Eskuin muturraren erretorika baztertzailea desmuntatzen
Igandera arte hartuko du Antxoko Kultur Etxeak eskuin muturrari buruzko erakusketa. Fenomenoaren testuinguruan, diskurtsoan eta ordezkarietan jarri dute ikusmira.
Korronte xenofoboen diskurtsoak hedatzen ari dira, baita Euskal Herrian ere. Eskuin muturrak gizartean izan dezakeen eragin suntsikorra Pasai Antxoko Kultur Etxean erakutsiko dute asteburuan zehar.
Oharkabean diskurtso baztertzaileek eta pertsonai autoritarioek, bere lekua topatu dute gizartean. Hau da, eskuin muturreko alderdi eta mugimenduek geroz eta botere gehiago dute. Euskal Herrian ez dute ordezkaritzarik, baina inguruko ahots intoleranteak geroz eta ozenago entzun daitezke. Adi egoteko, eta eskuin muturraren gezurrei aurre egiteko, SOS Arrazakeriak eskuin muturraren gakoak banan-banan desmuntatu ditu, hezitzailea bezain sinplea den erakusketaren bitartez. Hauek dira ildo nagusiak.
Testuingurua
XX. mendearen amaieraz geroztik eskuineko mugimenduek, populista zein tradizionalistak etengabeko hazkundea jasan dute, haien ordezkaritza hirukoiztu dute eta. Azken hamarkadan, ordea, hazkunde hura bizkortu egin da, eta egun, eskuin muturra baleko aktore politikoa da Europan. 2019ko Europar Batasuneko hauteskundeek, panorama beldurgarria utzi dute, 2014ean 125 eserleku zituzten Europar Legebiltzarrean, gaur egun, ordea, 174.
II. Mundu Gerra osteko testuinguru politikoan mugimendu faxista eta intoleranteak desagertutzat jo ziren (Espainian eta Portugalen izan ezik, diktadura faxistek 1970ko hamarkadara arte iraungo zuten bertan). Eskuin muturra ahuldu bai, baina guztiz suntsitu ez, eta ondorioak orain ageri dira; faxismo eta populismoa biziberrituta daude.
Duela 25 urte ezinezkoa zirudiena, errealitate bihurtu da gaur, boterea dute. Hainbat herrialdeetan aginte nagusia lortu dute, Hungarian edo Polonian esaterako. Beste herrialde batzuetan gobernukide dira, Italian adibidez, edo duela gutxi arte Austrian. Beste kasu batzuetan gobernuaren parte izan gabe, eskuineko gobernuak sostengatzen dituzte, VOXek Andaluzian egiten duen bezala. Oposizioko lidergoa ere hartu dute hainbat herrialdetan, Frantzian Le Penen Batasun Nazionala eta Finlandiarren Alderdia Finlandian. Kasu guztietan baliokide berdina dago, eskuin liberal eta kontserbadoreko alderdiek agintzeko zilegitasuna eman diote mugimendu intolerante hauei.
Eskuin muturraren gorakada, eskuineko sistema neoliberalak berak sortu du hein handi batean. Gizarte eredu kapitalistaren krisiak eta Europar Batasunaren oinarri ekonomizistaren kontraesanak milioika pertsonen ezinegona eragin du. Ezkerrak gainera, tokian tokiko salbuespenak izan ezik, ez du jakin bere diskurtso eta aldarrikapen aurrerakoiak, egungo testuinguruan kokatzen. Horrenbestez, geroz eta jende gehiagok bat egiten du aukera atzerakoiekin.
Erretorika baztertzailea
Eskuin muturraren indargunea, diskurtsoan datza. Hartzaileak asaldatzea eta haien sentimenduengan eragitea dute helburu. Arrazionaltasunak ez du lekurik. Erretorika, ardatz nagusi baten inguruan mugitzen da, kanpoko etsaiari eraso egitea. Eskuin muturrak gizartearen irakurketa kultural eta arrazista egiten du. Haien etsaia, beste herrialde batetik datorrena da, haiekiko arrotza dena. Herriaren definizio homogeneizatzailea egiten dute, gutxiengoei eraso eginez. Gainera, nahita baztertzen dituzte gizartearen analisi sozial eta ekonomikoak, hau da, klase ikuspegia. Azkenik gizartea eraldatu nahi dituzten korronteei eraso egiten diete. Feminismoarena eredu argia da: eskuin muturrak etengabe erabiltzen du ‘genero ideologia’ kontzeptua. Luzaz inork ez ditu diskurtso hauek gezurtatu, ondorioz, xenofobia, matxismoa eta intolerantzia oso hedatuta daude.
Eskuin muturraren beste lorpena, oinarri herrikoia duela sinestaraztea izan da. Europan, mugimendu neofaxisten bozak langile klaseko auzoetatik datoz batez ere. Hainbat alderdik gainera, politika publikoen aldeko jarrera agertzen dute liberalismoak ez bezala eta ongizate estatua defendatzen dute. Baina errealitatea guztiz kontrakoa da. Boterean diren lekuetan, aberatsenen zergak izugarri jaitsi dituzte eta politika sozialak nabarmen murriztu dira. Bolsonarok Brasilen eta Trumpek AEBn hala frogatu dute.
Xenofobiaren katalogoa
Eskuin muturra bakarra da Europan, baina bere garroak itxura ezberdina hartzen dute lekuaren arabera, populazioaren berezitasunei egokitzeko. Frantzian Rasemmblement National, Batasun Nazional alderdia, estatu jakobinoaren eta frantses izaeraren defendatzaile gisa jokatzen dute. Marine Le Penek gainera, bere burua feministatzat aurkezten du.
Italiako Legak 5 Izar mugimenduarekin batera agintzen du Italian. Islama arbuiatzea eta migrazio politika zorrotzak dira bere gai gogokoenak. Gaur egun Legaren migrazio politikak %60ko onespena du. AfD Alemaniarako Alternatiba, oraingoz ez du beste biak bezain indar nahikoa, baina kezkagarria da azkenaldian jasaten ari den gorakada, batez ere herrialdearen iragana kontutan hartuta. Nazionalpopulismoaren goratzea egiten dute eta Islama dute etsai nagusitzat.
VOX da eskuin muturraren ordezkaririk berriena. Lider ‘indartsu’ baten inguruan eraikitako proiektua da, kasu honetan Santiago Abascal amurrioarra. Bi ildo nagusi ditu alderdi neofaxistak; tradizionalismo katolikoa eta Espainiaren batasuna eta ultrazentralizazioa zaintzea. 2,5 milioi boto jaso zituen VOXek Espainiako hauteskundeetan.
Ideologia hiltzailea
Erakusketaren azken atala, oso esanguratsua da, neofaxismoak eragindako biktimen oroigarria da. GALek hildako Santi Brouard eta Josu Muguruza oroitu dituzte, baita Atotxako Sarraskiaren biktimak ere. Mezua argia da, ultra eskuinak hil egiten du. Faxismoa ez zen inoiz desagertu eta orain erakundeetan daude.