'Errenteria 1936-1945' liburuaren bigarren edizioko aleak bihar hasiko dira banatzen
Bigarren edizioa argitaratuta, bihar hasiko da banatzen udala Errenteria 1936-1945 Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan liburua.
Errenteria 1936-1945 Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan liburuak agortu egin ziren banaketa hasi eta bi egunera. herritarren artean piztu zuten interesa ikusita, hiru liburukien bigarren edizioa egitea erabaki zuen udalak; dagoeneko prest dira liburuak eta bihar bertan hasiko da udala banatzen.
Liburua jaso nahi dutenek Zu! Zure Udala Arreta Zerbitzura jo beharko dute astelehen, asteazken eta ostiraletan 07:30etik 15:00etara, eta astearte eta ostegunetan 07:30etik 20:00etara.
Udalbatzarrak hala erabakita, Aranzadi Zientzia Elkarteari ikerketa egitea eskatu zion udalak, 1936ko Espainiako Gerrako eta lehen frankismoko biktimei egia eskaintzeko tresna gisa. Amaia Rodriguez Oñatibia Aranzadiko historialariak egin du ikerketa, eta 750 orritan jaso ditu emaitzak.
Testigantzak izan dira ikerketa lanaren oinarria, eta horrekin batera artxibo desberdinak arakatu ditu ikerlariak. 1.891 izen eta horien guztien bibliografia labur bat jaso ditu egileak.
Ikertutako garaian 9.000 biztanleko herria zen Errenteria-Orereta. Horietatik 862 gudari eta miliziano joan ziren gerrara, eta 99 gerran hil ziren. Bando Frankistak Errenterian erreklutatutako gudularietatik 51 gerran hil ziren. Gainera, 274 errenteriar epaitu zituzten gerra kontseilu frankistetan; 20 heriotza zigor ezarri zituzten eta zortzi gauzatu ziren. Gerran judizioz kanpoko 29 fusilamendu izan ziren.
Frankisten bandoan 75 preso eta 11 fusilatu izan ziren.
Udaleko 22 langileri espedientea zabaldu zitzaien; guztira, 35 udal langile kaleratu zituzten. 154 haur atzerrian errefuxiatu eta eren familiengandik bereizi zituzten, hainbat kasutan urte luzez. Errenteriako biztanleen erdiak herritik atera behar izan zuen, eta ehunka preso egon ziren baldintza eskas eta penagarrietan langile batailoietan.