Intxaurrandieta eta Errazkinen aldeko ebazpena berretsi du Kontu Auzitegiak
Bigarren aldiz bota du atzera errauste plantaren lanak eteteagatik 46 milioiko zigorra ordain arazteko EAJk eta PSEk eginiko eskaera
Zubietako errauste plantaren lanak eteteagatik Markel Olanoren gobernuak (EAJ-PSE) ezarri nahi zien 46 milioi euroko zigorra ez dute ordaindu beharko Ainhoa Intxaurrandietak eta Iñaki Errazkinek. Hala berretsi du Espainiako Kontu Auzitegiak.
Bilduk foru aldundian agintean egin zuen legealdian (2011-2015), orduko GHK-ko buruek hartu zuten errauste plantako lanak gerarazteko erabakia. GHK-ko presidentea zen Intxaurrandieta; Errazkin, berriz, aldundiko Ingurumen diputatua. Biek eman zuten errauste planta eraikitzearen lanak etetearen akordioren berri.
Hori okerra izan zela salatu zuten EAJko eta PSE-EEko buruzagiek, eta, legealdi honetan, foru gobernuko agintea berreskuratuta, erabaki hori eta Bilduko buruzagi ohiak auzitara eraman zituzten. Bi bide erabili zituzten: ohiko auzitegietatik lehenik; eta horiek lehen instantzietan arrazoia eman zietela ikusi ondoren —Gorenak ere hala egin zuen aurtengo urtarrilean—, Kontuen Auzitegira jo zuten Intxaurrandieta eta Errazkini kargu hartzeko.
Kontuen Auzitegian, botere desbideraketa larriagatik salatu zituzten Bilduko bi agintari ohiak —aurreko gobernuak hartutako erabakia eteteagatik Gipuzkoako Batzar Nagusiaren gehiengoaren babesik gabe—, eta leporatu zizkieten, halaber, azpiegitura eraikitzeko lanen gelditzeak eragindako diru galerak: 46 milioi euro. Auzitegiak bat eginez gero, zor hori Intxaurrandietak eta Errazkinek ordaindu beharko lukete.