Kontzientziak pizteko
Kontsumo arduratsua sustatu eta herritarren artean kontzientziazioa zabaltzea du helburu hilaren 15etik 20ra bitartean egingo den Energia Azokak.
Energiaren Astea antolatu du hirugarrenez Errenteriako Udalak. Larunbatean hasita, hitzaldiak, azoka, eta jardunaldiak antolatu ditu kontsumo arduratsua sustatu eta herritarren artean kontzientziazioa zabaltzeko Piztu Energia Ekoaktiboa goiburuarekin. Bernar Lemos Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, “energia arloan ahalduntzerako tresnak herritarren eskura jartzea da helburua, gero eta ekoaktiboagoak izan daitezen”.
Gaur aurkeztu dute astea Lemosek eta Jose Cruz Legorburu Ingurumen zinegotziak. Leku adierazgarria aukeratu dute gainera egiteko, eta etsenpluarekin predikatzeko: Galtzarabordako kiroldegiko teilatu laua. Plaka fotovoltaikoak ditu bertan kokatuta udalak pasa den ekainetik. garai hartan oraindik ere “bidesariak” eta “mamuak” zeudela autokontsumoaren inguruan azaldu du Nikolas Bengoetxea Errenteriako Udaleko Iraunkortasun teknikariak: “Lehenengo urtean esan genuen autokontsumoa posible. Instalazio hau lehen zegoen legediarekin egina dago, legedi aldaketa egon da eta orain autokontsumoarekin iraultza energetiko bat etorriko da. Hemen ikusten dugun honek erakusten du posible dela”.
Kiroldegiko teilatuan dagoen plaka fotovoltaikoen instalazioarekin 10.000 kilowat-orduko energia lortzen dute, etxebizitza pare bat urtean kontsumitzen duten energiaren baliokidea baino gehiago lortzen du. Errenteria-Oreretako lau ikastetxeetan dituzte instalazioak, Hiri Mantenuan beste bat, eta Lekuona eraikinean orain hasiko dira halako beste instalazioa egiten autokontsumorako, “Galtzarabordako kiroldegikoaren halako lau izango da Lekuonan jarriko dena”.
Energiaren Astearekin herritarren kontzientziazioa lortu nahi du udalak, baina ez da hori helburu bakarra, “Europako Energiaren Astearekin ere bat egin nahi dugu, eta 2020rako errenteriarrok %20,16 CO2 gas isuri gutxiago egiteko jarrai dugun helburuari begira urratsak egitea ere”.
Larunbatean hasiko da astea, eta egun horretan Energia Azoka, Watt erronka eta etorkizuneko ibilgailuen erakusketa antolatu dituzte Zumardian 10:00etatik 14:00etara. Usurbilgo Lanbide Eskolaren eskutik energia berriztagarrien eta energia eraginkortasunaren azoka izanago da. Horren barruan ibilgailu hibrido, elektriko eta GLPkoen erakusketa antolatu dute eta sei auto markek 11 ibilgailu ekarriko dituzte. Horietako bost gidatu eta probatzeko aukera izango da gainera.
Azokaren barruan ere, watt erronka egingo dute hiru ergometrorekin Touringek, Oiarso Saskibaloi taldeak, Errenteriako Atletismo Taldeak, eta Hibaikako infantil eta kadete mailako neska-mutilek energia gehiago nor sortuko, 2.400 metroko serieak eginez. Nabarmendu dituztenen artean, hilaren 19an (asteazkena) Instalazio fotovoltaikoak: ahalduntze energetikoa izenburupean Goienerrek eta Energia Garak egingo duten hitzaldia 18:00etan hasita Reina aretoan, eta Tokiko energia komunitateak bultzatzea jardunaldia hilaren 20an (osteguna) Reina aretoan 11:00etatik 14:00etara administrazioarentzat eta enpresentzat eta 18:00etatik 20:00etara herritarrentzat. Goizeko jardunaldian, Aiguasoleko Alex Ivancik eta Oriol Galvaldak, IDAEko Luis Garciak, Goienereko Xabier Loiarte eta Energia garako Txetxu Ezkurrak hartuko dute parte. Arratsaldeko jardunaldian, berriz, Aiguasoleko Alex Ivancik, Societat Organikako Fabian Lopezek, Goienereko Xabier Loiarte eta Energia garako Txetxu Ezkurrak hartuko dute parte.
Ekitaldi guztietan parte hartzera deitu dituzte herritarrak Legorburuk eta Lemosek, “ekoaktiboagoak izateko bitartekoak eskura izango ditzutelako antolatutako hitzaldi eta jarduerenbidez”. Lehengoak gainera agurtzeko baliatu du agerraldia. Hilaren 15ean, datorren larunbatean osatuko dute udalbatza berria eta Legorburuk ez du jarraituko zinegotzi lanetan datorren agintaldian.
Energia Astearen egitaraua
- Ekainak 15, larunbata: 10:00etatik 14:00etara Energia Azoka, Watt erronka eta etorkizuneko ibilgailuen erakusketa Zumardian.
- Ekainak 17, astelehena: 18:00etan Eraginkoratsun handiko birgaitzea: zure etxerako baliagarria, dirua aurrezteko eta osasua irabazteko argitu tailerra Reina aretoan. Aldez aurretik izena eman behar da hilaren 13a baino lehen 628 532 248 telefono zenbakira deituta edota posta elektroniko bidez.
- Ekainak 18, asteartea: 18:00etan Etxean Energia aurrez deakezu erosotasunik galdu gabe. argitu tailerra.Reina aretoan.
- Aldez aurretik izena eman behar da hilaren 14a baino lehen 628 532 248 telefono zenbakira deituta edota posta elektroniko bidez.
- Ekainak 19, asteazkena: 18:00etan, Instalazio fortovltaikoak: Ahalduntze energetikoa hitzaldia Goienerrekin eta Energia Gararekin, Reina aretoan.
- Ekainak 20, osteguna: Tokiko energia komunitateak bultzatzea 11:00etatik 14:00etara administrazio publikoenpresei begira instalazio fotovoltaikoez arituko dira. 18:00etatik 20:00etara jardunaldi bera herritarrei begira.