Jada ez dira buruhandien beldur
‘Maialen eta Xanti lagun artean’ liburua argitaratu du Eneko Arruabarrenak. Buruhandien beldur diren haurren emozioak landu ditu errenteriarrak bere lehen liburuan.
Nahia eta ezina. Halako sentimendu nahasketa eragiten diete erraldoiek eta batez ere buruhandiek haur askori. Haien aurrean jarri nahi dute, hurbiletik ikusi nahi dituzte, baina sentitzen duten beldurra handiagoa izaten da nahia baino, eta ezinean ibiltzen dira, urrutitik badaezpada ere. Ez du egoera hori bizi izan bere bi alabekin, baina bai ikusi inguruko haur askorengan Eneko Arruabarrenak. Xenpelar Kultur Dendan aritzen da, ziur hainbeste denbora liburu artean emateak eragingo ziola bere lehen ipuina idazteko garaian.
Astelehenean ikusi zuen argia Maialen eta Xanti lagun artean ipuinak. Oso pozik dago emaitzarekin Arruabarrena, harro. Alabekin beti joaten dela erraldoi eta buruhandietara aitortu du, eta bertan haur asko eta asko beldurrez ikusi dituela urteak joan urteak etorri, «nahi eta ezin ibiltzen dira. Gure dendan, Xanti eta Maialen erraldoien eta buruhandien kamisetak, zapiak, figurak ditugu, eta asko etortzen dira haiek uki ditzaketen galdetzera eta». Hala otu zitzaion ipuina idatzi behar zuela, «buruhandi eta erraldoiei beldurra dieten haurrei esateko beraiek jolastera datozela, gure lagunak izan nahi dutela».
Madalenak haur baten begietatik irudikatu ditu horretarako 50 orri, eta lagun duen Kataluniako Eudel Carrek egindako ilustrazio eder eta ugariekin: «Ez du adinik liburuak. Haur txiki-txikiek gozatuko dute ilustrazio asko eta oso politak dituelako, eta handiago direnek irudiak ikusi eta irakurterraza den liburuarekin bat egingo dute. Carrek ez du Errenteria ezagutzen, eta argazki eta bideo mordoa bidali dizkiot irudika zezan. Emaitza paregabea lortu duela iruditzen zait niri».
Ulertzea ezinbestekoa
Esperientzia handia du liburuekin, eta argi du zein den gakoa txikienen artean irakurzaletasuna sustatzeko, «liburua hartu, disfrutatu, irakurri eta ulertu egin behar dute haurrek. Irakurketarekin disfrutatu egin behar dute, eta ez derrigorrean aritu, horretarako erakargarria zan behar du irakurtzen duten hori».
Madalenetako txupinazoa piztu eta eztanda egiten duen unean hasi du liburua Arruabarrenak, eta bost egunez Xanti eta Maialen, nahiz buruhandien konpartsarekin bidea egin du emozioak lantzeko. June eta Ander anaia-arrebak dira protagonistak, eta amonaren eskutik deskubrituko dute Xanti eta Maialen lagunak direla, jolastera datozela, eta maskuriak koloretako puxiken antzekoak direla.
Buruhandien aurpegiak «itsusiak» direlako du beldurra Anderrek, maskuriarekin jotzen dutelako, baina Junek esango dio jolasa baino ez dela guztia, buruhandiek kentzen dutela maskara, eta lasterka ibili ostean ematen dietela bostekoa haurrei. Pixkanaka galduko du beldurra Anderrek. Xanti eta Maialen gustuko ditu, baina gustukoagoa du Txaman buruhandia, «txupetea berari emango dio, laguna duelako». Eta Xanti eta Maialenen gonazpian ere sartuko dira anaia-arrebak, «dantza nola egiten duten eta nola jolasten duten deskubrituko dute horrela».
Ipuin laburra behar zuena, luzatu eta handitu egin dela aitortu du Arruabarrenak, «zerbait laburragoa egiteko asmoa nuen hasieran, baina luzatu egin da. Gauza bat otu, gero beste bat, hori ere kontatu beharko dudala… Bloka eta boligrafoa soinean ibili naiz azken aldian pentsatutakoak jasotzeko, eta azkenean urtebete eman dut liburua egiten. Alaba zaharrenak behin baino gehiagotan esan dit, ‘aita, amaitu liburua’».
Izan ere, urtebeteko bidai horretan alabak ezinbesteko konplize izan ditu, «beraiek gidatu naute askotan zalantzen aurrean erabakiak hartzeko. Egunero». Zailena, zalantzarik gabe, erabakiak hartzea izan dela dio, «non jarri zer, eta nola idatzi». Astelehenean argitaratu zituen 1.000 ale eta Xenpelar Kultur Dendan, noski, baina Euskal Herriko liburu dendatan ere salgai daude 13,95 euroan.
Emozioak landu
Emaitzarekin gustura dago oso Arruabarrena, «esaten dute lehen liburua ez dela ateratzen nahi bezain ongi. Nik, nire lehena perfektua ateratzea nahi nuen, eta horretarako denbora hartu dut. Oso gustura nago emaitzarekin».
Emozioak landu ditu ipuinean Arruabarrenak, beldurra nagusiki, haurren nahi eta ezin hori, baina tartea eskaini dio ere parekidetasunari: «Ez da kasuala Maialen Xantiren aurrean jarri izana izenburuan, eta errealitatean hala ez bada ere, nire ipuinean buruhandien azpian eta erraldoiak dantzatzen neskak ere azaltzen dira». Buruhandi eta erraldoienganako beldurra uxatu nahi du, baita neskak horretan aritu daitezkeela «hala nahi izanez gero» helarazi txikienei, «naturaltasunez».Gaur egun ez dela horrela dio, «baina agian bi urte barru neskak ikusiko ditugu buruhandien maskaren azpian eta Xanti eta Maialen dantzatzen».
Erreferenteak herrian
Xanti eta Maialenek, eta buruhandien konpartsak leku berezia dute aspalditik Xenpelar Kultur Dendan, «kamisetak, zapiak egiten ditugu haien irudiekin, baita figurak ere, eta izugarria da duten harrera. Bereziak dira, eta horretarako ez dago ikustea baino zer jendetza joaten den haien atzetik jaietan, zenbat jende mugitzen duten, izugarria da, manifestazioan goazela dirudi».
Zalantzarik ez du, «erreferentea dira gure herrian», eta sinistuta dago ez dela kasuala: «Asko landu dute haurrekin egotea, makurtu eta begietara begiratzen dituzte maskara kenduta, bostekoa ematen diete, maskuriak utzi. Finean, harreman berezia sortu dute haurrekin eta hori eskertzekoa da, gure seme-alabak oso ondo tratatzen dituztelako».
Eta eskertze horrekin amaitu du liburua Arruabarrenak, Xanti eta Maialen, eta buruhandien konpartsako kideei eskerrak emanez, «ez dakit inork egingo zuen inoiz, baina egin beharra dugula uste dut, erakusten duten jarreragatik». Gogorarazi du aurten 100 urte beteko dituztela herriko bi erraldoiek, «berezia izango da oso, herriarentzat bereziak direlako».
Beldurra uxatzeko idatzi du ipuina eta ez daki lortuko ote duen, «espero dut haur eta gurasoren batentzat baliagarria izatea». Ez bada horrela, oreretarraren lehen liburuarekin gozatuko duten zalantzarik ez da. Eta lehenengoa labetik atera berritan, beste liburu proiektu bat buruan duela bueltaka aitortu du, «hori bai, ez dut ezer aurreratuko».