Jon Martin: "Leteren ustez, gizakiak bizitza aprobetxatzeko behar morala zuen"
Xabier Lete zenaren kantagintzari buruzko tesia egiten ari da. IkerGazteren hirugarren kongresuan izan da, Leteren lanean landarediak duen presentzia azaltzen, eta saritu dute.
Tesia egiten ari zara, Xabier Leteri buruzkoa. Hitzen lihoa-ren harira egindako elkarrizketan, esan zenuen Lete sehaskatik jarraitzen duzula…
Txikitatik izan naiz Letezalea, batez ere amak txikitatik jarraitzen zuelako, eta bere kantak zekizkielako. Beste kantari batzuei buruzko lanak eginda daude, baina Lete oraindik ez da asko aztertu, eta uste dut merezi zuela bere letrak hartu eta berriro interpretatzea.
Berez, den-dena aztertu nahi zenuen, baina kantagintzan zentratu zara, ezta?
Tesia egiten hasi nintzenean, jakin nuen, bazela beste ikerlari bat —Alex Gurrutxaga— Leteri buruzko tesia egiten ari zela. Indarrak pixka bat banatze aldera, erabaki nuen kantetan zentratzea. Gurrutxagarena zabalagoa da, eta ezin da hain sakon egin.
Egia esan, tesi bat hasten duzu asmo batekin, baina joaten zara pixkanaka ikergaia zedarritzen. Zientzietako zenbait gaietan, oso argi daukazu; enpresa edo helburu oso argia daukazu. Gizarte Zientzietan aukera handiagoak dituzte, eta nonbait esan behar duzu ‘hona arte’.
Psikodidaktika masterra egin zenuen. Bide horretatik jo duzu tesia egiteko?
Jakin-min handia duen pertsona naiz, eta duela hamar urte egin nuen psikologia alorreko doktoretza programa. Hamar urteren ondoren, ikasi nuen psikodidaktika.
Psikologia askoz ere iker-lerro zientifikoagoa da, eta psikodidaktika humanitateei lotuagoa da. Hala ere, nire ikerlanak literatura konparatutik izango du baita ere. Beste master batekin lotu izan banu, literatura master batekin izango zen. Baina azkenean, adin batetik aurrera egiten baduzu tesia, ikasi dituzun alor guztiak konbinatzen dituzu.
Astelehenetik asteazkenera IkerGazteren hirugarren kongresua egin dute Baionan, UEUk antolatuta. Bertan izan zara, aurkezpen bat egiten.
Asteartean egin nuen. Modalitate bat baino gehiago daude, eta funtsean, bi motatan banatzen zen: hamar minutuko poster laburrak, eta posterrak. Posterrak egongo dira hitzaldiak iraun duten hiru egunetan zintzilikatuta. Horrez gain, hiru minutuko tartetxo bat izaten dugu poster hori azaltzeko.
Jendearen aurrean azaldu behar duzu, eta nahiko zorrotzak izaten dira horretarako; hiru minututan ez baldin baduzu egin, moztu egiten dute.
«Tesi bat asmo batekin hasten duzu, baina pixkanaka zedarritzen duzu»
Jakintza alor ezberdinetakoak daude. Agian norbait dago polimeroen ezaugarriak kontatzen, eta ondoan beste bat daukazu film baten azterketa egiten. Aberasgarria da, baina era berean, pentsatu behar da hiru minutuko tarte horretan azaldu behar diezula zure arloko pertsonei. Bi zailtasun horiek ditu.
Xabier Leteren abantailetako bat da ezagutu dezakeela, nahiz eta entzulea beste diziplina batekoa den.
180 bat ikerlari euskaldun elkartu zarete Baionan. Beste diziplinetakoekin nola moldatu zara?
Helburua da ikerlariek elkar ezagutzea, sareak probokatzea. Egia da ikerlarien lana oso bakartia dela, eta tarteka oso ongi etortzen dira horrelako kongresuak sinergiak sortzeko.
Oso polita gelditzen da, baina gero, mundu akademikoan, ez da kasualitatea ikerlariak nahiko bakarti izatea; bakoitzak bere iker-taldeak ditu, eta iker-taldeak jakintza konkretu batera lerratuta daude, oso zaila da uztartzea, adibidez, literatura eta fisika. Berez gauza asko daude ikertzeko, baina ikerlari edo unibertsitate irakasleon curriculuma neurtzen da argitalpenen baitan, eta argitalpen horiei ematen zaien kalitate estandarretan. Orduan, nahikoa lan izaten dugu ikerlan horiek egin, argitaratu, kongresuetara joan… Egin nahiko genituzkeen beste gauza asko egin gabe gelditzen zaizkigu.
Zure kasuan, IkerGaztera eraman duzun gaia izan da loreek eta landarediak Xabier Leteren kantagintzan duten presentzia. Nola konturatu zinen landarediak duen presentzia horrekin? Zerk piztu zuen zure arreta?
