Udal politikan eragiteko prest
Arrazoi ezberdinengatik aurkeztu dute euren burua udal hauteskundeetarako zerrendetan. Gazteek bizitza politikoan parte hartzen ez duten topikoa hankaz gora jarri dute.
Gazteak dira Olaia Matxain Galfarsoro, Iñaki Ruiz Alonso, Xabi Sanchez Agirregomezkorta eta Ander Oiarbide Ruiz de Azua, baina horretaz gain, badute komunean beste zerbait, laurak aurkeztu dira udal hauteskundeetarako hautagai zerrendetan Errenteria-Oreretan. EH Bilduren zerrendan doa Matxain, PSE-EErenean Ruiz, Elkarrekin Podemosenean Sanchez eta EAJrenean Oiarbide. PPk ere aurkeztu du hautagaitza,baina uko egin dio erreportajean parte hartzeari.
Gazteen errealitateaz, alderdi bakoitzak gazteei begira dituen erronka eta proposamen nagusiez, eta maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan hautetsontziak boto gazteekin betetzearen garrantziaz mintzo dira laurak. Mahaiaren bueltan, elkarren ondoan eserita hitz egin dute beren esperientziaz, eta hankaz gora jarri dute gazteen inplikazioa politikan, gizarte gaietan, egunerokoan urria dela, gazteek interesik ez dutela, ezta konpromisorik ere dioen topikoa. Gazteen inplikazioa dagoen zalantzarik ez du Ruizek, «jende gaztea inplikatzen da, agian guztiok nahiago genuke jende gehiago inplikatzea, hori beste kontu bat da. Prozesu politiko askotan hartzen dute parte, ikasle mugimenduan une honetan horren adibide den ingurumenaren aldeko mugimendu handia ikusten ari gara ostiralero. Gazteak politikara hurbiltzen ari direla nabarmena da».
Indibidualizazio prozesuaz mintzatu da Matxain, «oso agerikoa da eta gazteak ere kolpatzen gaitu. Halere, uste dut gu laurak adierazle garela, gazteok bagarela, aktibo bat garela, eta ez bakarrik instituzio edo alderdi politiko ezberdinen zerrendetan parte hartzeko. Izan ere, egunerokoan aktibo gaude, gaztetxearen bueltan, beste eragile sozial desberdinetan ere ari gara, eta eguneroko borroka egiten dugu esparru ugaritan».
Normalean instituzioetan egiten dena hartzen dela politikaren sinonimotzat esan du Sanchezek, eta kexu azaldu, «ez da hala, gaztetxean, Oarso taldean, mugimendu feministan… jende gazte pila mugitzen da. Azkenean gazte pila dago lanean alderdi politiko, sindikatu, edo gizarte mugimenduen inguruan».
Arrazoi ezberdinak
Ideia horretan sakondu du Oiarbidek, eta politika egunerokoan dagoela gaineratu du, «feminismoan, kulturan, eta bestelakoetan oso herri indartsua izan da, eta da, gurea. Topikoa da gazteak ez direla mugitzen. Nik lehen eskutik ikusi dut alderdian gazteria asko mugitzen dela».
Alderdi baten hautagai zerrendan joatea onartzera zerk eraman dituen galdetuta, batek berak ere ez du zalantzarik egindako urratsaren gainean. Gazte, ikasle eta emakume gisa zapaldua den neurrian, hiru arlo horiei erantzuteko alternatiba aproposa iruditu zitzaion Matxaini EH Bildu, «azken urteetan, batez ere azken zortzi urte hauetan argi gelditu da EH Bildu badela zapalkuntza mota horiei erantzuteko alternatiba, proiektuak eta bide lerroak eraiki ditu horri erantzuteko».
«Gazte bozka eta kontzientzia ezinbestekoak dira politika iraultzeko»
Olaia Matxain EH Bildu
Sanchezek dio oso gazte hasi zela militantzia politikoan, «hautagai zerrendan joatea beste espazioa bat da. Instituzioek ez digute bizitza konponduko, baina zer edo zer egin daiteke bertatik, eta egunerokoan hartzen dituzun erabakien emaitza da».
