Endika Loiola: «Izorratuta baldin bazaude, kantetan isla dezakezu»
Eztabaida izenarekin, ‘Ependipikapa’ diskoa ondu du. Azken orduko izen aldaketa da, ihoteetako zapo hizkera erabili baitu, hil berri den Ion Zabaleku ‘Zapo’ omentzeko.
Musika taldeetan ibilbide luzea egindakoa da Endika Loiola (Oiartzun, 1990). Punk eta oi! estiloetako taldeetan aritu da, gehienbat, eta orain bakarkako diskoa aurkeztu du Eztabaida izen artistikoarekin: Ependipikapa.
Asteazkenean, 10301 Elkartasun Keinu kanpainaren barruan, aurkeztu zuen lan berria, Kataxulo Gaztetxian. Kontzertu berezia izan zelako urduri zegoela aitortu du. Hori bai, laugarren kanta inguruan nerbioak uxatu zitzaizkiola esan du. “Jende dezente hurbildu zen eta eroso sentitu nintzen, jendea kontzertuan zegoela ikusten nuelako”, esan du Loiolak.
Gainera, inoiz gertatu ez zaizkion bi gauza gertatu zitzaizkion. Alde batetik, ahoa lehortu zitzaiola. Bestetik, abesti eta abesti arteko isiltasuna. “Ohituta nago, beste taldeetan, abestien ondoren, oihuak eta horrelakoak entzutea, beste giro batean. Bakarlari moduan, txaloen ondoren isiltasuna etortzen zen, baina polita izan zen”.
Herenegun aurkeztu zenuen zure bakarkako lehen diskoa. Orain arte Yakovlev 42n, Basuran… eta beste hainbat taldetan ibili zara. Lema biratu duzu?
Bai. Yakovlev-en ere banago, eta hori egiteari utzi gabe, hau proiektu paralelo bat da. Diskoan dauden abestiak nire bizitzan —2007tik aurrera— egindakoak dira, eta ordena kronologikoan daude. Momentu pertsonal konkretu batzuetan sortutako kantak dira, jotzen ibili naizen taldeetan tokirik ez dutenak.
Azaroan egin genuen Oiartzuarrock musika jaialdian animatu nintzen kontzertu bat ematera, Lur Gaztelumendirekin. Jendeari gustatu zitzaiola dirudi, eta jarraitzera animatu ninduten.
Yakovlev sortu zenuenean, izan zen zenuen errepertorio bati forma ematea, Basuran tokirik ez zuten abestiekin. Beraz, abesti asko sortu dituzu…
2004an hasi ginen entseatzen kuadrillakoekin, Defoe izena zuen talde batean. Hori izan zen lehen aldia talde batean aritzen ginela. Gero etorri dira Lady Kotxinas, Uko, Sutura, Basura… Basuran egin genuena izan zen abesti zaharrak berreskuratu eta jo.
Ipurtarina banaiz, eta beti ari naiz kantak egiten eta idazten. Yakovleven daude abestiak Suturan tokirik ez dutenak. Hamartik gora abesti genituenean, Jon Retegiri esan nion estudioan grabatzeko, eta horrela sortu genuen taldea. Hilabete honetan laugarren lanak atera behar du, eta urrirako bosgarrenak.
Bakarkako diskoan 2007ko abestiak daudela esan duzu. Ez dizu lotsa-edo ematen orduko abestiak entzutea?
Orain irakurtzen dituzu, eta zure buruari esaten diozu ‘A zer paketea!’. Melodiak errespetatu ditut, baina letretan bai zerbait moldatu dudala. Zaila egiten zitzaidan kalkulatzea noiz arte egin moldaketa bat. Orduko esentzia gorde nahi nuen, eta ez nuen txapuzarik egin nahi. Egia da letraren bat edo beste txapuzeroa zela, baina moldatu egin dut. Atera da atera dena. Hamasei urte nituenean egindako kanta bat da, eta guztiz eraldatu izan banu, sinestezina izango litzateke. Lehenengo letretatik hasi eta azkenera arte nabaritzen da hobekuntza hori, baita gitarran ere. Ahotsan ez; txarra da [kar-kar].
