Adimen emozionalaren kudeaketari buruz ariko da Aingeru Oiartzabal
Killirikupe emakume taldeak psikologo oiartzuarra gonbidatu du, emozioei buruzko azalpenak eman ditzan. Ostiralean izango da bilera.
Aingeru Oiartzabal psikologoa (Oiartzun, 1984). Killirikupe emakume taldeak hitzaldia antolatu du datorren ostiralerako, hilak 10. Kasu honetan, adimen emozionala izango dute hizpide. Eta horretarako, Aingeru Oiartzabal psikologo oiartzuarra gonbidatu dute. Berak emango ditu adimen emozionalari buruzko azalpenak, Manuel Lekuona bibliotekan, 18:30etik aurrera.
Oiartzabalek berak eman ditu hitzaldiaren nondik norako batzuk. Esan duenez, lehenik eta behin, ulertu behar dela emozioak oso lagungarriak direla bizitzarako. “Iparrorratza dira gure burua ezagutzeko; autoezagutza, gure burua baloratzeko eta konfiantza lortzeko, eta beste hainbat gauzetarako”, zehaztu du. Harremanetan, berriz, behar eta premiak identifikatzeko balio du adimen emozionalak: errespetatzea, entzuna sentitzea, nork bere burua aintzatestea…
Emozio txarrik ez
Oiartzabalek adierazi du emozio txarrik ez dela existitzen, baizik eta horiek mendetako estigmaren ondorio direla: “Haserreak, tristurak eta beste sentimenduak ez dira txartzar hartu behar, oso lagungarriak direlako. Desmitifikatzea da helburua, eta jakin behar dira nola erabili”.
Psikologoak gaineratu duenez, burua gehiegi erabiltzen da, emozioen arreta gehiago jarri beharrean. “Arazo asko sortzen dira, gure burua ez dugulako ulertzen”, gaineratu du.
Hori guztia alde teorikoari dagokionez. Alde praktikoago bat izango du: azalduko du kudeatu gabeko emozioak subkontzientean geratzen direla. Zauri emozional horiek gainditzeko aholku batzuk emango ditu.
Adibide bezala, Belen Lardik bere kasuaren berri emango du. “Lur jota etorri zen, oso goibel, bizipoz gutxirekin, eta eman dituen hilabeteetan nola aldatu den azalduko du”, esan du, Oiartzabalek aipatutako teoriak praktika bat duela erakusteko asmoz.