Tradizio jeltzalea dago Oiarbideren familian, baina Errenterian bizituta ez ziola horrek lehen eskutik ukitzen aitortu du, «Errenteriatik atera nintzenean, Bilbora joateko ikastera, beste errealitate bat topatu nuen, jende gazte eta oso mugitua zegoen EAJren inguruan eta inertziaz sartzen hasi nintzen. Orain zerrendan, nire herrian, nire izena jartzeko aukera eskaini didate eta aukera ona iruditu zitzaidan herri honetan gaztedi jeltzalea badagoela erakusteko».
Ibilbide luzea du Ruizek PSE-EEren barruan, «hamar urte dira izena eman nuenetik alderdi sozialistan. Iztieta auzoan hazi naiz, eta izugarri eragin zidan udaletik gure herria nola eraldatzen joan diren ikustea. Tristeki, biolentzia gertaera asko izan dira Errenterian politikoen aurka. Aste honetan bertan, hamar urte bete dira Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzara heldu zela, eta bi faktore horiek erabakigarriak izan ziren PSE-EEn lanean hasteko. Gaur egun oso pozik nago hartutako erabakiarekin».
Erronka nagusiak
Gazteei begira alderdi bakoitzak dituen erronka nagusiak aletu dituzte lau gazteek. Errenteria Elkarrekin Podemosek dituen proposamenen artean, enplegua sustatzeko hartu nahi dituzten neurriak nabarmendu ditu Sanchezek, «gaur egun gurean ez da ez industriarik, ez lanerako aukerarik; zerbitzuetan oinarritutako ekonomia bat dugu». Horren aurrean, sindikatuekin, gazte mugimenduekin eta beste gizarte agenteekin batera prekarietatearen behatokia sortu nahi dute, «gazteok oso sindikazio maila baxua daukagu, sindikatu handiek ere ez dute beren estruktura gure beharretara egokitua. Prekarietateari aurre egiteko, gure lan baldintzen alde borrokatzeko, gure eskubideak eskatzeko, udaletik ekintzak egin daitezke eta hori da gure erronka nagusia». Prekarietateak bizitza baldintzatzen duen zalantzarik ez du Sanchezek, «etxebizitzarako sarbidea erraztu behar dugu, eta proiektu komunitarioak landu nahi ditugu, hezkuntzaren arloan ere eragin nahi dugu ikasleen baldintza materialak edo zerbitzuetarako sarbideak errazteko».
«Bozkatu behar dugu prozesu politiko guztiak direlako garrantzitsuak»
Iñaki Ruiz PSE-EE
Alderdi sozialistak aurrekontuaren barruan agintaldi honetan etxebizitzaren alokairuan laguntzeko diru zatia adostea lortu duela nabarmendu du Ruizek, «udal aurrekontuetan enpleguaren sustapenerako diru zatia bideratuko dugu urtero, bestalde». PSE-EEk gazteei begira dituen erronka nagusien artean, indarkeria matxistari aurre egiteko aplikazioa martxan jartzeko proiektua aipatu du, «zoritxarrez beharrezkoa da». Beste instituzioekin elkarlanean aritzea «ezinbestekoa» dela inbertsioak lortzeko erantsi du Ruizek, eta horretan jarraitzeko konpromisoa berretsi du.
Enplegua sustatzea da gazteei begira EAJren proposamen nagusia: «Lehenengo sektorean, atzean gelditu da Errenteria errelebu faltagatik, eta horretan lan egin nahi duten gazteak laguntzea da helburua. Bigarren sektorean, industria bultzatu behar da: ikerketan, garapenean eta berrikuntzan inbertitu behar da, eta ez dugu ahaztu behar Tknika eta Don Bosco ikastetxeak ditugula Errenterian eta erreferente direla Gipuzkoan. Bi horiekin elkarlanean gazteak prestatzeko aurrera urratsa egin behar da, eta horrekin batera, enpresak Errenteriara ekartzen saiatu». Hirugarren sektoreari begira, turismoa sustatu behar dela dio, «batez ere datorren urtean Errenteriaren 700. urteurrena izango delako. Enplegua sortzeko aukera egokia iruditzen zaigu, Errenteriari ikusgarritasuna emateko, gaztedia herri nortasunean hezi eta horren barruan lana eskaintzeko».
