Antxon, Munichen adina edo gehiago
Pasai Antxon VIII. Antxoberfest ospatzen ari da atzotik. Herritar asko ari dira auzolanean garagardozale mokofinenak asetzeko, nahiz festa giroa piztu eta bisitariek ongi pasatu dezatela bermatzeko.
Duela zortzi urte sortu zen eta konturatzerako garagardozale askoren ezinbesteko topagune bihurtu da. Antxoberfest ospatzen ari dira Pasai Antxon atzo iluntzeaz geroztik, eta gaurko eta biharko, egitarau oso erakargarri bat dago eskaintzan garagardo azokaren bueltan.
Urtero legez, kalitatezko garagardo asko, horiek laguntzeko saltxitxa, ukondo eta bestelako jaki tipikoak, eta jana eta edana girotzeko, animazioa, musika, eta ikuskizun ugari.
Antxoberfesteko antolatzaileen taldeko kide Marcos Novok eman du guztien berri. Azaldu duenez, aurten hamabi iturri jarriko dituzte, sei kanpoko garagardoentzat eta beste sei, hemengo garagardoentzat, Euskal Herrian bertan ekoitzitakoak «artisauak denak».
Gustu guztiak asetzea izaten da garagardoak hautatzean beren asmoa: «Zaporeen oreka bilatzen dugu. Garagardo mota piloa dago eta oso desberdinak dira, jendearen gustuak ere hala direlako, eta saiatzen gara denak hain gogorrak ez izaten, ezta guztiak suabeak ere».
Hamabi iturri horietatik bat «birakaria» izango da, hau da, garagardo desberdinak txandaka zerbitzatzeko prestatua. Iaz Naparbier-ena izan zen, eta aurten Hernaniko Basqueland Brewing Project-ena izango dela aurreratu du Novok. «Iturri horretan sei kupel desberdin izango dira. Bat bukatzerakoan beste bat jarriko dugu, baina desberdina. Horregatik guztira hemezortzi garagardo izango ditugu dastatzeko».
Iturri birakari horretan, Novok bereziki gomendatuko lukeen garagardo bat dago: «Nire proposamena da Churros con chocolate dastatzea. Garagardo beltz bat da, ez oso indartsua, baina txurro zapore ñabardura txiki batekin. Oso ona dago, desberdina da». Novok iragarri duenez, birakarian pintxatuko dute, «ziurrenik larunbata arratsalde-gauean, laugarren kupela izango delako».
Herritarrak herriarentzat
Halako eskaintzarekin ez da kasualitatea Antxoberfestek garagardozaleak erakartzeko lortu duen gaitasuna: «Guk eskaintzen ditugun moduko garagardoak, iturrian, ziurrenik, inguruan inon ez dituzu topatuko. Oso-oso garagardo bereziak dira. Ez dira merkeak, eta lortu dugu jendeak ulertzea, baina, hala ere, saiatzen gara orekatuak izaten».
Arrakastaz jabetuta, «oso pozik» daude antolatzaileak azokak duen harrerarekin —batez beste 800 litro garagardo saldu ohi dituzte azoka bitartean—, eta era berean, «oso eskertuta», batez ere, azoka aurrera eramaten herritar piloa aritzen delako lanean.
Hemezortzi garagardo oso berezi dastatzeko aukera dago hamabi iturritan
Kopuru zehatza jakin gabe ere, Novok uste du, aurten 150 boluntario inguru ariko direla Gure Zumardiko karpan lanean, eta guzti-guztiei eskerrak helarazi nahi dizkie, egun hauetan ariko direnei zein aurretik luze dabiltzanei: «Kontuan hartu behar da lana ez dela bakarrik hiru egunetakoa. Batzuk daramagu lau hilabete honetan, eta badago jende asko hiru egun hauetan egongo ez dena, baina lan piloa aurrez egina duena».
Herriaren parte hartze zabal hori nabarmendu nahi izan du: «Guretzat azoka honek duen gauzarik garrantzitsuena hori da: Antxoberfest Antxoko jendearekin egina dago, eta Antxoko jendearentzat».
Horregatik, azoka bitartean jada klasikoa da baita ere biharko herri bazkaria: «Plana da paella bat egitea 250 lagunentzako. Hala ere, jendeak nahiago badu, ukondoak eta saltxitxak jateko aukera izango da, sukaldea irekita egongo delako».
Paella jaterako txartelak Mimos, Kamio, Leunda, Dani eta Rome tabernetan daude salgai, haurren txartela 3 euroan eta 6 euroan helduena.
Brigadari omenaldia
Kofrade bat izaten du urtero Antxoberfestek, omendu bat, eta aurten aitortza kolektiboa izango da: udaletxeko Zerbitzuetako brigadako langileentzat. «Normalean erotu egiten ditugu urtero, behar dugun guztia haiei eskatzen, hau dela, bestea dela, hemen jarri, lekuz mugitu… eta zor genien omenaldia». Bihar 20:00etan izango da, Gure Zumardiko karpako oholtzan, Garagardo Azokako ekitaldi instituzionalean.
Antxotarrek antolatuta, lanera 150 lagun inguru bilduko dira hiru egunetan
Baina dena, noski, ez da hain serioa izango. Omenaldiaren aurretik eta ondotik, musika izango da, eta gaur gauean, rock kontzertua, Nonguayaz, Dinbidanba eta Pangea taldeekin. Horiez gain, bihar, American Crazy Cars-ekoen auto klasiko eta Harley motorren erakustaldia eta trumoikada, Iñaki Lasagabaster Lasaga-ren parkour erakustaldia, Leire Project-en kontzertua, eta festa bukaerarako Elektrotxufla eta DJ Gantxegi anaien musika dantzagarria.
Berritasunengatik galdetuta, bi ekitaldi nabarmendu ditu Novok: Iñaki Lasagabasterren parkour erakustaldi «ikusgarria», eta Leire Project-en kontzertua.
Egitaraua
Ostirala
- 20:00: Irekiera
- 20:15: Nonguayaz
- 23:00: Dinbi danba
- 00:30: Pangea.
- 04:00: Itxiera.
Larunbata
- 12:00: Irekiera
- 13:00: American Crazy Cars eta motoen aurkezpena
- 14:30: Herri bazkaria
- 17:15: Parkour erakustaldia, Iñaki Lasagabasterren eskutik, Biteri Plazan.
- 18:00: Trumoikada, Nafarroa etorbidean.
- 19:15: Leire Project zumardiko karpan
- 20:00: Kofradeen aurkezpena (brigadako langileak).
- 20:30: Elektrotxufla.
- 24:00: DJ Gantxegi anaiak.
