Guraso Eskola martxan da
Helburua, 2-16 urte arteko haur eta gazteen gurasoen dinamizazio eta heziketa egitea, eta izan ditzaketen behar eta kezkei erantzutea da. Guraso Eskola herriko ikastetxeetako guraso guztiei zuzenduta dago, eta aurten, lau saio eskainiko ditu.
Lopez de Etxearreta eta Muñoz Guraso Eskolaren aurkezpenean. Guraso Eskola martxan jarri du Errenteriako Udalak. Helburua, 2-16 urte arteko haur eta gazteen gurasoen dinamizazio eta heziketa egitea, eta izan ditzaketen behar eta kezkei erantzutea da. Guraso Eskola herriko ikastetxeetako guraso guztiei zuzenduta dago, eta aurten, lau saio eskainiko ditu. Sandra Muñoz psikologoak gidatuko ditu saioak eta ikastetxe bakoitzak bere egutegi eta ordutegiak izango ditu saioetarako (hemen kontsulta daitezke). Hilabete honetan izango da lehena, eta Ohitura osasuntsuak garatzearen garrantziaz arituko dira.
Gainontzeko hiru saioak datorren ikasturteko lehenengo hiruhilekoan eskainiko ditu Guraso Eskolak, eta honakoak izango dira: Familia: komunikazio positiboa eta asertibitatea; Arazoak identifikatzeko estrategiak eta arazo zehatzei aurre egiteko baliabideak; eta Internetaren arriskuak: teknologia berrien inguruko heziketa.
Asteartean aurkeztu zuten Guraso Eskola Garazi Lopez de Etxezarreta Hezkuntza zinegotziak eta Sandra Muñoz psikologoak. Gaiak aukeratzeko garaian, gurasoen eskaera eta kezkak aintzat hartu dituztela eta horretarako inkesta egin dietela azaldu zuten.
Izena emateko epea zabalik dago eta paperean (ikastetxeen bidez) zein online egin daiteke. Bakarkako arreta zerbitzua ere eskainiko du Guraso Eskolak, telefonoz 688 72 42 33 telefono zenbakira deituta, edo posta elektroniko bidez astearteetan 9:00etatik 12:00etara eta ostegunetan 15:00etatik 16:00etara: “Egunerokoan suertatzen diren hezkuntza, garapen, ikasketa eta erlazioen inguruko kezkak kudeatzen lagungarri izan nahi du gurasoentzat”.
Informazio gehiagorako, seme-alaben ikastetxera jo dezakete gurasoek edota guraso elkartera.
