Berdintasunak elkartu ditu
Udal hauteskunde kanpaina betean, Berdintasunerako Kontseiluak hautagaiak batu ditu berdintasun politikez hitz egiteko. Emakumeen Etxeak parez pare zabaldu ditu ateak alderdien proposamenak ezagutzeko.
Berdintasun kontseiluak antolatuta udal hauteskundeetan hautagaitza aurkeztu duten bost alderdietako ordezkariek mahai ingurua egin zuten Emakumeen Etxean atzo. Berdintasun politika publikoak izan zituzten hizpide. Nerea Olaso kazetariak gidatutako saioan, Aizpea Otaegi EH Bilduren alkategaiak, Goizane Alvarez PSE-EEren zerrendan bigarrenak, Maite Gartzia Elkarrekin Podemosen zerrendan bigarrenak, Elixabete Murua EAJren zerrendan bigarrenak, eta David Lumbreras PP-ren alkategaiak hartu zuten parte.
Emakumeen Etxea lepo, prestatutako eserlekuak ez ziren nahikoak izan aurreikusitako parte hartzea gainditu baitzuten herritarrek. Erantzun bila joan ziren, berdintasun politiketan alderdi politikoek emakumeak ahaldundu, beren lan baldintzak zein bizitza duintzeko dituzten proposamen eta proiektuak entzuteko gogoz, eta espazio ederra sortu zen, hurbila oso, eta batez ere anitza. Laino bakarra atzoko esperientzia aberasgarrian, PPko ordezkariaren ekarpena, edo ekarpen eza, zehatzago: diskurtsorik gabe, proposamenik gabe, berdintasun politiketarako proiektu seriorik gabe heldu zen hitzordura.
Alderdien proiektuak
Gainontzeko ordezkariak txukun; batzuk adituago eta arituago, nabarmen; urduriago besteren bat, baina laurak diskurtso, proiektu, eta proposamenekin.
Halako espazioak sortzearen beharra nabarmendu zuen Otaegik. Bera izan zen berdintasuna beretzat zer den eta norainoko konpromisoa duen azaltzen lehena. Eta aurrera begira jartzeko, atzerako begirada egin zuen EH Bilduk agintaldian eman dituen azken zortzi urtean berdintasun arloan egindako lana azaltzeko: «Aldaketa nabarmena eman da berdintasun politikak egiteko zutabeak jartzerakoan».
Koalizio subiranista 2011n udalera heldu zenean berdintasun teknikaria zegoela ekarri zuen gogora, «ez zegoen inolako egitura organigraman eta udalean; une honetan Berdintasun sail bat dago eta aurrekontua boskoiztu egin da: 49.000 euro zeuden heldu ginenean, eta aurten 250.000 euro. Eraldaketa Feministarako Eskola, Emakumeen Etxea… garrantzitsua izan da egindako lana, eta 2010ean sortu zen Berdintasunerako Kontseiluari esker izan da».
Politika transbertsalak
Proiektu estrategikoen artean, Emakumeen Etxea erreferentziazko egitea; indarkeria matxista pairatzen duten emakumeei arreta erreparatzailea eskaintzeko neurriak hartzea; politika publiko guztietan genero ikuspegia txertatzea; LGTBI kolektiboaren gainean abian den diagnostikoarekin lanean jarraitzea; emakumeen partaidetza kirolean landuko duen proiektua; Agustinak auzoan lanbide sortzaileen erreferentziazko gunea sortzea… Gakoa, bat, EH Bilduren ordezkariaren esanetan: «politika transbertsalak abian jartzea, edo gauza bera dena, genero ikuspegia txertatzea egiten ditugun proiektu guztietan».
Horretarako tresna garrantzitsua aipatu zuen, «kontratazio publikoetan klausula sozialak txertatzea».
Genero gaietan ez dela aditua aitortu zuen Alvarezek, eta alderdi sozialistak kudeaketa eredu justu, solidario, ekitatibo eta parekidearen aldeko hautua egin duela, «hori da gure ardatzetako bat. Emakumeon parte hartzea garrantzitsua da, baita erabakitzeko gunetan izatea, eta ez badugu bermatzen dimentsio eta arlo guztietan emakume eta gizonak %50ean aritzea ezinezkoa izango da begirada aldatzea».
