Elkarri zuzendutako esker oneko hitzekin bukatu dute azkeneko plenoa
Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorrari auzi-errekurtsoa jartzea erabaki du, EH Bilduren aldeko botoekin.
Agintaldiko azkeneko plenoa egin zuen Oiartzungo Udalbatzak. Beno, azken aurrekoa, atzokoaren akta onartzeko beste bat egin behar baitute. Ia zinegotzi guztiak izan ziren plenoan; EH Bilduko Enekoitz Markos eta EAJko Iñaki Arbelaitz falta ziren.
Kontu orokorraren berri eman ondoren, aldundiak Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorra izan zuten hizpide. Tramitatu zutenean, udalak alegazioak jartzea onartu zuen, baina aldundiak gaitzetsi egin zituen.
Plan Orokor horrek udalen eskumenak murriztu eta legea urratzen duela iritzita, udalak auzi-errekurtsoa jarri dio. EAJk kontrako botoa eman zuen. Hondakinen gaia ateratzen den aldiro ez bezala, puntua ez zen gehiago luzatu.
Auzoentzako laguntzak
Hurrengo gaia zaraten mapa izan zen. 1997an onartu zen egungo ordenantza, eta ordutik aldaketa asko egon direla eta, hasierako onarpena eman zioten ordenantza berriari, aho batez. Gainontzeko puntuetan ere bai adostasuna nagusitu zen.
Gazte Izanak jubilatuen elkartea 10.000 eurorekin lagunduko dute, zahartzaro aktiboa sustatzen jarrai dezan. Memoria historikoan Katin Txiki elkartea egiten ari den lanak jarraitutasuna izatea bermatuko dute 30.000 eurok.
Auzoetako elkarte pare bati ere diru laguntzak bideratu zizkieten. Arraguako Aldegunak eta Ergoiengo Auzokalteri 5.100na euro bideratu dizkiete, auzok festak antolatzen laguntzeko. Erabiltzen dituzten lokalak beste lau urterako laga dizkiete.
Ibargain musika eskolari laguntzen %40 abuztuan ematea erabaki zuten, musika eskolak eman dezaten. Euskararen arloan, diru-laguntzen ordenantza onartu zuten. Bestalde, herriko taxilarien elkartearekin hitzarmena berritzea onartu zuten, Taxibus zerbitzua Gurutze, Ergoien eta Karrikari beste urte batez ematen jarrai dezaten.
Agurren tartea
Plenoaren bukaeran, Jexux Leonet alkateak hartu zuen hitza, eta 2015-2019 aldiaren balantze positiboa egin zuen. “Gobernu talde bezala, pozik gaude”, zehaztu zuen. EH Bilduren eta EAJren arteko harremanak onak izan direla esan zuen, nahiz eta hasierako tratua beste modu batean hasi zen. Gobernu batzordean sartzeko gonbita luzatu zietela, eta salbuespenak salbuespen, adostasun maila txukuna izan dutela. Jeltzaleen borondatea eskertu zuen: “Erronka askori erantzun diegu, askotan elkarrekin”.
Arerio politiko izan direnentzako ez ezik, taldekideentzako esker oneko hitzak izan zituen Leonetek. Batez ere, jarraituko ez dutenentzako: Domi Azpiroz, Ioritz Aizpuru, Iñaki Pikabea, lehenengo bi urteetan izan zen Juan Inazio Ansa eta Agurtzane Lekuona.
Azken horrek, denen izenean, eskertu zien EH Bilduren hautesleei, dauden tokietara bideratzeagatik. Herri mugimenduentzako ere izan zituen esker oneko hitzak, beraiekin batera lan egitea ahalbidetzeagatik eta Oiartzun herri bizia izatea laguntzeagatik. “Eskerrik asko zinegotzi guztiei. Pribilegioa izan da zuekin egotea, asteleheneroko errutina polita bihurtu da. Gaitasun handiko jendea dago, eta eskerrik asko lana, prestutasuna eta umoreagatik”.
Rafael Bergaretxe EAJren eledunak esan zuen ez zutela ezer prestatu, baina gustura egon direla agintaldian. “Horren seinale da gu jarri garela zerrendako lehenengo lau postuetan”, esan zuen umoretsu.
Tratua egokia eta zuzena izan dela gaineratu zuen. “Eskertzekoa da hori, garai ilunagoak bizi izan baititugu”.
Horietako batzuek laster ikusiko dute elkar. Ekainaren 15ean osatuko da igandeko hauteskundeek emango duten udalbatza berria. Orduan, hamahiru zinegotzi izan beharrean, hamazazpi izango dira.