Kulturarako duen proiektua kultur eragileekin partekatu du EAJk
EAJk herriko kultur eragileekin egin du bilera herrirako duen proiektua horiekin konpartitu eta dituzten kezka eta proposamenak jasotzeko.
Errenteria-Oreretako kultur eragileekin bildu zen astelehenean EAJ prestatu duen kulturarako proiektua horiekin partekatu, eta kezka eta ekarpenak jasotzeko. Maite Peña, alderdi jeltzalearen alkatetzarako hautagaiak eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuak hartu zuten parte bilera horretan. Azken horrek udalaz gaindiko ikuspegia eman zuen eta kultura motor ekonomiko bilakatzeko aukeren inguruan mintzatu zen. “Gure herriko kultura ekosistema gisa ikusten dugu, harriko arlo ezberdinetako kultur eragileek sortzen duten unibertso oparo eta anitza, eta ezberdinen arteko sinergiak lortzeko lan egiteko beharra antzematen dugu”, azaldu du EAJk.
Horren harira, Lekuonako proiektuaren aldeko apustuari eusten diola erantsi, eta konpromisoa hartu du proiektua egonkortu eta bultzatzeko: “Zoritxarrez ez da lurraldeko ekipamendu bat izango, aukera hori galdu dugu tamalez agintaldi honetan, baina lurraldean erreferente izan dadin lan egingo dugu herriko jendea erakartzetik harago, kanpokoak ere erakartzeko eta kulturaren motor bilakatzeko”. Kultur azpiegiturak berrantolatzeko azterketa sakon baten beharra ere nabarmendu dute jeltzaleek, baita elkarlan publiko eta pribatua sustatzearen beharra ere, “kultura gure herriaren motor ekonomiko bilakatzeko. Elkarteekin batetik, baina baita enpresekin ere, Atlantikaldia bezalako jaialdiak diru publikoarekin soilik finantzatzea ez delako ekonomikoki jasangarria, ezta eraginkorra ere”.
Bestelako proposamen zehatzak ere aipatu zituzten bilera horretan: Ondare arkeologikoa berreskuratzea;Errenteriako ondare historiko, arkitektoniko eta arkeologikoaren mapa osatu; edota turismoa sustatzea Errenteriaren 700. urteurrena aitzakiatzat hartuta.
Kultura eragileek berriz, lanak taularatzeko baino horiek lantzeko azpiegitura egokien beharra eta kultur zaletasuna sustatzeko eskaera jarri zituzten mahai gainean.