Segurtasun arloan duen proposamena aurkeztu du PSE-EEk
Segurtasunerako proposamen zehatza aurkeztu du PSE-EEk. Udal hauteskundeen barruan osatutako programaren barruan jaso dute proposamen hori, baina gaur aletu du Jose Angel Rodriguezek, PSE-EEren alkatetzarako hautagaiak, Goizane Alvarez eta Isaac Palentziak lagunduta.
Segurtasunerako proposamen zehatza aurkeztu du PSE-EEk. Udal hauteskundeen barruan osatutako programaren barruan jaso dute proposamen hori, baina gaur aletu du Jose Angel Rodriguezek, PSE-EEren alkatetzarako hautagaiak, Goizane Alvarez eta Isaac Palentziak lagunduta.
Segurtasunarena, errenteriarren “kezka nagusiena” dela esan du Rodriguezek, “kezka ugari dituzte, garbitasuna, mantenua, aparkalekuak… baina nagusia, une honetan segurtasun ezarena da. Gaiak erantzun eraginkorra eskatzen du eta Bilduk alde batera utzi du. Zehazki, alkatetzan bete dituen zortzi urtean, inoiz ez du segurtasun gaien gainean hitz egin udalbatzako gainontzeko alderdiekin, azken momentuan izan ez bada. Ez dakigu egoerak gaina hartu diolako heldu dion gaiari orain, edo hauteskundeak direlako”.
Udalak bultzatu duen polizia ereduarekin “kritikoa” izan dela beti alderdi sozialista erantsi du PSE-EEren alkategaiak, “beti azaldu dugu gure kezka abiatu diren politiken gainean”. Gaiari “arduraz eta serioski” erantzuteko lan handia egin dutela esan du eta adituekin, eragile, elkarte eta “Udaltzaingoan gehiengoa duen CCOO sindikatuarekin” elkarlanean aritu direla. Segurtasunaren arloaren kudeaketa hobetzeko proposamenak dituztela erantsi du, “lehenik eta behin, plangintza hobetu behar da, gaur egun ez da existitzen eta uste dugu ezinbestekoa dela Tokiko Segurtasun Plana, egoeraren azterketa egokia egin, helburu egingarriak markatu eta estrategia eta ekintza planak egiteko”.
Udaltzaingoaren komisariaren kokapenaz ere mintzatu da Rodriguez, eta nabarmendu du behin eta berriro errepikatzen den herritarren kexa dela komisaria urrun dagoela, “uste dugu zentzuzkoa dela kexu hori, oinarria baduela eta segurtasun politikak hobetu eta herritarrei zerbitzu hobea, hurbilagoa eta azkarragoa eskaintzeko beharrezkoa dela Udaltzaingoaren ordezkaritza sortzea Erdialdea-Iztieta eremuan”. Neurri horrek, hurbiltasuna bermatu eta ekiteko gaitasuna azkartuko dituela uste dute eta ez dituzte ateak itxi proposamen hori herriko beste auzoetara eramateko.
Polizia ereduan aldaketak ezinbestekotzat jo ditu, bestalde, “hurbileko polizia profesionalagoa eta formatuagoa izateko, modu prebentiboan ekingo duena. Prebentzioa ezinbestekoa da arlo honetan”. Ezinbestekoa ere PSE-EEren arabera, Udaltzaingoan dauden “bakanteak” betetzea, eta etorkizuneko beharren plangintza bat aurretik egitea, “ezin dugu onartu udaltzaingoan dauden sindikatuek salatu dutena berriz ere gertatzea, plantillaren %30a bete gabe izatea. Kopuru handia da herrian sortzen diren arazoei arrakastaz erantzun ahal izateko”.
Segurtasunean lan egiten duten erakunde eta instituzioen arteko koordinazioa da ezinbestekotzat jo duten beste neurrietako bat: “Polizia guztiak dira beharrezkoak herriak eta herritar guztiek dituzten beharrei erantzuteko. Denak esaten dugunean, denak esan nahi dugu, eta ez zaizkigu eraztunak galduko hala esateagatik, Ertzaintzak, Espainiako Poliziak, Guardia Zibilak eta Udaltzaingoak elkarlanean aritu behar dute”. Atal horretan, Errenteriako Ertzain Etxea %100ean izateko lan egingo dutela azaldu du Rodriguezek, “izan ere, gaur egun, Oarsoaldea osoari erantzuten dion Ertzain Etxean behar luketenak baino 40 agente gutxiago daude. Plaza guztiak beteta egotea eskatuko diogu Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailari, prest egon daitezen berehala ateratzeko komisariatik beharrezkoa denean”.
Herritarren segurtasun kontseilua hobetzea, eta elkarbizitza sustatuko duen hiritar ordenantza onartzea ere txertatu ditu programan alderdi sozialistak. “Horiekin guztiekin segurtasuna dezente hobetu dezakegula herrian sinistuta gaude, eta aldi berean, herritarrek duten segurtasun eza sentsazioa gutxitzea; betiere, ahaztu gabe, ez dela segurtasun eza zero existitzen”.