UDAL ETA FORU HAUTESKUNDEAK

"Oposizio eraikitzailea" egingo dutela baietsi du EAJk

Ez direla esperotako emaitzak izan onartu eta pasaitarrek erabakitako lekutik lanean jarraitzeko konpromisoa adierazi dute.

EAJren hautagaitza Pasaian

Pasaiako EAJk argi hitz egin du. “Oposizio eraikitzailea” egiteko asmoa dutela adierazi dute, eta honenbestez, PSE-EErekin gobernu paktu bat egiteko aukerari atea itxi diotela uler daiteke.

Hala jakinarazi dute hauteskundeen balorazioa egiteko hedabideetara igorri duten prentsa oharrean. Emaitzak ez direla espero zituztenak onartu dute jeltzaleek, eta bere aurreikuspenak ez direla bete aitortu. “Horrela erabaki dute pasaitarrek eta beraz, emaitzak errespetatu, onartu eta Pasaiaren eta pasaitarren alde lanean jarraituko dugu pasaitarrek kokatu gaituzten lekutik” baietsi du jeltzaleen zerrendaburuak.

Zinegotzi bat galdu dute jeltzaleek, 2015eko udal hauteskundeetatik hona 314 bozka galduta. Bost zinegotzi izan dituzte azken agintaldian eta lau izango dituzte hurrengoan. PSE-EErekin batera udal gobernu taldea osatu dute azken lau urtean. 

Edonola ere, jeltzaleek eskerrak eman nahi izan dizkiete pasaitarrei atzo azaldutako babesagatik. “Eskerrik asko gugan konfiantza jarri duzuen guztiei, gure proiektua babestu izanagatik”, adierazi du Nahikari Oterminek, eta “orain arte bezala lanean jarraitzeko konpromiso osoa” agertu dute “Pasaia hobetzeko eta herritarrei aukera berriak eskaintzeko helburuarekin”.

 

 

 

 

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.