Patxikun gune naturala defendatu du Eguzkik
Talde ekologistaren arabera, hiri guneetan eremu berdeak izatea ingurumen, osasun, kultura eta gizarte alorretan onuragarri dira.
Errenteria-Oreretako Patxiku Kanpa (Txirrita parkea) eremuan eraikitzeak mesederik egiten ez duela uste du Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearrak, “ez ingurumenari ez bizilagunen bizi kalitateari”. Horregatik taldeak inguruko bizilagunei babesa adierazi die, baita eremua gune natural izaten jarrai dezan antola daitezkeen iniziatibetan laguntzeko prestutasuna azaldu ere.
Eguzkik esan duenez, hiri guneetan eremu berdeak izateko beharra defendatzen dute baimendutako ahotsek, “ulertzen baitute ingurumenarentzat, hau da, guk lan egiten dugun arloarentzat ez ezik, besteak beste, osasunarentzat, kulturarentzat eta gizartearentzat onuragarriak direla”.
Hala, 1970-1980 hamarkadetako hirigintza politika desarrollistak dentsitate handiko hiri eremuak eta lurzoruaren okupazio gehiegizkoa ekarri dutela uste du Eguzkik, “hormigoiak lurzoru berde naturala ordezkatu zuen”. Horren aurrean, Patxikuko kanpak berdegune izaten jarraitzea defendatu du Eguzkik.