"Aniztasun afektibo-sexualaren borroka guztiona eta egunerokoa da"
LGTBI+ pertsonen eskubideen nazioarteko eguna da gaur, eta horren harira adierazpen instituzionala egin dute Errenteriako Udalean ordezkaritza politikoa duten alderdi politiko guztiek.
LGTBI+ pertsonen eskubideen nazioarteko eguna da gaur, eta horren harira adierazpen instituzionala egin dute Errenteriako Udalean ordezkaritza politikoa duten alderdi politiko guztiek. Aho batez adostu dute adierazpena, eta bi konpromiso zehatz hartu dituzte: LGTBI+ komunitateko kideekin elkarlanean egin duen diagnostikotik eratorritako ondorio eta ekintza lerroei bide emateko konpromisoa hartu du, batetik; LGTBI+ mugimenduak egun honen harira antolatu dituen deialdietan modu aktiboan parte hartzera deitu ditu herritarrak, bestetik.
Adierazpenean, aniztasun afektibo-sexualaren borroka “guztiona” eta “egunerokoa” dela jaso dute alderdi politikoek, baita argi dutela borrokak bizirik dirauela ere, “argi dugu sobera arrazoi daudela lesbiana, homosexual, transexual, zein bisexualen eskubideak aldarrikatzen jarraitzeko, gure herri zein kaleetan, ikastetxeetan, familia zein lagunartean, lantokietan, publizitatean eta aisialdian”. Stonewallen izandako istiluak inflexio puntua izan zirela kolektiboarentzat eta 40 urte geroago kontzientzia gero eta handiagoa dela aitortuta, gorroto diskurtsoen icebergaren tontorrean sexu orientazio, identitate, edota genero adierazpenagatiko diskriminazioa dagoela nabarmendu dute.
LGTBI+ kolektiboa gero eta ikusgaiagoa dela eta kolektibo hori osatzen duten pertsonek askatasunean bizitzea erabaki dutela ere esan dute, “mobilizatu egiten dira eta harrotasunez gozatzen dute gero eta askeago”. Aurrerapausoak ere aipatu dituzte eta arlo horretan sexu bereko pertsonen arteko ezkontzen legeztatzea eta adoptatzeko eskubidea nabarmendu. Gizarte parekide batean ez garela bizi ere esan dute, “zoritxarrez kolektibo honek sufritzen duen diskriminazioaz hitz egiten jarraitu behar da. Hainbat herrialdeetan LGTBI+ izatea heriotzarekin zigortzen da, edo kartzelarekin. horregatik diogu hau guztia ez dela bakarrik LGTBI+ kolektiboari dagokion zerbait, jendarte osoari dagokion zerbait baizik. LGTBI+ eskubideak, gainerako emantzipaziorako borrokekin batera eman behar dira, justizia soziala, askatasun zibilak, herrien burujabetza, feminismoa, internazionalismoa, ekologismoaren borrokekin batera”.
LGTBI+ kolektiboko pertsonen eskubideen nazioarteko egunaren harira adierazpen instituzionala egiteaz gain, ortzadar bandera ere zintzilikatu dute Errenteriako udaletxeko balkoian.