Lehen sektorea indartu nahi du EAJk lan aukera gisa
Lehen sektorea lan aukera bat izan daitekeela langabezian daudenentzat uste du EAJk, baita nekazaritza edo abeltzaintza ogibide egin nahi duten errenteriarrentzat ere, eta horri begirako proposamenak lantzeko, Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendari Nagusiarekin eta Arantza Ariztimuño Gipuzkoa Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendari Nagusiarekin bildu da.
Lehen sektorea lan aukera bat izan daitekeela langabezian daudenentzat uste du EAJk, baita nekazaritza edo abeltzaintza ogibide egin nahi duten errenteriarrentzat ere, eta horri begirako proposamenak lantzeko, Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendari Nagusiarekin eta Arantza Ariztimuño Gipuzkoa Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendari Nagusiarekin bildu da.
Lan aukera izateaz gain, bertako produktuak kontsumitzea jasangarriagoa eta osasungarriago dela dio Errenteriako EAJk eta Errenterian horien ekoizpena sustatu beharra dagoela uste du. Horri begira, hainbat proposamen jaso ditu udal hauteskundeetarako programaren barruan: “Belaunaldi erreleboa bermatzearekin batera, gure herriak galdutako potentziala berreskuratzea nahi dugu”. Proposamenen artean erabilerarik gabeko nekazaritza lur publiko nahiz pribatuen inbentarioa egitea jaso dutela azaldu du Maite Peñak alderdi jeltzalearen alkatetzarako hautagaiak, baita Etorlurrekin hitzarmen bat sinatzea ere, lur sailak nekazaritza bere ogibide bilakatu nahi dutenen eskura jartzeko, “Horretarako, jakina, formazioa eskaini beharko diegu eta Hazi eta Fraisororekin elkarlanean arituko gara”.
Lehen sektorea indartzeko, ordea, hori ez omen da nahikoa eta lehen sektorean ari diren edota aritu nahi dutenen lana erraztu beharra dagoela erantsi du Peñak, ” aholkularitza eta baliabide teknologikoak eskainiz, esaterako, foru aldundiarekin elkarlanean baserrietara eta ustiategietara zuntz optikoa eramanez”. Bertako produktuak sustatzea eta balioan jartzea ere beharrezkoa da EAJrentzat, “eta bere produktuak saltzeko baserritarrek instalazio duinak behar dituzte. Errenteria herri handia da, eta kontsumitzaile potentzial asko ditu, baina baserritarrek egun beren produktuak saltzeko duten aterpea ez da egokia eta gero eta gutxiago dira aukera hori baliatzen duten baserritarrak”. Horren harira, Xabier Olasdkoaga plaza estaltzea proposatu du Peñak, “baserritarrentzat egungo estalpetxoa baino leku duinagoa lortzeko. Gure herrian urtean zehar hamaika ekitaldi antolatzen dira eta Zumardian karpa jarri behar izaten da oso maiz”.
Xabier Olaskoaga plazan argia pasatzen uzten duen egitura arin batekin estaltzea proposatu du EAJk, “horrek bi arazoei emango lieke erantzuna, ekitaldiak antolatzeko urte osorako aterpea izango luke herriak, eta baserritarrentzat ere espazioa eta erosotasuna ekarriko luke”.
Amaitzeko Errenteria-Oreretako espazio naturalak balioan jartzea eta izan duen baserritar tradizioa aitortzea beharrezkoa ikusten du EAJk. “Errenteria baserritarren herria izan zen garai batean, Xenpelarren bertsoek diotenbezala eta gure merkatuak ere inguruko pertsona ugari ekarri ditu urteetan. Hori berreskuratzea, gure nortasuna berreskuratzea da”.