Heziketa lehentasun PSE-EEko kidearentzat, eta batez ere jende gazteari begirakoa, «gazteen begirada aldatu behar dugu, elkarri errespetua zor diogula ikasi behar dute eta erabakiak hartzen dituzten pertsonak hezi behar ditugu parekide joka dezaten». Hitzarmena sortu nahi dutela ekonomia arloan erantsi zuen, « eragile sozial, ekonomiko eta garapen agentziekin soldata arrakalarekin amaitu, eta lan baldintzak eta kontziliazio politikak hobetzeko».
Segurtasun arloaz aritu zen azkenik, «emakumeok seguru eta aske mugituko garen herria bermatuko duen polizia eta hirigintza eredu baten alde lan egingo dugu».
Emakumeak erdigunean
Elkarrekin Podemoseko ordezkariak egun udalak martxan dituen Berdintasun Politikak «garrantzitsutzat» jo zituen. Pertsonak, eta horrenbestez, emakumeak erdigunean jarriko dituzten politikak egingo dituztela esan zuen Gartziak: «Emakumeok libre izan nahi dugu, lan duina izan nahi dugu eta horri begira egin ditugu gure proposamenak: Puntu ilunak ezabatu, aplikazioa bat martxan jarri segurtasuna jokoan dagoela sentitzen dugunean erabili ahal izateko, genero auditoriak egin, gaua segurua izan dadin jai batzorde eta mugimendu feministarekin protokoloak adostu, edota heziketan eragin adin txikitatik».
Aurrekontuaren gainean ere mintzatu zen, eta Berdintasun politiketara aurrekontu osoaren %1 bideratzeko konpromisoa hartu zuen Gartziak.
Berdintasun plana berritzea izango du lan ildoetako bat EAJk Muruak azaldu zuenez, baita teknologia berriekin lotutako neurriak hartzea edota sexu eraso edo eraso matxistaren batekin lotutako udal langile edota politikoen kasuan jarraitu beharreko protokoloa lantzea ere.
«Heziketa da ezinbestekoa den beste arloetako bat, eta formazio saioak egitea proposatzen dugu indarkeria matxistari erantzuten lehen lerroan dauden sailetan».
Martxoaren 8az
Herriko eragileen arteko lan mahaiak, kontziliazioa eta erantzunkidetasuna sustatzeko neurriak, ahalduntze eskolarekin jarraitzea, indarkeria matxista ekiditeko eta «biktimei arreta emateko» neurriak,eta sentsibilizazio kanpainak herritarrak kontzientziatzeko egitea dira proposatu zituenetako batzuk.
Martxoaren 8ari begira ere jarri zituen Olasok hautagaiak, eta Alvarezek «atzera bueltarik ez duen jauzia» izan dela esan zuen, eta jauzi hori espazio intimoan ematera deitu: «Ez da benetako berdintasunik izango etxeko eremuan, zaintza ez produktiboan gizonak bere ardurak hartzen ez dituen bitartean».
Atzean dagoen lan guztiari erreparatu zion Gartziak, «ez nintzen horretaz kontziente eta izugarria da mugimendu feministak egiten duen lana. Oso egun garrantzitsua izan da emakumeontzat».
Arrakastatsua. Hala definitu zuen Muruak, «Martxoaren 8a garrantzitsua izan da, baina urteko gainontzeko egunetan borrokan jarraitu behar dugu».
Mugimendu feministak sekulako indarra erakutsi du Otaegiren iritziz, «mobilizatzeko gaitasun ikaragarria, gizartearen parte handi batek pentsatzen duelako oraindik asko dagoela borrokatzeko». Ezinbestekotzat jo zuen hautagaitza aurkeztu duen orok galdera bat egitea bere buruari eta hausnarketarako atea zabalik utzi zuen: «Zenbateraino gara gai instituzioetatik mugimendu feministak mahai gainean jarri dituen aldarrikapenei, eskatzen duen eraldaketa horri ganoraz erantzuteko azaleko proposamenetan gelditu gabe?».