Donibaneko saneamenduren harira batzarra antolatu du Eguzkik
Talde ekologistaren arabera "bizilagunen presioa" ezinbestekoa da
Aspaldiko aldarrikapena da, eta lanak egingo direla behin baino gehiagotan iragarri den arren, gaur gaurkoz agindutakoa zor. Donibaneko saneamendu sarea eraikitzeko dago oraindik, eta ondorioz, bertako etxeetako ur zikinak badiara isurtzen dira zuzen-zuzenean.
Eguzki talde ekologista ez ezik, asko dira aldarrikapena honen bueltan bildu izan dira eragileak, azkenekoz, talde ekologistak gogoratu duenez, 2017ko azaroan, Pasaiako udaletxeko pleno aretoan, gai honi konponbidea eman ziezaioten eskatzeko aurkeztutako mozioa defendatzera.
Bonanza Auzo Elkartea, Bixi-Bixi, Itsas-Gela, Koxtape Itsas Mendi, Lintxua Dantza Elkartea, Aiton eta Amonen Elkartea, Albaola, Ixkiro, eta Eguzki izan ziren mozioaren bultzatzaileak, eta guztiak orduan jazotakoekin desengainatuta daudela dio Eguzkik: “Beste behin, trikimailuak erabili zituzten gure aldarrikapenak beren gain ez hartzeko, baina aldi berean saneamenduaren arazoa eta bizilagunen osasuna inporta zaiela itxura egiteko”.
Eguzkiren ustez, baina, “denborak bakoitza bere tokian jartzen du”, eta urte eta erdi igaro denean, “beste behin frogatu da Donibaneko saneamenduak ez duela lehentasunik beraien agendatan”.
Eguzkik uste du “bizilagunen presioa” ezinbestekoa dela gai honi irtenbidea eman diezaioten lortzeko, eta presio hori antolatu eta egituratzeko asmoz herri batzarrera deitu ditu bizilagunak, asteazkenerako, 19:00etan, Donibaneko Ubera bibliotekako komunikazio gelan “egoera aztertu eta zein neurri edo ekimen martxan jarri erabakitzeko”.