4.858 lezoarrek dute erabakia
4.848 lezoar daude deituta gaurko udal, foru eta Europako hauteskundeetan botoa ematera. Zazpi hautes-mahai daude, denak Herri Eskolan.
Zazpi hautes-mahai daude Lezon. Apirilaren bukaerako erroldaren arabera, 4.858 lezoar daude deituta gau udal, foru eta Europako hauteskundeetan botoa ematera. Zalantzarik gabe, foku nagusia tokiko hauteskundeetan jarrita izango dute lezoarrek. Herriko zazpi mahaiak, denak Lezo Herri Eskolan, 09:00etan zabalduko dituzte ateak, eta 20:00etaraino izango dira zabalik. Denera 21 hautetsontzi izango dira herrian, zazpina udalerako, aldundirako eta Europarako.
Azken udal hauteskundeak 2015an izan ziren. Orduko hartan, EAJk irabazi zuen 1.186 boto eta sei zinegotzirekin. EH Bilduk zinegotzi kopuru berbera lortu zuen, baina boto gutxiago: 1.141. Udalean ordezkaritza lortu zuen hirugarren indarra PSE-EE izan zen, zinegotzi batekin (300 bozka). Agintaldia Kepa Garbizuk (EAJ) hasi zuen alkate bezala, baina EAJk eta EH Bilduk hondakin bilketa mistoa hitzartu zutelako, Gipuzkoako EAJk hori ezegokitzat eman, eta dimisioa eman zuen Garbizuk. Haren ordez Jesus Mari Martiarenak izan du aginte makila legealdiaren zatirik handienean.
Orotara lau alderdik aurkeztu dituzte hautagaitzak udal hauteskundeetarako: EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta PP dira. Gaur, lezoarrei dagokie erabakitzea.
