Dantza batailoia egingo dute asteburuan, helburu solidarioekin
Ostiralean kabareta egingo dute herriko plazan. Larunbatean, berriz, hainbat dantza eskola emango dituzte, borondatearen truke, Iturriotzen.
Datorren ostiralean eta larunbatean dantzen urratsek astinduko dute Oiartzun. Izan ere, dantza batailoia deitzen dena antolatu dute hilaren 3rako eta 4rako. Ostiral arratsaldean, 20:30ean hasita, kabareta eskainiko dute Done Eztebe plazan.
Hainbat estilo jorratuko dituzte bertan, bakarlari eta taldeek. Zerrenda luzeak hartuko du parte kabaretean: La Pulga (flamenkoa): Leyre Mendoza (Belly dance); PW Iara (dance hall); JM Pole Sport (pole dance); Kizomba taldea; Ugaldetxoko lokaletako funky-ko neskak; aereo dantza; Siametria Aire Akrobazia; Winki (buto)…
Eskolak, larunbatean
Larunbatean, berriz, dantza eskolak emango dituzte Iturriozko dorretxean. Bakoitzak nahi duena eman dezake, eta lortutako dirua Indiako The Shakti Project gobernuz kanpoko erakundeari bideratuko diote. “Iniziatiba honen bidez”, esan dute antolatzaileek, “dantza publiko osoari gerturatu nahi diogu, dantza mota ezberdinak erakutsiz, eta dirua oztopo izan gabe. Izan ere, klaseei zuk jarriko diezu prezioa, zuk eman ahal edo nahi duzuna ordainduko duzu”. Lanean ariko direnek ez dute euro bat bera ere jasoko jakinarazi dute.
Iturriotz auzoko dorretxean egingo dute larunbateko ekitaldia. Honakoa izango da egitaraua:
- 10:00etan: aurkezpena.
- 11:00etan: beroketa.
- 11:15etik aurrera: Sabel dantza; flamenkoa eta pole dance-a, bakoitza bere gelan.
- 12:30ean: Dantza patinetan eta garaikidea.
- 14:00etan: Bazkari begetarianoa.
- 16:00etan: Estiramenduak.
- 16:30ean: dance hall, euskal dantza eta pole dance-a, bakoitza bere gelan.
- 17:45ean: Samba afrobrasildarra eta break-poppinga, bakoitza bere gelan.
- 19:00etan: musikala eta kizomba, bakoitza bere gelan.
- 20:30ean: Denentzako dantza “mundiala”.