Hasieran nagi, eguerdian jendetsuago Lezon
Hauteskunde eguna lasai hasi da Lezon, aparteko gertakaririk gabe. Eguerditik aurrera jendea Herri Eskolako hauteslekura hurbiltzen hasi da.
Hauteskunde egun hasiera lasaia, lasaiegia beharbada, izan da Lezon. Herri Eskolako zazpi hautes-mahaietan ez da mugimendu gehiegirik izan. 11:00etan aurrera, ordea, bizkortu egin da boto emaileen emaria, eta ilarak sortzen hasi dira.
Hauteskunde eskolan zeuden alderdi politikoetako ordezkariek HITZAri esan diotenez, egun hasiera lasaiaren arrazoia izan daiteke eguraldi txarra egiten ari dela. Hau da, egunaz gozatzera herritik kanpo joan beharrean, eguna lasai hartzea erabaki dute lezoarrek, lasai asko esnatu eta ondorenean botoa ematera joateko. Orotara, 4.848 dira botoa emateko eskubidea duten lezoarrak.
Mahai batean EHNArekin botoa ematea eragotzi diote herritar bati. Horrez gain, aparteko ezusteko edo gertakaririk ez da izan.
Eguna nola doan ikus behar, ea parte hartze datuak, 2015eko hauteskundeekin alderatuta, zer nolakoak diren. 20:00ak arte egongo da zabalik Herri Eskolako hauteskunde gunea.