Kulturartekotasuna, hamaika ertzetatik
Arte eszenikoak, sormena, hitzaldi eta ikus-entzunezkoak... egitarau oparoa antolatu du Pasaiako Udalak herriko aniztasuna ospatzea helburu
Askotariko jatorritako pertsonak elkar bizi dira Pasaian, eta udalaren kezka da bertan bizi diren eta heldu berri direnen arteko elkarbizitza sustatze aldera zubiak eraikitzea.
Norabide horretan hamaika egitasmo daude martxan, tradizionalki kultura askoren topagune izan den udalerria harrera herri abegikorra izan dadin bermatu nahian, eta besteak beste, asmo horri erantzuten dio baita ere aniztasuna ospatu asmoz udalak bestelako gizarte eragileen laguntzaz antolatu duen kultur egitarau oparoa.
Datorren astean hasiko da, Roman eta Julieta antzezlanarekin, eta ekainaren 22an bukatuko da, Trintxerpen antolatuko duten mila koloretako holi festarekin. Bien bitartean, zineforumak, elkarrizketak, sormen tailerrak… gauza asko eta oso-oso interesanteak egitarauan.