Patxiku berdegune izaten jarraitzea eskatu dute bizilagunek
Duela 27 urte geldirik dagoen etxebizitzak eraikitzeko proiektuaren xehetasun ikerketa egitea erabaki duela udalak jakin dute bizilagunek, eta horren aurren, dagoeneko 1992an eremu horretako bizilagunek egin zuten eskaera bera egin zuten atzo Patxiku zelaian bertan egindako agerraldian, "etxebizitzarik eraiki ez dadila".
Patxikuko bizilagunek agerraldia egin zuten atzo. Patxikun ez dute etxerik eraikitzerik nahi bizilagunek. Berdegunea izaten jarraitzea nahi dute, eta horren harira agerraldia egin zuten atzo hogei lagunek. Karlos Muruak hartu zuen hitza bizilagunen izenean eta lehenik eta behin, Patxiku berdegune izaten jarraitzea nahi dutela esan zuen. Duela 27 urte geldirik dagoen etxebizitzak eraikitzeko proiektuaren xehetasun ikerketa egitea erabaki duela udalak jakin dute bizilagunek, eta horren aurren, dagoeneko 1992an eremu horretako bizilagunek egin zuten eskaera bera egin zuten atzo Patxiku zelaian bertan egindako agerraldian, “etxebizitzarik eraiki ez dadila”.
Denboran atzera egin zuen Muruak eta gogora ekarri 1992. urtean bizilagunek egindako mobilizazioei esker aferan parte ziren lau aldeek akordioa egitea lortu zutela: “Urte hartan, udala, Arartekoa, promotorea eta auzo elkarteak akordioa sinatu zuten; egin zen etxebizitza eraikinaz gain eremu horretan besterik ez eraikitzeko konpromisoa hartu zuten lau aldeek. Ziurrenik, gaur hemen gaude, ez genuelako asmatu orduan gaia behar bezala ixten, aprobetxamendu horiek ezabatzen zituen plan orokorraren modifikazioa eskatu behar genuen, baina ezjakintasunez jokatu genuen. alderdi politiko batzuk zituzten interes ekonomikoak direla-eta 2004an akordio hori dinamitatu egin zuten”.
Horren aurrean, Oiarso Erdialdeko Auzo Elkartea mobilizatzen hasi zela 1992ko akordioa berrartzeko azaldu zuen Muruak: “Bertan behera gelditu zen guztia, ziurrenik higiezinen burbuilarengatik, eta bizilagunak lasai gelditu ginen. Orain gauden leku honetan bertan agerraldia egin genuen 2006an udalak eremu honetarako plan berezia martxan jarri nahi zuela salatzeko”.
Udalak orain eremu horren gaineko xehetasun azterketa egin duela eta, bizilagunek hainbat iniziatiba egin dituztela erantsi zuen: “Alegazioa aurkeztu diogu azterketa horri. Gure alegazioak izaera politikoa du, ez da eraikuntza prozesuaren gaineko gai teknikoaz ari, 1992ko hitzarmen edo akordioa betetzea eskatzen du”. Horrekin batera, bilerak egiten ari dira bizilagunak, “arazoa kalera atera behar dugula erabaki dugu bilera horietan, pankartak jarri ditugu inguruan, baina denbora gutxi iraun dute zoritxarrez eta iniziatibak egiten jarraitzeko asmoa dugu akordioa errespetatu dadin presioa eragiteko”.
Bi eraikin egin nahi dituzte Patxikun. Bat udal jabetzakoa eta sei etxebizitzakoa litzateke etxebizitzak libreak diren arren, eta bestea, berriz, 12 etxebizitzakoa partikularra. Bilera egin zuten udalarekin, eta azken horrek, bere aprobetxamendua ez egiteko konpromisoa erakutsi zigun. Horrenbestez, promotoreekin ere bildu dira bizilagunak Muruak jakinarazi duenez: “12 etxebizitza dira aurreikusitakoak baina 50etik gora garaje plaza. Promotoreak esan digu permuta bat eskaintzen bazaio ez duela inongo arzorik Patxikun ez eraikitzeko, beti ere bere interesen kontra ez badoa”.
Hurrengo urratsa alderdi politiko guztiekin biltzea izango dela zehaztu zuen bizilagunen ordezkariak, “behin betiko gai hau ixteko”. Sinadura bilketa hasiko dutela iragarri zuten bestetik, baita change.org-en ari direla dagoeneko babesak jasotzen. Papresako etxeak bezala ezagunak diren eraikinen gaineko informazioa eman zuten azkenik bizilagunek. Etxe horien parean eraikiko lirateke eraikin eta aparkaleku berriak, baina etxebizitzetan desplazamendu eta pitzadurak azaldu dira, “promotorearen etxebizitzak horiei pegatuta doaz eta lanak egiten hasteak arazoak eragin ditzake gainera bertan bizi diren bizilagunentzat”.
