Izan zirelako izango dira
Urte oso zail batetik dator San Juan-Koxtape Arraun Elkartea, eta aspaldiko partez bi traineru nagusiak ez dira maila gorenean arituko. Aro berri baten atarian, ilusioa berreskuratzea izango dute xede sanjuandarrek.
Iazkoa urte gorabeheratsua izan zen San Juan-Koxtapen. Bateleren aferak hautsak harrotu zituen Pasai Donibanen. Aspaldiko partez, gainera, gaztez jositako gizonezkoen bi traineruek, lan dotorea egin arren, maila galdu zuten.
Aurtengoa, beraz, ezohiko egoera da elkartearentzat, bi traineru nagusiak, ETE eta KAE1 ligetan arituko dira eta gizonezkoen bigarren tripulazioa, KAE2n. Baina okerragoak bizi dituztela oroitarazi du Xabier Arraras San Juan-Koxtapeko presidenteak, «arraun elkarte honen historia luzea da eta beste batzuetan ere maila galdu dugu. Inork ez du gustuko, baina genuen mailara itzultzeko borrokatzen ari gara jada». Egoera berrira egokitu dira eta ez dituzte errudunik bilatuko, lehentasuna zale eta herriaren ilusioa berreskuratzea da.
Neskekin egoera bestelakoa da, funtsean, taldea erabat berria delako, egiturarik sendoena zuten iaz eta aurten hutsetik bat sortu behar izan dute. Galtzaile nagusiak herria eta jarraitzaileak direla berretsi du Arrarasek, baina aurrera egingo dutela «elkartea guztion gainetik dago. Berriz ere gerta ez dadin, lan egin behar dugu denok».
Arazoak arazo, arrosen uztak emankorrak izaten jarraitzen du. Aurten hiru traineru ureratuko dituzte berriz ere. Neguan zehar egindako prestaketa ona izan dela deritzote, sasoi ona egi- teko prest daude eta zergatik ez, emaitzak onak badira, gora begiratzeko.
Euskotren ligan parte hartzeari uko egin ostean, araudia zela medio, batelera gazteek, ETE Ligan hasiko dute aro berria. Elkartean egoeraz jakitun dira, neskek denbora behar dutela eta behar bezain beste emango diete, «badakigu aurten ez dituztela lortuko aurreko traineruaren emaitzak, pazientziaz jokatu behar dugu eta arraunlari gazte hauen lana babestu behar dugu». Ikasteko eta gozatzeko denboraldia izango da aurtengoa, baina ez diote hazteari uko egiten. Gaztetan lortutako emaitzek klubean baikortasuna eragin dute.
Mutilen kasuan, helburu ezberdinak dituzte A eta B ontziek, baina biek dute gaztetasuna ardatz. Zangoak lurrean badituzte ere, A ontziak ilusioa piztu du agintarien artean. KAE1eko goiko postuetan egoteko gaitasuna badute, eta ez diote igoerarekin amesteari utziko.
Zailagoa izango da, ordea, KAE2ko bigarren traineruak maila berreskuratzea. Iaz asko sufritu zuten behealdean eta ez zuten gozatzea lortu. Dena den, B traineruaren xedea bestelakoa da, «lehen traineruan ariko diren arraunlari gazteak prestatzea da B ontziaren helburua», adierazi du Arrarasek. Presioa kendu nahi diete gainetik eta sustengua adierazi, «haien helburua sasoi polita egitea da, eta beheko postuetatik urrun, lasai aritzea. Arraunlari izateko gai direla sinistea nahi dugu».
Harrobi gabe, jai
Zuzendaritzan badakite lehiakor izateko giltza gazteak zaintzea dela, «klub handienekin alderatuz, urria da dugun aurrekontua. Harrobia da egoera horri aurre egiteko baliabiderik onena. Egin dezakegun apusturik iraunkorrena da». Bide zuzena hartu dutela dirudi; aurten ere hiru traineru dituzte lehiatzeko prest.