«Instituzioetan izan behar du gure ahotsak; baita herrigintzan ere»
Xabi Sanchez Elkarrekin Podemos
Aisia da beste erronka. Kirol instalazioen errebisioa beharrezkoa dela uste dute, «Fanderiako padel pista estaltzea da proposamenetako bat». Azkenik, udala gazteengandik hurbil izan behar dela esan du EAJren ordezkariak, «Zu Zure Udala zerbitzua martxan jarri den moduan, bertako tramiteak edo eskumen publikokoak diren zerbitzuak telematikoki edo mugikorretik erreserbatzeko aukera eskaini nahi dugu».
Emantzipazioa eta lana
EH Bildu udalera heldu zenetik, 2011n, eta batez ere azken agintaldian gazte plana marraztu duela eta gazteekin elkarlanean egin duela nabarmendu du Matxainek, «ez da logika partidista batetik ateratako zer edo zer, gazteak eta gure nahi eta beharrak erdian jarrita sortutako prozesu parte hartzailea izan da. Lau urte iraun ditu eta bere fruituak eman ditu». Parte hartze prozesuan gazteen behar eta kezka nagusiak antzeman dituzte, eta emantzipazio prozesurako irtenbideak ematea izan dela kezka nagusietako bat nabarmendu du Matxainek, «etxebizitzaren problematika asetzea eta bestetik, enpleguaren arloan tresna batzuk martxan jartzea da erronka. Emantzipazioaren arloan nabarmendu nahiko nuke aitzindari dela Orereta Euskal Herrian, Etxebizitza Komunitarioaren proiektuarekin. Gazte guztion artean marraztu dugu, behetik, eta gazteok sortutako proiektu bat izan da. Horretan sakonduko dugu, etxebizitza proiektu hau osatzen joan behar dugu, ez zaigulako iruditzen irtenbide erreala laguntza koiunturalak ematea gazteei, behin- behineko diru zati batzuk ezartzea. Ezinbestekoa da integralagoa den proiektua eraikitzea, eta horretan ari gara. Etxebizitza komunitarioak horri erantzun nahi dio, integraltasun bati, eta bizimodua ulertzeko eta bizitzeko beste era bati».
Enpleguaren inguruan ere mintzatu da Matxain. Torrekuari egin dio erreferentzia: «22 enpresa ari dira bertan eta gazte ekintzaileak biltzen dira ekonomia sozial eta eraldatzailearen logikaren barruan lan egiteko. Proiektua handitzen ari den neurrian, beste gune bat proposatu dugu Agustinak auzoan. Horrekin batera politika sozialak sustatuko ditugu, koiunturalak izango ez diren soluzioak jartzeko mahai gainean».
Parte hartzeko deia
Gazteak hauteslekutara deitu dituzte, bozka ematera, aktibatzera. Demokrazian parte hartzeko eta erabakietan benetan eragiteko modua dela bozka ematea uste du Oiarbidek, «gazteriak bereziki bozkatu behar du, historikoki kolektibo oso mugitua izan delako, baita oso kritikoa ere. Bi faktore horiek bere isla izan behar dute hauteskundeetan, presioa eragin behar diegu alderdiei».
«Demokrazian parte hartzeko, eragiteko, bozkatu behar dugu gazteok»
Ander Oiarbide EAJ
Apirileko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara atzerako begirada egin du Matxainek. Apoderatu gisa aritu zen, eta lehen aldiz bozkatzera gazte ugari joan zirela nabarmendu du, «gazteak ere oso kontziente dira botoaren garrantziaz, eta aurreko hauteskundeetan agerian gelditu zen. Gazteak zapalduak gaude, helduen boterea eta helduen perspektibatik ikusten direnean gauzak ezberdin ikusten dira, gazte mailan gazte bozka eta kontzientzia hori ezinbestekoa da politika sozialak zein gainontzekoak iraultzeko».
Parte hartzera deitu ditu gazteak Sanchezek, eta gogoratu hauteskundeen ondoren bizitzak jarraitzen duela, «kanpainan alderdiok agindutako neurriak betearazteko eta gazteen perspektiba ikus dadin bozkatu egin behar dugu. Bozkatu behar dugu, baina egon behar dugu ere auzo elkarteetan, herri mugimenduetan, pentsiodunen mugimenduetan. Gure ahotsa instituzioetan entzun dadin bozkatu egin behar dugu, baina baita herrigintzan aritu ere».
