EH Bilduk irabazi du Lezon
Duela lau urte ezustean galdu ondoren, atzoko udal hauteskundeetan EH Bildu izan da irabazle. Mikel Arruti Salaberria izango da Lezoko alkate datozen lau urteetan, ekainaren 15eko kargu hartze udalbatzarrean ezustekorik gertatzen ez bada. 2015ean galdutakoa berreskuratu egin du koalizioak beraz, baina estu, sei zinegotzirekin berdindu egin baitu EAJ alderdiarekin. Botoetan nagusi izan da EH Bildu, baina zinegotzi kopuruan bi alderdiek berdindu egin dute: seina dituzte. Udalean ordezkaritza izango duen hirugarren alderdia PSE-EE izango da, orain arteko zinegotzia mantentzen duelako, nahiz eta bozka gutxiago jaso. PPk ez du hautetsirik izango beste behin.
Kontaketa estu joan da. Hasieratik, aldeak beti izan dira EH Bilduren aldekoak, baina EAJ ez da urrun izan behin ere. Hala azkenean, koalizio subiranistak 1.418 boto lortu ditu, EAJren 1.310ean aldean. 118 botoko aldea. PSE-EEk 277 lortu ditu (2015ean 300). Emozioz beteriko kontaketa izan da 20:00etan hasi dena. Europako hauteskundeetan EH Bilduk irabazi du Lezon, baita Gipuzkoako Foru Aldundikoetan ere.
Hala, 2015ko udal bozekin alderaketa egiten bada, EH Bilduk orduan baino ia 300 boto gehiago lortu ditu; EAJk ere gora egin du, 124tan. Hala, zinegotzi kopuruan izan den berdinketagatik, ikusi beharko da ekainaren 15eko kargu hartze ekitaldian zer gertatzen den. Hau da, ikusi beharko da EAJk eta PSE-EEk amaitu berri den legealdian izandako udal akordioa berresten duten, edo ez. Bi alderdiek ituna berrituz gero, EH Bildu ez legoke alkatetzan. 2015ko emaitzak, zinegotziei dagokienez, gaurko berberak izan dira, baina ordukoetan EAJk irabazi zuen botoetan.
Pozik garaipenarekin
Behin betiko emaitzak izanda, HITZAk Mikel Arruti EH Bilduren zerrendaburuarekin hitz egiteko aukera izan du. Pozik dago irabazteagatik, eta lortutako emaitzarengatik. “1.418 boto lortzea oso emaitza polita da. Erraz gainditu dugu 2015eko emaitza, eta 2011kotik oso hurbil gelditu gara. Baina emaitzaz harago, egindako bideari eman nahi diot garrantzia. Lezo Errotik dinamikarekin egiteko era bat definitu dugu, eta horri jarraipena eman behar diogu”. Hala, Arrutik jakinarazi du egiteko era hori garatzen asmoa duela.
Alta, EAJ eta PSE-EEren balizko akordioaz, ez du iritzirik eman: “Ez dakit zer egingo duten”.
Udal hauteskundeen emaitzak
- EH Bildu: 1.418 boto, 6 zinegotzi.
- EAJ: 1.310 boto, 6 zinegotzi.
- PSE-EE: 277 boto, zinegotzi bat.
- PP: 32 boto. Zinegotzirik ez.
- Zuriak: 58
- Baliogabeak: 46.
- Abstentzioa: %35,3