Antzerkian ibili nahi duten gazteek bihartik aurrera eman dezakete izena
Gazteen Antzerki Eskolaren 2019-2020 ikasturteko matrikulazioa irekiko dute. Datozen asteetan emanaldiak eskainiko dituzte.
Oiartzungo Gazteen Antzerki Eskola 2019-2020 ikasturtera begira jarri da, zeharka bada ere. Bihar, hilak 24, irekiko dute matrikula egiteko epea, eta ekainaren 15ean itxiko. Elizalde Institutuan, Haurtzaro Ikastolan eta Elorsoro kiroldegian eman daiteke izena.
Izena emateko fitxa entregatu beharko dute gaztetxoek. Horrekin batera, ordainagiria ere aurkeztu beharko dute. Ordainketa honako kontu korrontean egin beharko da, Laboral Kutxan: ES05 3035 0126 60 1260900006. Ikasle oiartzuarrentzako matrikula 60 eurokoa izango da eta kanpokoentzat, berriz, 80 eurokoa.
Lau ordutegi
Aktore gazteek astero ordu eta erdi izango dute trebatzeko. Hori bai, lau ordutegi izango dituzte aukeran: asteartetan (15:00etan edo 19:00etan), asteazkenetan (15:00etan) edo ostiraletan (15:00etan).
Eskolak Karaez kaleko 4 zenbakiko lokalean emango dituzte. Ikasturte hasierako aurkezpena irailaren 24an, 19:00etan, izango da hantxe bertan. Informazio gehiago kultura sailera idatzita edo 943 49 10 34 telefono zenbakira deituta jaso dezakete interesatuek.
Emanaldiak
Datorren ikasturteari zeharka begiratzen ari dira, oraindik aurtengoa bukatu ez delako. Ekainean lau antzezlan taularatuko dituzte Gazteen Antzerki Eskolakoek. Honakoa izango da programazioa:
- Ekainak 6, osteguna: 8. portala (udaletxeko areto nagusia, 19:00).
- Ekainak 7, ostirala: Lagunen kuadrila eta Egun arraro bat (udaletxeko areto nagusia, 18:00).
- Ekainak 13, osteguna: Txiribuelta kabareta (udaletxeko areto nagusia, 19:00).