[Bideoa] Aizpea Otaegi: "Ni hemen egotea, emakumeon, mugimendu feministaren eta gizarte osoaren lorpena eta garaipena da"
Errenteriak, lehenengoz bere historian, emakumezko alkatea du gaurtik. Aizpea Otaegi Mitxelenak gaur hartu du kargua. Ezustekorik ez zen espero gaurko udalbatza berriaren osaeran.
Errenteriak, lehenengoz bere historian, emakumezko alkatea du gaurtik. Aizpea Otaegi Mitxelenak gaur hartu du kargua. Ezustekorik ez zen espero gaurko udalbatza berriaren osaeran eta alkatearen izendapenean, gehiengo osoa ziurtatua zeukalako Aizpea Otaegik EH Bilduko zerrendaburuak Elkarrekin Podemoseko zinegotzien babesarekin.
Otaegi izan da hautagaitza aurkeztu duen bakarra, beste alderdietako zerrendaburuek uko egin diotelako beren burua aurkezteari. Logika kontua ere izan da, ziurra zelako Otaegi bihurtuko zela alkate gaur, ez zen beste aukerarik.
Ezustekorik ez, baina emozioz bizitu da udalbatzarra. Begiak lausotu zaizkio bati baino gehiagori gaurko saioan, zinegotzien artean, zein publikoan ere. Pleno aretoa lepo izan da jarraitzeko udalbatzaren osaera, eta Herriko Plazan ere herritar ugari bildu da pantaila erraldoian zuzenean eman duten saioa jarraitzera. Txaloak pleno aretoan eta Herriko Plazan, zinegotzi guztiek bozkatu ondoren, 12 aldeko boto eta 9 zurirekin Otaegi alkate izendatu dutenean.
Aurretik, kargua hitz eman dute udalbatza berria osatu duten zinegotziek. Formula ezberdinak baliatu dituzte horretarako, PSE-EEko zinegotziek izan ezik, gainontzeko guztiek, nagusia honakoa: “Zin dagit, legeak hala behartuta”. Bereziak ere izan dira, ordea, eta berezi horien artetik, Jose Manuel Ferradas Elkarrekin Podemoseko zinegotziarena. Gerrako haurra izan zen Antonio Priorri egin dio aipamena kargua zin egiterakoan, “errepublikazalea, Meliton Manzanasek torturatua, eta pertsonek eta herriek aske beren etorkizuna erabaki behar dutela sinistuta zegoen Priorren oroimenarekiko konpromisotik, legeak behartuta zin dagit”.
Alazne Korta EH Bilduko zinegotziaren karguari zin egitea ere berezia izan da: “Zin egiten dut legeak horrela behartuta, herri honi diodan maitasunagatik, bertakoa izateaz sentitzen dudan harrotasun eta arduragatik, orain arte bezala, herri hau eraikitzen jarraitzeko dudan hoberena emango dudala”. Euskal Errepublikaren aldeko konpromisoa aipatu du Bernar Lemosek, eta EH Bilduko bere taldekide Itziar Ostolazak, berriz, herriarekin eta herriarentzat lan egingo duela zin egin du, “sentituz, pentsatuz eta ekinez”.
Txalo artean hartu du kargua Otaegik. Aginte makila Julen Mendoza alkate ohiaren eskuetatik jaso aurretik hitza hartu du. “Eskerrik asko”, horiek bere lehen hitzak, EH Bilduri botoa eman dioten herritarrei zuzenduta, baita bera alkate izatea ahalbidetu dutenei ere, zinegotzi guztiei beren konpromisoagatik, eta bereziki gobernukide izan dituzten eta izango dituzten Elkarrekin Podemoseko zinegotziei.
Feminismoari keinu, emakumeei aitortza
Eskertzekin amaituta, “memoria ariketa” egin du Otaegik bere hitzartzean. 40 urtera atzera egin du, 1979. urteraino jo du, “Franco diktadorea hil ondoren egin ziren lehen hauteskundeen ostean apirilaren 20an osatu zen udalbatza. Orduan izendatu ziren zinegotzien artean bakarra izan zen emakumea, alderdi sozialistako Abelina Jauregi, hain zuzen ere. Gobernu taldean parte hartu zuen lehen emakumea ere izan zen. Errenteriako Berdintasunerako Kontseiluaren ekimenez argitaratutako ‘Errenteriako emakumeen aztarnak’ liburuan horregatik agertzen da, herri honetan bide urratzaile izan diren beste hainbat emakumerekin batera”.
