Autodefentsa tailerra egingo dute maiatzaren 18an, doakoa
Tailer intentsiboa izango da, Maitena Monroyekin, eta aldez aurretik eman beharko da izena. Hilaren 20an 'EnFemme' dokumentala eskainiko dute.
Maitena Monroy [Argazkia: Lea Artibaiko Hitza]. Oiartzungo Udaleko Feminismo Sailak autodefentsa ikastaroa antolatu du hilaren 18rako. Maitena Monroy Romero izango da ikastaroa ematearen arduraduna. Fisioterapeuta eta ekintzaile feminista da Monroy.
Tailerra intentsiboa izango da, zortzi ordukoa: 10:00etatik 19:30era bitartean iraungo du, bazkaltzeko tartearekin (elebitan izango da). 14 urtetik gorako emakumeek parte har dezakete. Hori bai, aldez aurretik izena eman beharko da horretarako, udaletxean edo online, tokia hogei lagunentzako mugatua baita. Izena emateko azken eguna hilaren 16a —osteguna— izango da.
EnFemme
Ikastaroa pasa eta bi egunera, EnFemme dokumentala eskainiko dute udaletxeko areto nagusian. Ondoren, Alba Barbe i Serra film zuzendariarekin solasaldian aritzeko aukera izango dute hurbiltzen direnek.
Bartzelonako cross-dresser mugimenduari buruzko dokumentala da, eta genero identitatea eraikitzeko beste aukera bat erakutsi nahi dute. Izan ere, bezpera —maiatzak 19— Gay-les-trans Despatologizazioaren Nazioarteko Eguna da.
