Alpeen gaineko argazki erakusketa Urdaburun
Ostegunean izango da argazki emanaldia Urdaburu Mendizale Elkartearen egoitzan, 20:00etan hasita. Hilaren 15ean errege abelbidearen zazpigarren eta azken etapa egingo du.
Alpeetara egindako irteeraren irudi bat. Urdaburu Mendizale elkarteak argazki emanaldia antolatu du ostegunean (hilak 6). Elkarteko kide den Patxi Otegirenak dira argazkiak eta berak egingo du emanaldia. Zehazki, iazko abuztuan Alpeetako Vanoise ingurura egindako bidaiaren argazkiak dira.
Emanaldiaz gain, argazki horiekin ere erakusketa antolatu dute elkartearen egoitzan eta ekaina osoan zehar izango da hura bisitatzeko aukera Urdabururen ohiko ordutegian.
Errege abelbidea
Halaber Errenteria-Oreretako mendizale elkarteak errege abelbideren zazpigarren eta azken etapa egingo du hilaren 15ean. Errezil eta Azpeitia lotuko dituzte ibilbide horretan, eta bidean, Sañuko gailurra igaroko dute. Zeharkaldia denera bost ordukoa izango da. Eguna ondo amaitzeko bazkaria egingo dute Azpeitiko jatetxe batean. Zumardiko autobus geltokitik irtengo da autobusa 07:30ean.
Izena eman nahi dutenek Urdabururen elkartera joan daitezke astearte eta ostegunetan 19:00etatik 21:30era, 943 527 879 telefono zenbakira deitu egun eta ordu berean, edo elkartearen web orriko formularioa bete.
