Lezoko EAJ: "Gure jarduna gobernu onean oinarrituko dugu"
Lezoko EAJ, hauteskunde programan jasotakoak herritarrei jakinarazten ari da. Udala herritarrei hurbilduko diela agindu dute, gobernu onean oinarrituz.
Lezoko EAJk hauteskunde programan jaso duen beste alor baten berri eman du, gobernu onarena. Agintaldi berrian herritarren zerbitzura lanean jarraituko dutela adierazi dute jeltzaleek, “gure jarduna gobernu onean oinarrituko dugu, orain arte bezala, baliabideak modu eraginkor eta zorrotzean kudeatzeko eta herriarentzat garrantzitsuak diren proiektuak aurrera eramateko”.
Azken urteetan gobernatzeko “beste eredu bat” abian jarri dutela adierazi du Jesus Mari Martiarena egungo alkate eta EAJren alkategaiak, “inposaketa eredua atzean utzi eta gauzak egiteko eta kudeatzeko eredu berria txertatuz udalean”. Herritarren eskari eta beharrei erantzuten jakin dutela adierazi dute EAJko kideek, “Lezorentzat garrantzitsuak diren proiektuak gauzatu ditugu. Lezok aurrera egin du azken lau urteetan, hobera egin du”.
Gainerako erakundeekin elkarlanean aritzeko prestutasuna berretsi du Martiarenak, “konfrontazioa atzean utziz, aurrera egiteko eta proiektu berriak garatzeko elkarlana ezinbestekoa dela uste dugulako. Hori da Lezok behar duena”. Kudeaketan sakonduz, EAJk nabarmendu du Lezoko Udalak egun 2,5 milioi euroko soberakina duela, eta egitasmo berrietara bideratuko duela, “inbertsioak egiteko Arraitokin, Altamira auzoan, edo Formazio eta Laneratze zentro berria abiarazteko…”.
Gertutasuna, gardentasuna, zintzotasuna eta partaidetzari bide ematea agindu dute Martiarena buru duen hautagaitzakoek, eta herrigintzan dituzten asmoak gogorarazi dituzte: “Lezo hobe bat eraiki nahi dugu proiektu berrien bitartez, aukera berriak sortzeko enplegu alorrean, baina baita alokairuari, aisiari, kirolari eta kulturari dagokionean ere”.
Herritarrek udalarekin duten harremanean urratsak egin direla gaineratu dute jeltzaleek, adibidez, udal webgunea berrituz, “horrek aukera emango die lezoarrei geroz eta tramite gehiago online edo telematikoki egiteko”. Gainera, bukatzear den agintaldian hainbat partaidetza prozesu egin direla zehaztu du EAJk, herritarrek zenbait gairen gainean euren iritzia eman zezaten, “prozesu berriak garatuko ditugu eta partaidetza digitala eta komunikazioa sustatzeko bide berriak aztertuko ditugu herritarren proposamenak jaso eta udal jarduna herritarrei gerturatzeko”.