Gizonen A trainerua etxekoekin osatu dute erabat. Emakumeena, hutsetik sortutakoa, harrobiko gazteekin bete da hein handi batean. Geroz eta konplexuagoa da trainerua betetzea. Talde handiek fitxaketak egin ditzakete, talde txikiek, ordea, harrobiarekin elikatu behar dituzte ontziak, baina geroz eta gazte gutxiago daude arraun elkarteetan. Koxtapek, baina, harrobi oparoa izaten jarraitzen du. Gazteekin lan egiteko modua, izen ona eta herriaren zaletasuna dira gakoak Arrarasen esanetan, «Donibane, Orio, Hondarribia edo San Pedro berak, herri txikiak izan arren, lotura historikoa dute arraunarekin. Arraun egin nahi duenak badaki nora jo».
San Juan-Koxtaperen helburua, erakundearen izen ona zaintzea da eta beti bezala, onenekin lehiatzen jarraitzea da. Baina gaur egun, batzuen eta besteen arteko arrakala ekonomikoa saihesteko modu bakarra,etxean lehen mailako arraunlariak prestatzea da. Lana da, baina hartutako bidearekin asmatu dutela uste dute. Behera egin arren, etorkizuneko emaitzak harrobiaren bidez lortuko dituztela ziur dira. Egitura sendoa zein zaleen babesa ez dute gal-du, arrakastarako harribitxia etxean dute.
Guruzne Azpiroz: «Gazteekin lan egiteko aukerak asko motibatu ninduen»
Etxera itzuli da Guruzne Azpiroz. Arraunlari izandakoa, emakumeen entrenatzailea izango da sasoi honetan. Iaz Lapurdin entrenatzaile lanetan ibili ostean, Batelerak traineruaren ardura bere gain hartu du oiartzuarrak. Aro berriko lehen entrenatzailea izango da, ez da erronka makala.
Lehen urtea duzu bateleren entrenatzaile gisa, baina ongi ezagutzen duzu elkartea, nolakoa izan da itzulera?
Etxera itzuli naiz. Klubak oso egoera berezia bizi izan zuen iaz. Laguntza behar zuten, nesken traineruaz arduratzeko galdegin zidaten eta baietz esan nuen.Gainera, banekien atzetik neska gazteak zetozela eta horrek asko motibatu ninduen. Gazteagoak zirenean, entrenatzen ikusi ni-tuen eta banekien zer egiteko gai ziren.
Trainerua hutsetik osatu duzue, erronka handia izan da?
Hasieran zailtasunak izan genituen. Arraunlari kopurua ez zen nahikoa trainerua betetzeko. Aurredenboraldi osoan zehar han-hemenka ibili gara arraun-lariak bilatzen. Horien jarrerari dagokionez, ordea, kexarik ez,apartak dira.
Oriok utzitako arraunlariekin bete duzue trainerua. Nola lortu zenuten hitzarmena?
Gazte eta Senior mailen artean sarritan ez dago jarraipenik, hau da, eskarmentu gutxirekin iristen dira arraunlariak trainerura. ETE Ligan gazte mailako arraunlariek parte hartu ahal dute, hortaz, kanpoko klubentzat mesedegarria da, haien arraunlari gazteek esperientzia bereganatzen dutelako Senior Mailara iritsi baino lehen.
Gazte Mailan sasoi onak egin dituzte zuen arraunlariek, etorkizuneko proiektu bat duzu eskuartean?
Denak seniorrak izan ez arren, neska hauek arraunlariak dira. Serio egiten dute lan, eta lehiatzen badakite. Baina 17 eta 19urte arteko neskatoak dira. Denbora behar dute, blokea sendotzeko, elkar ezagutzeko eta fisikoki guztiz osatzeko.
Zeintzuk dira zuen helburuak?
