[Bideoa] Jesus Mari Martiarena, bigarrenez Lezoko alkate
EAJko Jesus Mari Martiarena izango da bigarrenez jarraian Lezoko alkate. Ez da sorpresarik izan gaur goizeko udalbatza eratze eta alkatearen kargu hartze ekitaldian. Bi hautagaitza aurkeztu dira alkaterako, Martiarenarena, eta Mikel Arrutirena (EH Bildu). 13 zinegotzi izanik, zazpik Martiarenaren aukeraren alde egin dute (EAJko seiek, eta PSE-EEko Jose Angel Sanchezek), eta seik Arrutiri eman diote botoa (EH Bilduko sei zinegotziak). 2019-2023 legealdian, beraz, Jesus Mari Martiarena izango da Lezoko alkatea, PSE-EEren babesarekin alkatetza emateko botoan, eta gobernuan.
Bete egin da pleno aretoa herritarrez plenorako. Gehienak, EH Bilduren ildoaren aldekoak. EAJren aldekoak ere bazeuden, tartean, Pasaian izendatu berri izan diren zinegotziak (10:00etan izan da Pasaiako plenoa, Lezokoa 11:30ean hasi da). Motza izan da udalbatzarra: plenorako mahaia osatu dute zinegotzi gazteenarekin eta helduenarekin (EH Bilduko Aitzol Saizar, eta Martiarena bera). Denen kredentzialak eta aitorpenak ere zuzen zeuden. Ondoren, zinegotziek zin-egitea egin dute, talde politiko bakoitzak bere formula erabiliz: EAJkoek “legeak horrela aginduta, bai” esan dute; EH Bildukoek, berriz, “legeak behartuta eta Euskal Errepublika lortu arte, bai” esamoldea erabili dute. Jose Angel Sanchezek (PSE-EE), “bai” soilarekin onartu du bere ardura. Horren guztiaren ondoren, alkatea erabakitzeko bozketa: 7-6 Martiarenaren alde. Txaloak behin kontaketa bukatuta.
Hizketaldi bakarra
Plenoa Jesus Mari Martiarenak gidatu du (hura zen jarduneko alkate, bozketaren aurretik), udal idazkariaren laguntzarekin. Alkate izendapena jaso eta gero ere, oraindik plenoan, ez du hartu hitza. Udalbatzarra bukatu denean, bai, erantzun ditu HITZAren galderak. Pozik agertu da Martiarena alkate izaten jarraituko duelako, “aurreko agintaldian martxan jarritako egitasmoak aurrera eramateko aukera izango dugu horrela. Eskerrak eman nahi dizkiet lezoarrei. PSE-EEren babesarekin egitasmo horiek aurrera eramateko aukera hobea izango dugu. Eskerrak eman nahi dizkiot ere EH Bilduko Mikel Arrutiri izan duen zuzentasunagatik”.
Izan ere, plenoa bitartean, hitza hartu du EH Bilduren alkategaiak. Udalbatzarrean hark bakarrik adierazi du bere aldartea. Lehenik, euskal preso politikoei, eta bereziki Lorentxo Aiestaran Fanekas-i babesa azaldu die; ondoren, Altsasuko gazteen aldeko itxaropen mezua zabaldu du, “gaur haietako batzuk 943 egun daramatzate bahituta, eta Altsasuko herriari ere sostengua adierazi nahi diot. Abestiak dioen moduan, gezurretik egia, aurrera Altsasu“. Horren ondoren gogoan izan ditu Kataluniako preso politikoak eta herria, “besarkada bat haiei, haiek bezala guk ere, berandu baino lehen ziur gaude gure errepublika lortuko dugula”.
EH Bilduri botoa eman dioten 1.418 lezoarrei eskerrak eman dizkie Arrutik. Beste aukeren baten alde egin dutenentzat ere izan da esker mezurik. “1.418 boto horiengatik lehen indarra izan gara, irabazi dugu. Hauteskundeak baino lehen, gure asmoa, ideia, bazen ezberdinen arteko lankidetza bultzatzea. Emaitzak ikusita, hori argiago dugu. Hori da Lezok behar duena”. Hori horrela, Lezoko EAJ bilerara deitu zutela oroitarazi du Arrutik, eta bertan euren irakurketa adierazi zietela EAJkoei, “lankidetza bultzatzearen ideia nabarmendu genuen. Erantzunaren zain gelditu ginen. Atzo arratsaldean (ostirala) deitu ziguten, bakarrik esateko PSE-EErekin akordioa egina zutela. Gure proposamenaz, ezer ez. Hau da hautatu duzuen bidea [EAJko zinegotziei begira], oso ondo, baina guk gure mezuarekin jarraituko dugu: Lezok ezberdinen arteko lankidetza behar du”.
Udaletxeko areto nagusiko zinegotzien mahaiaren bueltan zirenen jarreraren analisia ere egin du Arrutik. “Bitxia da, aurrean ditudanek alkatetza lortu dute, baina triste aurpegia dute. Gu, aldiz, irribarre batekin gaude. Guretzat alkatetza ez da helburua. Helburua Lezo berri bat egitea da, irekia, alaia… Lezo Errotik prozesuan gure proiektua sortu genuen. Eta esan behar dut gure lana, hemendik aurrera, ez dagoela pareta hauen barruan, gela itxi hauen barruan, herrian eta herritarrekin baizik. Irribarre batekin eta elkarrekin lanean jarraituko dugu”.
Pertsonaletik, gurasoei eskerrak eman dizkie Arrutik, azken urtean semearekiko azaldu duten jarreragatik, “azaldu didaten babesagatik, azken urtean udalak eta hauteskundeek eskatzen zizkidaten lanek denbora eta gogo asko behar izan zituztelako”.
Ohitura bat mantendu du ere Arrutik. Martzelino Legorburuk bertsoa bota ohi zuen udalbatza eraketa eta alkate izendatze egunean. Horri ekin dio EH Bilduko kideak, Julio Soto bertsolariak Nafarroako Bertsolaritza Txapelketaren finalean abestutakoa baliatuz, “bizitza nola ulertu azaltzeko baliagarri da”. Beheko bideoan bertsoa, eta denen partetik jaso duen txalo zaparrada. Horren ondoren, aretoan ziren hainbat herritarrek “Arruti alkate” oihukatu dute.