Iñude eta artzainen desfileak zabalduko du Musikaz Blai igandean
San Joan bezpera bitartean musikari lotutako hamaika jarduera izango dira Trintxerpen.
Ikasturtea bukatzear da eta urtero legez, uda iritsi aurretik Musikaz Blai ospatzen dute Trintxerpen, Pasai Musikal musika eskolak antolatuta, eta herriko eta inguruko beste kultur eragile askorekin elkarlanean.
Ostiralean iluntzean iragarriko dute egitarau osoa, baina antolatzaileek aurreratu nahi izan dute jaialdia igandean abiatuko dela iñude eta artzainen konpartsarekin.
Azken entsegua, orokorra, bihar dute dantzari, danborradako partaide eta musika bandako kideek, 20:30ean, Serafin Esnaola plazan.
Igandean eguerdiko 12:00etan irtengo dira desfilean, eta ibilbidea ondorengoa izango da: Euskadi Etorbidea, Azkuenetik gora igo, Gudarien enparantzaraino jaitsi eta Serafin Esnaola plazan bukatu.
Plaza berean, 15:00etatik aurrera, herri bazkaria izango da. txartelak 13 euroan, eta menuan, patatak errioxar eran, saiheskia, gazta flana eta izozkia gehi edariak, eta bazkal ostea girotzeko, nola ez, dantzaldia.