Lurdes Oiartzabal eta Martxel Bereau, Intxixu Trailen txapeldun
Oiartzabal lezoarra eta Bereau hondarribiarra hasieratik jarri dira euren kategorietako lasterketen aurrealdean, eta ez dute arazo asko izan irabazteko.
Ez dira urruti joan aurtengo gaur goizeko Intxixu Traileko txapelak. Emakumeetan Lurdes Oiartzabal lezoarrak irabazi du, eta gizonetan Martxel Bereau hondarribiarrak. Biek ala biek lehen kontrol puntutik azaldu dute gaurkoa haien eguna zela, irabazi nahi zutela. Alde ez oso handiarekin, baina esan daiteke lasai samar irabazi dituztela euren karrerak. Hori bai, iaz Oihana Kortazarrek eta Gorka Hertzek markatutako errekorrak ez dira erori.
Oiartzabalek, mendian, sasoi oso ona darama. Ikusgarria. Adibidez, Oarsoaldeko lasterketei dagokienez, San Markoko Igoera eta lehenengo Landarbaso Trail bere egin ditu. Sasoiko dabil lezoarra. Emakumeetan bigarrena Ainara Uribarri gazte (21 urtekoa) oñatiarra izan da. Eta hirugarrena, mendiko lasterketetan inguruko beste izen handi bat: Alizia Olazabal irundarra.
Gizonetan, lehen bi postuetan, bi ‘oiartzuartu’. Bereau irabazlearen ondotik Hodei Lujanbio goizuetarrak zapaldu du helmuga. Biak, Girizia-Intxixu Trail mendiko lasterketa taldekoak dira, ia oiartzuarrak, beraz. Brontzea Bilbora joan da gizonetan, Diego Pascualen etxera.
16 kilometroko mendiko lasterketa egiteko egun aproposa gaurkoa. Eguraldi ona, Girizia-Intxixu Traileko kideen antokuntza bikaina (detaile guztiak zainduz), eta Ergoien auzoko irterra-helmuga gunean giro ederra, haurrentzako lasterketa eta guzti. Lasterketako dortsal guztiak agortu egin dira.
Bihar (astelehena) lasterketaren irudi galeriak ikusteko aukera izango da OASOALDEKO HITZAren atari honetan.
Emakumeen sailkapena
- 1. Lurdes Oiartzabal (Lezo) 1:33:06
- 2. Ainara Uribarri (Oñati) 1:35:39
- 3. Alizia Olazabal (Irun) 1:36.57
- Sailkapen osoa ikusteko, joan Herrikrosa plataformaren webgunera.
Gizonen sailkapena
- 1. Martxel Bereau (Hondarribia) 1:19:22
- 2. Hodei Lujanbio (Goizueta) 1:20:37
- 3. Diego Pascual (Bilbo) 1:20:58
- Sailkapen osoa ikusteko sartu Herrikrosa plataformaren webgunean.