Lezoarrak izan dira onenak
Inge Olaizola eta Ane Jaunarena gailendu dira Gazteen Mailako I. Aurresku Txapelketan.
Gazteen Mailako I. Aurresku Txapelketa jokatu da asteburuan Errenteriako Niessen kulturgunean, eta nabarmentzekoa da, gailendu diren bi dantzariak lezoarrak direla.
A Mailan, Inge Olaizola izan da txapelduna eta B Mailan, berriz, Ane Jaunarena. A Mailako dantzariek, 2009-2011 urte artean jaiotako neska-mutilek, Txakolin eta Agurra interpretatu zituzten eta B Mailakoek, 2006-2008 urte artekoek, Erribera eta Hunboldt zortzikoa.
Aipatzeko, baita ere, lehen aldiz historian elkarrekin eta baldintza berberetan lehiatu direla neska eta mutilak Gipuzkoar erako aurresku txapelketan.
Epaimahaian, Errenterian, Jose Luis Vallejo, Nagore Indakoetxea eta Xabier Mendizabal aritu dira. Txistulariak berriz, Donibaneko Itsas Mendi Txistulari taldeko kideak.
Aurresku Txapelketak Legazpin du hurrengo geltokia. Han lehiatuko da hilaren 18an, larunbata, 16:30etik aurrera txapelketako D txanda, 2004-2005 urte artean jaiotako neska-mutilena.