Topa... herriko sagardoarekin
Euskal Jaiak eta Sagardo Egunak indarrak batuko dituzte bigarren urtez. Arratsaldeko festaren 30. ekitaldia ospatzeko, herrian ekoitzitako sagardoa dastatzeko aukera egongo da.
Bihar egun osoko festa egingo dute Oiartzunen. Iazko formula errepikatuta, Euskal Jaia eta Sagardo Eguna egun berean elkartuko dira.
Aurten, hala ere, ez da ohiko Sagardo Eguna izango. Izan ere, 30. urteurrena ospatuko dute, eta ez nolanahi gainera: aurtengo sagardo gehiena Oiartzunen egindakoa izango da. Antolakuntzan dabilen Jexux Adurizek azaldu du: «Guk geuk egin dugu sagardoa: guk jo dugu sagarra, guk botilaratu dugu…».
Aurten sagastiek fruitua eman dutela eta erabaki dute, azkenean, Oiartzungo labela izango duen sagardoa egitea. «Beti eskean ibiltzen gara, eta iaz kosta zitzaigun sagarra bilatzea, ez zegoelako. Aurten batak eta besteak esan digute ‘aurten heldu duk sagarra!’, eta aukera izan dugu. Baserri askotan, bestela, hondatu egiten da sagarra. Erabaki hori hartu dugu: geuk egin eta geuk kaleratzea».
Egarria asetzeko bezain sagardo egongo da eskuragarri bihar, 18:00etatik aurrera. Oiartzuarrek egindako sagardoaz gain, urtero bezala, hainbat sagardotegitakoak hurbilduko dira Oiartzungo plaza eta inguruetara. Adurizek zerrendatu ditu banan-banan: «Baleiokoak etorriko dira, baita ere Lesakako Linddurrenbordakoak; Juan Mari Lopez Lesakan bizi da, baina oiartzuarra da, eta urtero-urtero etortzen da bera ere bai. Goiko Lastola, Hernanikoa, urte askotan egon dena ere bai izango da. Laugarrena Larregain sagardotegia izango da, hura ere Hernanikoa».
Bi baserrietan egindakoa
2018ko Sagardo Eguna bukatu bezain pronto hasi ziren herriko sagardoarena planteatzen. Oiartzuar boskote bat mahai baten bueltan eseri zen, eta pentsatzen hasi ziren ea zer pauso eman behar zuten. «Duda genuen aurten ea aterako genuen sagardoa…», gogorarazi du Adurizek, «baina baserri mordoxketan bildu genuen sagarra». Oiartzun eta inguruetako sagarra ez ezik, Lapurdikoa ere erabili dute. Biriatuko La Cidrerie sagardotegiarekin harreman onak dituzte Oiartzungo festaren antolakuntzan dabiltzanek. Inguruko baserrietako sagarrak jaso dituzte.
Sagarrak bilduta, baserri pare batean aritu dira lanean: «Tolarea duten bi baserri hartu ditugu, eta horietan aritu gara lanean. Gero, kupelak badauden begiratzen ari gara, guk sortu nahi dugulako herriko sagardoa. Hor badauzkagu, taldean, sagardoan munduan nahiko txukun ibiltzen direnak, ulertzen dutenak. Eta baserritarrak tonto-tontoak ez dira: sagardo polita egiten dute, eta beraien arrimuan, aurtengoa atera da».
Aurtengoa, 30. ekitaldia izanda, jauzi kualitatiboa ematea erabaki dute. Adurizek esan du urtero ari zirela ikusten sagar pila bat hondatzen ari zela, baserri asko utzita daudelako, eta inork ez duelako jasotzen. Baina hori, «jolas» baten parte dela gaineratu du Oiartzungo Sagardo Egunaren antolaketan buru belarri ari denak: «Gu kuadrilla dezente bat bagara, eta guretzako jolasa da sagardoa egitearena. Ume kuadrilla bat hartzen duzu, eta egun pasa polit bat pasatzen dugu. Gainera, lan bat egiten duzu: umeek ikasten dute sagarra biltzen bere kizkiarekin, baita prozesu guztia ere —sagarra jo…—, eta bada zerbait herrikoia. Hori da aurten egin dugun gauzarik nabarmenena».
