Bakoitza bere erritmoan arituko da hirugarrenez, Familia Lasterketan
Bakoitza bere erritmoan, adin mugarik gabe, eta batez ere, familian kirola egitea, horiek lasterketan parte hartzeko baldintzak. Gaur aurkeztu dute hirugarren ekinaldia Cristina Jareño ikastetxearen zuzendariak eta Jexux Orbegozo Kirol koordinatzailea eta irakasleak, eta Jon Txasko Kirol zinegotziak.
Jarduera fisikoa eta osasuna eskutik helduta doazen zalantzarik ez dute, eta horri begira, hirugarrenez, Familia Lasterketa antolatu du Egiluze ikastetxeak. Bakoitza bere erritmoan, adin mugarik gabe, eta batez ere, familian kirola egitea, horiek lasterketan parte hartzeko baldintzak. Gaur aurkeztu dute hirugarren ekinaldia Cristina Jareño ikastetxearen zuzendariak eta Jexux Orbegozo Kirol koordinatzailea eta irakasleak, eta Jon Txasko Kirol zinegotziak.
3 kilometroko proba eta laua, inolako aldaparik gabe eta ibilbidea bakoitzak nahi duen erritmoan egiteko modukoa, tarteka oinez ere antolatzaileek zehaztu dutenez. Hilaren 25ean egingo dute 17:30ean Xabier Olaskoaga plazatik abiatuta. Erronka ez zela erraza izango pentsatu zuten lehen urtean, baina hirugarren ekinaldian dagoeneko 500 lagunetik gora eman dute izena. Zabalik da hala ere, oraindik izena emateko aukera, ostiralera arte zehazki, Orbegozok azaldu duenez: “3 euro balio du eta ostirala izango da izena emateko azken eguna. hala ere, bateren batek egunean bertan izena eman nahi badu izango du horretarako aukera”.
Pozik erantzunarekin, aurten ere giro paregabea sortuko dela lasterketaren bueltan uste dute antolatzaileek: “16:30ean geldituko gara, izan ere iaz bezala, aurten ere batukadak alaituko ditu erdialdeko kaleak, Talka Perkusio Taldearen eskutik”. Lasterketa gehiago girotzeko, fantasia eta margoketa tailerra egingo dituzte, gainera, DBH 4. mailako ikasleek.
Lasterketari dagokionean, Xabier Olaskoaga plazatik abiatuta, Koldo Mitxelena plazara, Maria Lezo, Madalena kalea, Herriko plaza, eta Santa Klara kalea pasata, Fanderiako bidegorrian sartuko da eta bigarren zubia igarota Zubia taberna aldera joko du. Bertan anoa postua izango da fruta eta edariekin. Gabierrota pasealekutik, Zumardia eta Biteri Txiki pasata Xabier Olaskoaga plazan amaituko da lasterketa. Korrikalari guztiek poltsa bana jasotzeko aukera izango dute lasterketa amaitutakoan eta zozketa ere egingo dute.
Eguna amaitzeko DJ batek girotuko du plaza Desira eta Xera tabernen eskutik 20:00etatik 21:00etara.
Osasunarekin konprometituta
Beraiena osasuna eta kirolarekin “konprometitutako” ikastetxea dela esan du Jareñok, “beti izan dugu proiektu hezitzailearen erreferentzia gisa jarduera fisikoa eta osasuna sustatzea ikasleen artean. Ezinbestekoa da hori, sedentarismoa eta adin txikikoen artean ematen den obesitateari aurre egin ahal izateko”. Horren harira, duela bi urtetik Kirola eta Osasunarekin konprometitutako Ikastetxeen proiektuaren parte direla esan du zuzendariak. Lasterketa Egiluzetik sortua dela, baina hartzailea Errenteria dela nabarmendu du azkenik, baita Oarsoaldea eskualdea ere eta parte hartzera deitu du.
Jon Txaskok eskerrak eman dizkio ikastetxeari egiten duten esfortzuagatik lasterketa antolatzeko, “ilusio handia jartzen duzue egi bihurtzeko eta eskertzekoa da”. Eskerrak eman dizkie azkenik Orbegozok lasterketa antolatzen laguntzen duen udalari eta komertzioei.