Ikerlarien lanean badago intuizio konponente bat. Kantaz kanta aztertzen hasi nintzen, eta konturatu nintzen bazeudela hitz batzuk etengabe errepikatzen zirela: egunsentia, arnasa, heriotza… Askotan aipatzen ziren ere bai loreak eta, landaredia orokorrean. Batez ere, loreak. Erreferentzia horiek guztiak elkarren ondoan jarri nituen, eta konturatu nintzen beretzat naturak garrantzia eta indar bat zuela.
«Eguneroko lorea dastatzeko gonbidapen handi bat dago kantagintzan»
Zer sinbolizatzen dute loreek?
Batez ere bizitza dela esango nuke. Bizitza egiten da erne, egiten da zaindu, egiten da elikatu, egiten da zimeldu eta azkenean, hil. Heriotza ere bai bizitzaren parte kontsideratzen zuen, eta kontziente zen heriotza saihestezina izango zela; edozein momentutan, eta behar baino lehenago, etor ziezaiokeen heriotza. Leteren letrak serioak eta tristeak izan direla esan izan da behin baino gehiagotan, baina ongi aztertuz gero, bizinahi handi bat nabaritzen da, eguneroko lorea dastatzeko gonbidapen handi bat dago. Bizitza gai eder bezala aurkezten du.
Gainera, Letek bazuen ikuspegia naturak gizakiari aportazio handi bat egiten ziola, opari bat zela, eta gizakiak behar morala zuela bizitza aprobetxatu eta gozatzeko. Bere tristetasun hori, funtsean, zen bizitza alferrik galtzearen beldur izatea. Hori zen benetan erakusten ziguna, eta ez tristura.
Eta zuhaitzek, zer adierazi nahi dute bere kantagintzan?
Belaunaldiak adierazteko erabiltzen zuen, katebegi moduan. Adibidez, ‘Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak’. Aitaren seme izateko kontzientzia hori bazuen, eta seme-alabik ez izateak agian zerikusia izan zezakeen, bere adaxka horrek ez zuela jarraituko biologikoki. Egiten bazuen, euskara izango zela ondorengoei emango ziena.
Loreez eta landarediaz gain, beste gai errekurrenterik erabili al zuen?
Ebidenteenak izan daitezke maitasuna eta heriotza, baina hori literaturan konstante bat da. Batez ere landareena aipatzen dut hori zelako normaletik ateratzen zena zelako.
IkerGazten aurkeztu duzun posterra herriko Dixidurekin egin duzu.
Eneko Salaberria [Dixidu diseinu grafiko estudiokoa] kuadrillakoa daukat. Posterra metro bat baino handiagoa da, eta zerbait amateurra egiten baduzu, oso agerian geratzen da edozein akats. Saiatu nintzen ahalik eta txukunen egiten, eta uste dut txukuna gelditu dela. Esku profesional baten lana dagoela ikusten da hor.
Baita txukun gelditu ere, saritu egin baitute.
IkerGazteren kongresuan egon diren posterren artean, Giza Zientzietako aurkezpenik onena bezala aukeratu zuten nire posterra.
Xabier Leterengana bueltatuta, etxeko baratze hark eragina izan al zuen bere poesiagintzan?
Bai. Eta aita mendizale izateak ere bai. Naturari oso lotuta egoten zen Xabier Lete, eta kontuan hartu behar gizarte oso industrial batean bizi izan zela. Oiartzuar bat Pasaian lanean egotean, bere sentsazioa izango zen bizitza galtzen ari zela, bizitzatik urruntzen ari zela.
Beraz, bere obsesioetako bat izan liteke denbora aprobetxatzearena.
Baietz uste dut. Bizitza aldakorra zela oso kontziente zen; eman zitzaion bezala kenduko ziotela jakitun zen. Tarte hori ahalik eta ondoen pasatzearen obsesio hori zeukan.
«Leteren tristetasun hori zen, finean, bizitza alferrik galtzeari beldurra»
Horregatik, poetaz gain, musikari ere egin zen?
Berak esaten zuen, musikari egin bazen, zela Lourdes Iriondoren ondoan ahalik eta denbora gehien pasatzearren. Aitzaki bat zela mundua partekatzeko.
Leteren kantagintzak bertsolaritzaren eragina zuen. Hor Oiartzunen jaio izanak zerikusia izan zuen?
Bai, bai. Bertsolaritzak eta ahozkotasunak zerikusi handia izan zuen beregan, bai.
Oraindik tesia egiten ari zara. Noizko izango duzu prest?
Datorren urterako aurkeztu beharko nuke, prorrogarik eskatu ezean. Oraindik mordoska bat falta zaidala sentitzen dut, eta ikusiko dugu noiz bukatuko dudan… Agian bukatuko dut, baina ez dut ezer baieztatuko.
Adibidez, Koldo Mitxelena Kulturunean 500 itemeko funtsa dago. Item bat izan daiteke orri bat, disko bat, liburu bat… Orain arte 200 item ikertu ditut, eta nire asmoa da denak ikertzea. Publikoak dira, baina oraindik ez daude denak ongi deskribatuta. Ez dakizu oso ongi zer topatuko duzun; begiratzen ari naiz ea zerbait interesgarria dagoen. Ikertzen duzunean beti daude gauza interesgarriak, eta saiatuko naiz item horiek guztiak begiratzen.