Matxainek aipatutako ideia bera nabarmendu du Ruizek, apirileko hauteskundeetan gazte asko joan zirela bozkatzera, alegia. «Jende gazte asko konturatu da hauteskundeen garrantziaz. Parte hartzera deitu nahi ditut, prozesu politiko guztiak garrantzitsuak direlako eta bere fruituak ematen dituztelako. Nahi dutena bozkatzea, baina parte har dezatela».
Emaitza onak aurreikusi dituzte lau alderdietako gazteek
Apirileko hauteskundeen emaitzak hartu dituzte erreferentetzat. Aurkeztutako zerrendak eta programak, eta egindako lana dela bermea diote
Udal hauteskundeetan alderdiek izango dituzten emaitzez, espero dutenaz ere hitz egin dute laurek. Guztiek nahi dute irabazi, eta laurek uste dute emaitza onak lortuko dituztela euren alderdiek.
Zortzi urte daramatza EH Bilduk alkatetzan eta lana «ondo egin» eta proiektu ugari abiatu dituztela nabarmendu du Matxainek: «Aurten aldaketa eman da hautagai berria dugulako; irabaziz gero, lehenengoz, emakumezko alkatea izango dugu Errenteria-Oreretan. Zerrenda bera, eta herri programa, izugarri indartsuak direla uste dut, 50 proiektutik gora ditugu mahai gainean, zerrenda oso feminista da —lehenengo hirurak emakumeak dira—, eta alkategaia mugimendu feministan oso aditua eta aritua den pertsona da. Guzti horrek balio feministak ematen dizkio programari eta EH Bilduri. Irabazteko aukerak ditugu, noski».
Espainiako Gorteetarako hauteskundeek «pistak» eman dizkietela dio Matxainek, «bozkak igo ditugu eta aurrekoetatik emaitzak handitu dira, parte hartzea ere handitu delako. Zerrenda eta programa landu eta indartsua ditugu, eta orain arte egindako lan handiaren bermea dugu».
Bigarren indarra izan zen 2011ko eta 2015eko udal hauteskundeetan PSE-EE; alkatetzaren bila doaz haiek ere, «lortuko dugula uste dut. Apirileko hauteskundeetan alderdirik bozkatuena izan gara, lau urte hauetan egin dugun lana ere hor dago, eta ziur gaude irabaziko dugula. Udal politiketan aldaketa eskatzen ari da jendea, eta alderdi garailea izango garela uste dugu, aldaketa eskaera horri erantzungo diogulako. 28 urtez izan gara alkatetzan, esperientzia dugu, eta hori eskaintzen diogu biztanleriari».
Errenteria Elkarrekin Podemosek ere emaitza onak espero ditu, «egia da hauteskunde orokorretan eta udal hauteskundeetan ez dela berdin bozkatzen, baina apirilean izandako emaitzek sentsazio onak ematen dizkigute. Beherakada izango genuela aurreikusia genuen, baina ez da hainbesterako izan, eta PSE-EEk gorakada izango zuen baina ez da hainbesterako izan, Espainian lortu diren emaitzak kontuan hartuta». Gainera, zortzi urteko lana dutela atzean dio Sanchezek: «Irabaziko dugun edo ez, ez dakit, baina emaitza politak ateratzeko egoera dugula ikusten dugu. Hortik aurrera guk irabazi, bigarren, hirugarren edo laugarren izan, oraingoan ere ezkerreko indar eta aurrerakoiei udal gobernua osatzeko proposamena luzatuko diegu. Ikusi beharko da nor den ezkertiarra, nor den aurrerakoia».
Akordioetara zabalik
Hautesleei dagokienen bere herri «potenteenetako» batean ez daudela argi du Oiarbidek, «baina alkatetza baldintzatzeko moduan egon gaitezke. Apirilean emaitza onak izan ditugu, eta uste dut egun ditugun hiru zinegotziak mantenduko ditugula, eta agian eragiteko gai izango garela alkatetzan. Herritarren erantzunarekin kontent gaude, zerrendaburua gizarte politiketako foru diputatua izatea luxua da, eta zerrenda, ilusionantea da gainera. Emaitza politak izan ditzakegu. Historikoki ez dugu alderdian negoziaziorako aterik itxi, eta negoziaziorako prest izango gara hauteskundeak amaituta».