatuko Portuak erakundeak «baimena eman du» Pasaiako Hospitalillo inguruko eremuak (4.747 m2) desatxikitzeko. Hala eman du jakitera gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak, Markel Olano diputatu nagusiak, Maite Peña Gizarte Politikako diputatuarekin eta Rakel San Sebastian Adinberri Fundazioko zuzendari nagusiarekin batera egin duen prentsa agerraldian.
Olanok nabarmendu duenez, oniritzi hori «ezinbesteko aurrerapausoa» da Adinberri egitasmoak aurrera egin dezan, eta erabakia txalotu du, «aurreikusitako epeak errespetatzen jarraitzea» ahalbidetuko duelako.
Obraren proiektua dagoeneko esleituta dago, eta 32,2 milioi euroko exekuzio aurrekontua du.
Zentroa eraikitzeko lanak urtearen amaieran hasiko direla iragarri dute eta 26 hilabeteko iraupena izango dute.
Aurreikuspena da Adinberriren instalazio berriak zein lurpeko aparkalekua 2022. urterako bukatuta egotea.