100 'FreshCool'
Tio Teronen Semeak dantzarien taldeak bere 'FreshCool' ikuskizunaren 100. emanaldia egingo du bihar (ostirala) Donostiako Konstituzio plazan.

Tio Teronen Semeak dantzarien kolektiboak egun biribilak bizi ditu. Lau urte bete berri dira egitasmoa abiatu zutenetik, eta gainera, euren FreshCool ikuskizunaren 100. ekitaldia bihar (ostirala) egingo dute. Donostiako Konstituzio plazan izango da saioa, 20:00etan. Lehen FreshCool ere bertan egin zuten. Eta 101garrena, igandean, Mallabian da (Bizkaia). Ez dira geldituko.
Era espontaneoan sortu zen Tio Teronen Semeak, eta ondorioz, FreshCool. Dantza taldeen eta dantzarien arteko elkarbizitzan sortzen diren konplizitate, elkar-eragin, eta txantxen ondorio izan zen Tio Teronen, “eta hori plazaratzeko erabakia hartu genuen. Hori egin genezakeela pentsatu genuenean, uneko gauza izan zitekeela zegoen gure buruan. Euskal dantzari tradizionalak gara, eta aukera izan genuen marko edo plaza hori edukitzeko, eta aurrera”. 100 arte. Eta gehiago izango dira. “Egiten hasi ginena biralizatu egin zen”. Aurreko hitzak Aritz Salamanca dantzari lezoarrarenak dira, Tio Teronen Semeak taldeko kidearenak. Lehen urtean ikuskizuna doitzen izan ziren. Eta funtzionatzen zuela ikusita, aurrera egin zuten. “Euskal Herriko herri askotik eta kanpotik eskatu ziguten dantza egitera joateko. Eta ari gara”.
Ez da bi FreshCool berdinik izan. Emanaldi guztiak ezberdinak izan dira. Ikuskizunak egitura bat du, baina inprobisazioak tartea izaten du plaza bakoitzean. Jendeak duen aldartearen arabera moldatzen da, “jendeak egiten duenari erantzun bat ematen diogu. Emanaldi batean gerta daitezkeen guztiak, errekurtso guztiak erabiltzen ditugu emanaldiak ezberdinak izateko. Beti saiatu gara herriko plazetan egiten ikuskizuna, eguraldi txarrarekin aterpera joan gara, noski. Baina behin ere ez gara oholtzan ibili, publikoarekiko hurbiltasuna eta interakzioa bilatzen dugulako”. Salamancaren hitzek definitu dutenez, jendeak, ikusleek ematen diote FreshCool bakoitzari nortasun berezia. Interakzioa da gakoa.
Euskal dantzaren barruan genero berri bat asmatu du Tio Teronen Semeak taldeak. Bertako dantzaren barruan badago umorearekin eta txantxarekin loturarik duen dantza tradiziorik, inauterietan, maskaradetan eta horrelakoetan egiten direnak kasu. “Baina euskal dantzan ikusi genuen umore edo txantxa giroko ikuskizunik ez zegoela. Oso solemnea da euskal dantzen esparrua, zuzena, estilizatua. Jakinda nolakoak garen, euskal dantzari kutsu hori eman nahi genion, baina gu garena azalduz. Umorea plazan jarri nahi genuen, ikusleak gu genetan garena ikus zezan”.
Euskal dantzaren tradizioarekin hautsi al dute? Erantzuna azkar batean eman du Salamancak: “Bitxia da, baina gure jarraitzailerik handienak euskal dantza tradizionala egiten dutenak dira. Oso ondo ulertzen dute guk sortutako hori euskal dantzaren omenez egiten dugula, eta ez iseka egiteko. Gure ikuskizunean dantza egiturak errespetatzen dira, jarraitzen dugu euskal dantzari tradizionalak izaten, baina Tio Teronekin horretan oinarritutako ikuskizuna egiten dugu”.
Ondoko bideoa FreshCool ikuskizunarena da, Lasarte-Oriako Txintxarri hedabideak egina.