Esklaboen barrakoietara bisita gidatua egingo dute
Oarsoaldeko Turismo Bulegoak antolatutako bisita gidatuan izena emateko epea zabalik dago, aurrez egin behar da erreserba.
Lezoko Iparragirre eremuan dauden frankismoaren esklaboen barrakoietara bisita gidatua antolatu du Oarsoaldeko Turismo Bulegoak. Hilaren 18an da barrakoiek atzean duten historia ezagutzeko irteera, 10:00etan Lezoko Gurutze Santuaren plazatik abiatuta. Bi orduko iraupena izango du. Parte hartzeko interesa dutenek aldez aurretik erreserba egin behar dute, 943 49 45 21 telefono zenbakira deituz, edo turismo bulegoaren posta elektronikora idatziz
1939tik 1946ra izan ziren barrakoi horiek erabiltzen frankismoak lanera behartu zituen pertsonak, trabajadoriak bezala ere ezagunak. Esklabotza egoeran, herri lanak egin zituzten 1936ko Gerran preso hartutakoek, edo era batera edo bestera Francoren erregimenaren kontra egiteagatik atxilotu zituztenek. Lezon, adibidez, egun GI-3440 izenaz ezagutzen den errepidea egin zuten frankismoaren esklabo horiek, hau da, Jaizkibelgo errepidea haiek egin zuten, bizi baldintza oso gogorretan.
Trabajadoreek jasandakoa eta oro har Lezoko memoria historikoa berreskuratzeko eta gizarteratzeko sortu zen Etxetxo taldeak 2016tik gaiaren gaineko lanketa egin du, eta taldeari esker ezagutu ahal izango da Francoren erregimenak utzitako arrasto ilun hori.