Ramon Vegak zilarrezkoa irabazi du itsas kayakeko Espainiako II. Kopan.
Vila-Joiosan (Alacant) jokatu zuten kopa, atzo
Itsas kayakeko Espainiako II. Kopa lehiatu da atzo Vila-Joilosan, eta Pasaia Kayak taldeko palista beteranoetako batek, Ramon Vegak, zilarrezko domina irabazi du, +50 kategorian.
10.500 metroko proba jokatu zuen, bi luzetan eta ziaboga bakarrarekin. Ziabogara laugarren postuan iritsi ondoren, luze-erdirako gainditu zituen Valentziako eta Mallorcako ordezkariak, eta nagusitasunez eutsi zion bigarren postuari, 58.23:34 denbora eginez. Granadako ordezkariak irabazi zuen: Minutu bat eta 17 segundoko aldea atera zizkion pasaitarrari.
Asteburuan, bi zita
Pasaia Kayak-ek, beste bi zita berri ditu asteburuan. Larunbatean Gipuzkoako Kimu eta Haurren ur lasaietako Txapelketa jokatuko da Irunen eta han izango dira palista gazte pasaitarrak lehian.
Horrez gain, itsas kayakeko XV. Euskadiko Koparen lehenengo proba jokatuko da Ulibarri Ganboan, eta taldeko piraguista puntakoenak Arabako urtegiko estropada berezian lehiatzekoak dira.