Ugaldetxoko eskoletan grabatzen, kontzertuetako soinu mahaian… Musika zure bizitzaren ardatz nagusietako bat da?
Ugaldetxon home studio bat daukagu, eta gure gauzak grabatzen ibiltzen gara. Herriko gazteek zerbait grabatu behar baldin badute eskaintzen diegu gure tokia, baina ez gara profesionalak.
Enpresa bat badaukat kontzertuetako soinu mahaiarekin. Hori bada nire ogibidea. Musika bada nire bizitza: tekniko moduan egiten dudan lana da aurrera egiten laguntzen nauena, eta denbora librean hor daukat Yakovlev 42 edo bakarkako ibilbidea. Herriko gazteei esku bat botatzea ere gustatzen zait.
Gazteek eskertuko dute hori.
15-16 urterekin hasten zarenean zure lehenengo taldearekin, ez duzu jendea ezagutzen. Haurtzaron edo Elizalden zaude, eta asko jota, beste ikastetxeko jendea ezagutuko duzu. Guri pasa zaigu. Hasi ginenean bazeuden beste talde batzuk: Goddamit, Sleepless Home, Instep… Horiek guztiek babestu eta laguntza eman ziguten, eta kontzertuak lortzen zizkiguten, Ihurritan edo. Beti eskertuko dut hori.
Beti saiatzen naiz nirekin egin zutena besteekin egiten. Gazteen taldeak baldin badaude lagunentzako jo nahi dutenak, gaztetxea hor dago. Beste herrietara zabaldu nahi baldin badugu, zabalduko dugu.
Katea ez etetea, alegia.
Gu izan ginen Oiartzungo azken belaunaldia taldetan jotzen aritu ginenak, eta Autobus Magikoa atera zen arte, ez zen ezer egon, zortzi bat urtez edo. Amorru pixka bat ematen zidan, musika bizitzen dudalako. Momentu berezi horiek beste batzuek bizitzea gustatuko litzaidake.
Autobus Magikoa atera zen, eta jendeak ikusi zuen beraiek ere posible zutela talde bat atera. Txiltxoko, Gotzon, Txilly, Ekain ta Malen… Badago jende gaztea musika jotzen duena.
Diskora bueltatuta, zeri buruzkoak dira letrak?
Ez da Yakovleven bezala, dena kritika, politika eta salaketa direla. Hemen oi! estiloko kantak badaude, baina beste batzuk oso barrukoak dira. Momentu konkretu batean izorratuta baldin bazaude, kantetan isla dezakezu. Pertsona oso itxia naiz, gauzak kontatzen ez dituena, eta zerbait terapeutikoa du diskoak. Orduan, bi motatako letrak daude, pertsonalak eta kritika sozialekoak. Adibidez, drogei buruzko letra bat dago: nik ez dut inoiz ezer hartu, ez alkoholik, ez porrorik, ez ezer. Iruditzen zait helburu soziala duela, dela jendea alienatzea. Beste kanta bat da errefuxiatuei buruzkoa. Lagun bat daukat Kios eta Lesbosen lanean aritu dena, eta saiatu gara azaltzen errefuxiatu batek zer sentitzen duen.
10301 Elkartasun Keinu kanpainaren barruan aurkeztu duzu diskoa. Kasualitatea ez da…
Talde motorrean nago, eta kontzertuak-eta beti egoten dira oso presente horrelako kanpainetan. Diskoaren aurkezpena buruan neukan, baina ez nekien noiz egin. Iniziatiba atera zenean, argi izan nuen, abesti bat errefuxiatuei buruzkoa baita.
Errefuxiatuen gaiak barruan ukitzen nau, eta ez dakit zergatik, ez dudalako inor ezagutzen. Hain gai bortitza iruditzen zait… Badakigu errefuxiatu zelaiak daudela, Sirian gerra dagoela, AEBak daudela horren atzean, baina ez dugu ezer egiten. Dokumental bat ikusten duzu, pena pixka bat ematen dizu, eta berriro zure bizitzara bueltatzen zara. Badakigu ez dugula mundua salbatuko, baina munduko biztanle bakoitzak euro bat jarriko bagenu… Badirudi urruneko arazoa dela, baina bakoitzaren borroka badela uste dut.