Donostiako hilketaren harira atxilotutako gizona aske uzteko agindu du epaileak
Datozen orduetan, epaileak auto judizial bat igorriko du, Udaltzaingoaren esanetan.
BERRIA egunkariak jakinarazi duenez, aske gelditu da Donostian igandean izan zen hilketaren harira atzo goizean atxilotu zuten gizona. Ikerketa eginda epailearen esku utzi duela informazio guztia jakinarazi du Donostiako Udaltzaingoak, eta epaileak atxilotua aske uzteko agindu du. Datozen orduetan auto judiziala igorriko duela epaileak jakinarazi du, bestalde, Udaltzaingoak.
Igandean izan zen gertakaria Donostiako Gros auzoko Mirakruz kalean 10:00etan. Eraso ostean, lurrean zauri larriekin aurkitu zuten 61 urteko gizona emergentzia zerbitzuek, eta Donostia Ospitalera eraman zuten. Igandetik garun heriotza egoeran zegoen errenteriarra eta astelehen arratsaldean zendu zen. Donostiako Udaltzaingoak eta Ertzaintzak ikerketa abiatu zuten erasotzailea atxilotu eta erasoaren arrazoiak jakin asmoz. Kasuarekin lotuta pertsona bat atxilotu zuten atzo Donostian, eta gaur aske utzi dute epailearen aginduz.