Bigarren eta hirugarren emakume zinegotziei ere egin die aipamena Otaegik, eta gogora ekarri du 1983ko maiatzean alderdi sozialistako Mari Carmen Ruiz eta Herri Batasunako Mertxe Usabiagak hartu zuten zinegotzi kargua. Ordutik izendatu diren zinegotzien herena baino gutxiago izan direla emakumeak nabarmendu du, “gaur Abelina Jauregi emakume bakarra zinegotzi izendatu eta 40 urte geroago, lehen aldiz emakume bat dago eserita ni orain jarrita nagoen eserleku honetan, alkatearen tokian eta aitortza egin nahi diet bide urratzaile izan diren emakume guztiei, etxe honetan bezala, norberaren etxean, fabrikan edo kalean gu baino lehenago izan diren horiei, gure bidea erraztu eta posible egin dutelako. Ni eta gu gaur hemen egotea oso inportantea da, lorpena eta garaipena, emakumeena, mugimendu feministarena, gizartearena bere osotasunean”.
Paisaia humanoa aldatzea ez dela nahikoa esan du Errenteriako alkateak, hori baino gehiago aldatu nahi dutela erantsi du, “gure ekarpenak harago joan nahi du, politika egiteko moduari eta politikoaren izendapena merezi duenari gure ekarpena egin nahi diogu”.
Erronka handiak dituztela aurretik esan du Otaegik: “HAPOAren berrikuspena egingo dugu agintaldi honetan, eta desio dugun herri eredua erabakitzeko parte hartze prozesua. Lekuona gure ekosistema kulturalaren parte bilakatuko da, sorkuntza lanbideen erreferentzia zentroa sortuko dugu Agustinetan, Barandiaran parkea, Errenteriaren 700. urteurrena izango dugu tartean. LGTBIfobia eta kolektibo horren kontrako diskriminazioa ezabatzeko agintaldia izango dugu honakoa, bestalde. Proiektuetako batzuk baino ez dira aipatu ditudanak, gure herria hobetzea helburu dutenak, eta batez ere, bertan bizi garenon bizitza hobetu nahi dutenak”.
Zaintza, ezinbesteko
Zaintzari ere egin dio erreferentzia, izan ere, ezinbestekotzat jo du pertsonen bizimodua erdigunean jartzen dituen politikarako: “Gure beharrak aldatzen dira bizi aroaren arabera, baina ezinbestekoa da zaintza eta horrek norbera zaintzea suposatzen du, maite ditugunak zaintzea, auzoan gertatzen denarekin kezkatzea, kolektiboa dena zaintzarekin, materiala izan edo ez, parte hartzea da hori, komunitatearekin eta komunitatearentzat inplikatzea. Horretarako oinarrizkoa da instituzioaren papera, baina baita jendearekin konpromisoa, osatzen dugun komunitatearen gizon eta emakumeen arteko inplikazio partekatzea, erantzunkidetasuna ere”.
Politikoa den hura bezain garrantzitsua da egiteko modua Otaegiren esanetan, etika eta balioak nabarmendu ditu berriz ere alkateak, eta eskaera zehatza egin dio oposizioari,”konprometitu gaitezen elkarrizketarekin, lasaitasunez eta errespetuz egindako eztabaidarekin, eta ahal den guztietan akordiora hel gaitezen. Udalbatza honetan egon nahi badugu gauzak aldatzen jarraitzeko da, justizian eta berdintasunean oinarritutako herria eraikitzen jarraitzeko; irudimena erabiliz, posible denaren markoa gaindituko duten politikak garatzeko. Eta gauzak aldatzen jarraitzea, gauzak egiteko moduak zaintzea ere bada, eta udalbatza honetan eta beste edozein erabakigunetan ere nahiko genuke lan egin etengabe aliantzak eraikiz, elkarri aurpegira begiratuz, behetik eraikiz, komunitatetik, herri mugimenduetatik, inor bazterrean utzi gabe, hitz eginez, elkarrizketan, kontraesanetan eta batzuetan gatazkan, bideari eta nolakotasunari garrantzia ematen eta ahal dela barre eginez”.
Makilarekin batera herri agintearen ikurra da zumea, eta zume uztai bana eraman die Otaegik zinegotziei, “erraz borobiltzen da zumea, badaki inguruaren beharretara moldatzen, malgua delako, moldagarria da, eta ez du ezerk berehalakoan hautsiko. Zuek ere zume bana duzue eta guztiek bana izatea bakoitzak izango dugun agintetik eta arduratik hala jokatzeko gonbidapena luzatzen dizuet”.
Datozen lau urteetan aginte makilaren eta aginte zumearen baliorik onenak bere eginez erantzuteko konpromisoa hartu du Otaegik. Ohorea aipatu du azkenik, “aginte makila Julen Mendozarengandik jasotzea ohorea dudalako”.
Mendozak eman dio aginte makila eta handik balkoira irten da Otaegi Herriko Plazan ziren herritarrak agurtzera. Txalo artean hartu dute alkate berria bilduta zirenek; EH Bilduko zinegotziak batu zaizkio ondoren, eta Elkarrekin Podemosekoak azkenik. Txalo zaparrada eman diete berriz ere bildutakoek.