Ametsa pitzatu zaio Munttarperi
Munttarpek ez du Euskal Ligan jokatzeko eskubidea irabazi, asteburuko play offean finalerdietan kanporatua izan delako. Escolapiosek lortu du igotzea.

Ezin igo. Munttarperen gizonen eskubaloi taldeak ez du Euskal Ligan jokatzeko eskubidea irabazi. Asteburuko lauko finaleko lehen partidan, finalerdietakoan, galdu egin zuen Askartzaren kontra (20-26), hortaz, ezin finala jokatu, eta igoerari agur. Dezepzioa. Beti izan da irabazi. Baina hau pena.
Leioako Askartzaren kontrako partidetan Munttarpek zuen aurrekaria, maiatzekoa, ona zen. 20-27 irabazi zuten haien etxean Euskal Ligara igotzeko ligaxkan. Baina lesioek, entrenamenduetan jokalari nahikoa izateko arazoek, eta zergatik ez, sasoi bukaerako nekeak eragina izan dute taldean, eta ametsa pitzatu egin da. Ahul iritsi dira sasoiko unerik gorenera.
Euskal Ligarako igotzeko ligaxkan Urnietak lortu zuen han jokatzeko plaza. Asteburuko play-offean, Bilboko Escolapios taldeak lortu zuen bigarren lekua, finalean Askartzari irabazi ziolako. Munttarpek berdin jarraituko du 2019-2020 sasoian, baina aldaketekin.
Izan ere, taldetik adierazi dute gizonen taldeko jokalari plantillan aldaketak izango direla, egungo taldea osatzen dutenetako hainbatek aldez aurretik taldea uzteko erabakia hartua zutelako. Hortaz, kolpea jaso ondoren, altxatzeko unea iritsi da Munttarperentzat. Fitxaketen aroa hasi dute, hurrengo sasoiari indarrez ekiteko.