Hamabost postutan banatuko dute sagardoa, eta sagardotegi ofizialen izenaz gain, Oiartzungo eta inguruko mendien izenak eramango dituzte banaketa puntuek. Adibidez, Errenteria-Oreretako San Markorena: «Guri laguntzen digun bat Oiartzunekin muga-mugan bizi da, Orereta Ikastolaren parean. Lagundu digunez, San Markos izena jarri diogu». Kupelak, berriz, baserritar batek utzi dizkie. Altzairu herdoilgaitzekoak dira, horrek zapore hobea ematen dio, eta usainik ez dio ematen, garai bateko egurrak bezala. Eusten dio tenperaturari, gainera.
Egindako lanaren emaitza bihar dastatzeko aukera egingo da. Basoak eta txistorra pintxoak bost euro kostatuko ditu, eta pintxoak —txistorra sagardotan edo patata tortillarenak— euro bateko prezioa izango dute. «Etortzen den jende gehiena gazteak izaten dira, eta bost euro baino gehiago ez diegu jarriko baso batengatik!», zehaztu du Adurizek. Eta plaza ingurura hurbiltzeko amu ederra jarri du: «Niretzat sagardoa oso-oso dotorea atera zaigu. Ez da guk egin dugulako; probatu egin behar da».
Arratsaldean, gainera, adin guztietarako ekitaldiak egingo dira. DBHko ikasleek, Adintxikikoen Mahaiak lagunduta, gynkana antolatu dute ikastola eta Beheko Plaza inguruan. Gazteago direnek Euskal Herria plazan izango dituzte haur jolasak eta puzgarriak, baita indarrak hartzeko txokolatea ere.
Goizean, Euskal Jaia
Arratsaldeko Sagardo Egunarekin uztartzeko, hainbat jarduera egingo dituzte goizean goiz. Euskal Herriko hamarnaka artisau hurbilduko dira Oiartzunera, eta plaza inguruan jarriko dituzte bere postuak. Festa kalejira, trikitilariekin eta erraldoiekin hasiko da, eta aldi berean pilota partidak izango dira. «Plazan hasi, Euskal Herria plazara joan, Landetxera, eta emanaldi bana egingo dute dantzariek hor. Denek elkarrekin dantzatuko dute. Plazan bukatuko da, eta Patxi Perez hasiko da, dantzan bilduko dira denak. 13:30 ingurura arte egongo dira», azaldu du Olarri dantza taldeko Aiora Etxebestek. Goizean goizekoa ez dantzarako aukera bakarra izango. Izan ere, arratsaldean, txotxa egin aurretik, Olarrikoek emanaldia egingo dute plazan. Ondoren, bertsolarien txanda izango da.
Protagonismoa izango duen likido bakarra sagardoa izatea nahi du Josune Cousillas Kultura zinegotziak. Jakinarazi du, euria eginez gero, plaza inguruko ekitaldiak Elizalde ikastetxera pasako liratekeela, baita azoka bera ere. Nabarmendu du Euskal Jaia eta Sagardo Eguna ongi uztartzen direla, eta gaueko dantzaldiak ederki biribiltzen duela eguna. Eta gauza bat etxean ez uztea ohartarazi dute: baserritar jantzia.
Egitaraua
- 10:30ean. Haurtzaro eta Elizaldeko dantzari eta trikitilariak eta erraldoien konpartsa, plazatik hasita.
- 10:30ean. Esku pilota partidak Kontzejupean.
- 11:30ean. Pasaka partidak Kontzejupean.
- 12:00etan. Erromeria plazan, Patxi eta konpainiaren eskutik.
- 17:00etan. Ginkana Beheko Plazan DBH1 eta DBH4 bitartekoentzako, ikasleek eurek antolatuta. Sariak egongo dira.
- 17:00etan. Haur jolasak, puzgarriak eta txokolate jatea Euskal Herria plazan.
- 17:00etan. Oidultzen kalejira.
- 17:45ean. Olarri dantza taldea.
- 18:00etan. Sagardo dastaketaren hasiera eta bertsolariak.
- 19:00etan. Ibargain musika eskolako ikasleen kurtso amaierako kontzertua, Elorsoro kiroldegian.
- 20:30etik 21:30era eta 23:30etik eta 01:30era. Gabezin taldearekin dantzaldia.