Batez ere gozatzea. Goiko postuetan egon nahiko genuke, baina ez dugu jakingo denboraldia hasi arte.
Bateleren arrastoa oso luzea da, presiorik bai?
Gu kentzen ahalegintzen gara, baina oharkabean haiek hartu dute presioa bere gain. Nolabait ulergarria da, erreferentetzat zituztelako arraunlari horiek. Baina egoera oso bestelakoa da, tripulazioa guztiz berria da eta herriak badaki hori. Ez lukete presioaz arduratu behar.
Hilaren 15ean hasiko duzue sasoia etxean.
Ez dakit abantaila ote den hori. Arraunlarien urduritasuna areagotu dezake horrek. Dena den,motibatuak gaude eta badakigu zaleak gurekin izango ditugula.
Juan Mari Etxabe: «Goiko postuetako borrokan egon nahi dugu»
Hirugarren denboraldia hasiko du Juan Mari Etxabek arrosen gizonen traineru nagusiarekin. Aurten, lehen aldiz, KAE1 Ligan. Maila galdu badute ere, lan ildo nagusiari eutsiko diote, harrobian gazteak prestatzeari hain zuzen ere.
Kolpe latza izan zen iazkoa, nola eragingo dizue?
Iazko kolpeak on egingo digu aurten, beste era batean lan egiteko. Baina ilusioa ez dugu galdu eta gazteei indarrak ematen saiatzen gara. Onerako edo txarrerako izango ote diren ikustear dago.
Aldaketarik egin duzue lan egiteko eran?
Bai, denboraldiaren prestakuntza, medikua edota prestatzaile fisikoa aldatu ditugu, besteak beste.
Zuen taldearen oinarria harrobia izaten jarraitzen du.
Trainerua harrobian prestatutako gazteekin hornitzen ahalegintzen gara, bai. Seniorrekin lehiatzeko eta sufritzeko grina barnera dezaten prestatzen ditugu. A trainerua harrobiko arraunlariekin bete dugu osoki. Hala ere, geroz eta lan zailagoa da. Orio eta Hondarribiak, adibidez, harrobirako egitura sendoa dute, baina gutxik bizi dute halako egoera. Gazteen fitxek behera egin dute eta orokorrean talde txikiek arazoak dituzte talde gazteak osatzeko. Trintxerpe berak ez du trainerurik gaur egun, Hibaikan larri ibili da betetzeko, San Pedrok ez du bigarren trainerurik…
Zer dela eta arazo horiek?
Estrukturala da, jaiotza tasak be-hera egiten duen heinean, gazte gutxiago egongo dira kirol taldeen parte izateko. Futbola da gure inguruko erregina eta haiek ere arazoak dituzte gazteak topatzeko. Kirolen erreginak arazoak baditu, kirol txikiek zer esanik ez! Gu zortedunak gara, arraunarekiko zaletasun handia duen herrian bizi garelako. Euskal Herriko hedabideetan, gainera, indarra du. Baina denborak aurrera egin ahala, gazteak topatzeko zailtasuna nabariko dugu.
Oso ezberdina izango da KAE1 Ligan lehiatzea?
Kirol arloan ez. Denok dugu helburu berdina, arraunean txukun aritzea eta norberak bere buruari jarritako helburua betetzea. Zaila da, baina guk goiko postuetan egon nahi dugu, maila berreskuratzeko borrokan. Bulegoetan, ordea, ezberdintasunak badaude, batez ere, diru sarrerei dagokienez. Baina egoera berria da hau eta egokituko gara.
Fisikoki taldea prest dago?
Beti bezala lesio bat edo beste dugu, baina orokorrean gustura gaude orain arte ikusitakoarekin. Azkeneko estropadan, Mutrikun, trainerua oso ongi moldatu zen eta itxaropentsu gaude. Hala ere, errealistak gara eta ba-dakigu sasoia hasi arte ez dugula jakingo gure maila zein izango den.