Erreferendumaren aldeko herri ekimena aurkeztuko dute ostiralean
Gure Esku Dago dinamikak hiru hitzordu garrantzitsu izango ditu Errenteria-Oreretan asteburu honetan. Lehena, ostiralean izango da; erreferendumaren aldeko herri ekimenaren aurkezpena egingo du 18:30ean hasita Xenpelar etxean.
Ostiralean egingo dute aurkezpena. Gure Esku Dago dinamikak hiru hitzordu garrantzitsu izango ditu Errenteria-Oreretan asteburu honetan. Lehena, ostiralean izango da; erreferendumaren aldeko herri ekimenaren aurkezpena egingo du 18:30ean hasita Xenpelar etxean. Etorkizuna erreferendumaren bidez erabakitzea posible egitea dutela helburu esan dute dinamikatik, eta hori dela Gure Esku Dagoren etapa berriaren iparrorratza, “herritarren gehiengoa erreferendumak legeztatzearen aldekoa dela irudikatu nahi eta behar dugu. Helburu horri erantzuten dio, zehazki, erreferendumen alde proposatzen dugun herri ekimen honek”.
Herri iniziatibaren gaineko zehaztasun guztiak,beraz, ostiraleko aurkezpen irekian azalduko ditu Gure Esku Dagok eta parte hartzera deitu ditu herritarrak.
Larunbatean helduko da bigarren hitzordua: Eskubideen aldeko mendi martxa. “Kataluniaren prozesuaren aurkako epaiketaren amaierarekin bat eginez, oinarrizko eskubide eta askatsunen aldeko borrokan konpromiso irmoa adierazteko eta preso politikoei elkartasuna adierazteko Arantzazutik abiatuko da martxa”, azaldu dute. 10:00etan izango da hori, eta Urbiara joko dute. Bertako zelaigunean, 12:00etan hasita mosaikoa eta ekitaldia egingo dituzte. Jantzi horiak ematera deitu dituzte parte hartzaileak.
Azkenik, igandean, bazkidetza kanpaina hasiko du Gure Esku Dagok. Horretarako, Alondigan izango dira 12:00etatik 14:30era herri iniziatibaren nondik norakoak eta bazkidetza egiteak duen garrantzia azaltzen.
