Aniztasuna aberastasuna delako
Kultur aniztasuna ospatuko du Errenteriak 'Errenteria 11 Kolore' egitasmoaren bitartez
Maiatzaren 21ean ospatuko da da Kultura Aniztasunaren Nazioarteko Eguna, eta Errenteriak duela lau urtetik hona, urtero ospatzen dute data, Errenteria 11 Kolore egitasmoaren bitartez. Gaur goizean aurkeztu dute aurtengo egitaraua, zumardian, Burubeltz -iniziatibaren ikur den buruhandia- eta egitasmoaren partaide diren eragile askotako ordezkariak bertan zirela.
Ostegunean hasiko dira ospakizunari lotutako jarduerak, eta igarri egingo da, izan ere herriko taberna askotan, beren ohiko pintxoez gain “munduko pintxo” bana eskainiko baitute etzitik hasi eta hilaren 21era bitartean. Guztira, hemeretzi taberna eta bakoitzean, herrialde zehatz batekin lotutako mokadu bana (behean, egitarauaren estekan klikatuz ikus daitezke denak).
Pintxoak laguntzeko, parte hartuko duten tabernetan argazki erakusketak izango dira Errenteriako Udalak Gobernuz Kanpoko Erakundeei emandako diru laguntzen bidez laguntzen dituen proiektuen argazki eta informazioarekin.
Kultur Aniztasunaren Egunean sormena nagusi
Hilaren 21ean, Kultur Aniztasunaren Nazioarteko egunean, sormen lanak izango dira nagusi. Hala, 18:00etan, DBHko ikastetxeetako ikasleek Errenteriatik Pasaiara doan bidean Errenterian bizi naiz eta kanpaina landu bitartean egin duten murala inauguratuko dute.
Horrez gain, udaletxeko balkoian, ludoteketako eta gaztelekuetako haurrek sortutako margolana zintzilikatuko dute, eta azkenik, helduen ikastetxean, mural bat margotuko dute ikasleek, beren zentroan bizi duten kultura aniztasuna ospatzeko.