Gazte sozialistek taldea eratu dute Pasaian
Pasaiak gazte sozialisten taldea du gaurtik. Trintxerpeko egoitzan egin dute taldearen aurkezpena, Azahara Dominguezen eta Izaskun Gomezen partaidetzarekin.
Juventudes Socialistas de Euskadi – Euskadiko Ezkerraren Gazteak (JSE-EGAZ) Pasaian daude. Taldea osatu dute eta goizean aurkeztu dute Pasaiako PSE-EEk Trintxerpen duen egoitzan. Bertan izan dira taldea osatuko duten lagunak, herriko hainbat PSE-EEko kiderekin batera. Taldearen eta gazteen gaineko azalpenak eman dituztenak Azahara Dominguez JSE-EGAZen idazkari nagusia, eta Izaskun Gomez Pasaiako PSE-EEren alkategaia izan dira.
Dominguezek nabarmendu du gazte sozialisten taldeak berreskuratzeko ahalegina egiten ari direla herriz herri, eta Pasaia horren adibide dela, “nahiz eta gazteak, politika eskasengatik, bertatik aldentzen joan, ari gara apurka politikara hurbiltzen. Eta gure albora hurbiltzen direnean, alderdi sozialistara alegia, poztasun bikoitza da”. Ondoan “hiritarren alde lan egiten duten politikariak” izatea eredu dela gazteentzat esan du Dominguezek, eta hala direla sozialistak, “eta horrek fruituak ematen ditu: gaztedi gehiago hurbiltzea euskal sozialisten proiektura”.
Gazte sozialisten idazkari nagusiak nabarmendu du Pasaian badagoela gazte talde bat konturatu dela “aldea dagoela konfrontaziotik gobernatu, edo sozialistok egiten dugun bezala, Pasaia hobetuz eta aurrerantz ateratzeko asmoz gobernatzera”. Eta horregatik, Izaskun Gomez eta haren taldeari esker ona adierazi die, “hitzetatik ekintzetara” pasatu direlako, “eta horrek arrastoa uzten du. Pasaiari aurrera egitea ekarri dio horrek, eta birgaitzerako bidean eragin zinegotzi on eta alkate onekin. Gazte talde hau berriz ere zabaldu dugu zuek izan zaretelako guretzat eredu onena”.
Izaskun Gomez: “Gazteengan eragin dugu”
PSE-EEren Pasaiako zerrendaburua ere pozik gazte taldea birsortu delako herrian. Nabarmendu du udalek gazteek etorkizuna eta segurtasuna izan dezaten lan egin behar dutela, eta bide horretan, bi ardatz jarri ditu: etxebizitza duina eta kalitatezko enplegua. Horrela, etxebizitzan alorrerako proposamen zehatza egin du Gomezek: “Nere konpromisoa da, Iñaki Arriola Jaurlaritzako kontseilariarekin elkarlanean, Luzuriagako egitasmoaren bigarren zatia egi bihurtzeko lan egitea, gazteek etxebizitza eskubidea izan dezaten”.
Hein berean, gazteek gizarte “justuago” batean bizi behar dutela esan du Gomezek, eta bide horretan, alkate izan bada hiru lan lerro aurkeztu ditu gaurkoan: “Indarkeria matxistaren kontrako borroka indartzea, aldaketa klimatikoaren kontrako borrokan sakontzea, eta elkarbizitzarako espazio bezala sormena eta kultura bultzatzea”.
Atzera begira ere jarri da Gomez. Esan du duela lau urte Pasaian dena “oso grisa” zela, “erakunde askoren agendan Pasaia desagertuta zegoen. Ez zegoen ideiarik, ez egitasmorik, ezta ekiteko ahalmenik ere. Guk hori aldatu egin dugu”. Eta horregatik, gazteei botoa eskatu die, “gazteon esku dago atzera ez itzultzea, eta itxaropenez aurrera egiteko aukera, elkarrizketan, ekimenean eta egitasmo bideragarrietan oinarrituz”.