Topmapa, kultur eragileen sarea josteko
Tresna berri horren helburua herriko kultur eragileak, guztiak ahal dela, eta haien arteko harremanak identifikatzea da, argazki erreal bat egiteko.
Topmapa tresna egi bihurtzeko lanean hasi da Errenteriako Udala. Tresna berri horren helburua herriko kultur eragileak, guztiak ahal dela, eta haien arteko harremanak identifikatzea da, argazki erreal bat egiteko. Tresnak gainera, batez ere, erabilgarri izan nahi du. zehaztasun guztiak gaur eman dituzte Ion Collar Kultura zinegotziak, Iker Tolosa Kultura teknikariak eta Maitri Ualde proiektuaren kolaboratzaileak.
Proiektuaren garrantzia nabarmendu du Collarrek: “Errenteriak kultur sare izugarria du, hainbat eta hainbat norbanako zein eragile ari dira kulturgintzan lanean, bere zentzu zabalenean ulertuta. Ogibidea da batzuentzat eta afizioa besteentzat, baina guztien artean egitura zabal eta anitza osatzen dugula badakigu, eta horren argazki erreal bat egitea beharrezkoa iruditu zaigu”. Kulturako Plan Estrategikotik eratorritako ildo bat dela esan du Kultura zinegotziak, “etorkizunari begirakoa da, aurrera pausu handia da eragile eta norbanakoentzat, eta sinergiak bultzatzeko”.
Topologia hitzak egitura ezberdinak islatzeko modua dela azaldu du Tolosak, “egitura aldakorrak islatzekoa. Errenteriako eragile eta sortzaileak mapeatzea da, baino ez kokatzea puntu jakin batean, diziplinaka edo lan arloka sailkatzea eta ikusaraztea, baizik”. Halako tresna askorik ez dela inguruan esan du Tolosak, eta horregatik dela interesgarriagoa oraindik, “Errenteria bezalako udalerri batean kulturaren ikuspegi zabal horren barruan eragile guztiak identifikatzea interesgarria da oso, baina baita horien guztien artean izan diren orain arteko harremanak irudikatzea ere”.
Zertarako egingo duten Topmapa azaldu du ondoren Kultura teknikariak. Oso kontziente dira Errenterian ehunka eragile eta norbanako ari direla, “lanketa berezirik egin gabe dagoeneko 400-500 eragile identifikatu ditugu, eta askoz ere gehiago dira. Helburua da azalaraztea hain ezagun edo gure eguneroko orbitan ez dauden beste sortzaile, elkarte, ekintzaile guzti horiek, eta guztiak bi espazio komunetan ikusgarri jartzea: Lekuona Sorkuntza Fabrikan, eta Herri Bizian”. Tresna dinamikoa, aldakorra izango dela erantsi du, eta ez dela helburu bat bere horretan Topmapa, “horren bidez lortu nahi duguna da Errenteriako sare guztia biltzea, eta ikustaraztea orain arte beren artean izan diren harremanak; horren bidez, beste harreman batzuk sortuko direlako. Askok ez du jakingo bigarren solairuan gitarra jotzen duen musikaria dagoela eta seigarrenean, berriz, Nigeriako elkarte baten egoitza dagoela. Herri honek zorionez duen sortzaile eta ekintzaile sarea oso zabala da”.
Plan estrategikotik eratorria
Plan estrategikoarekin lotura du proiektuak, “baita Lekuonak izan nahi duen horrekin lotura zuzena ere. Eragile guzti hauek Lekuonan edo herriko beste espazio batean elkarlanean aritu ahal izateko, eta elkarlanean aritzeko lehen urratsa izan nahi du Top Mapak; bai ikusarazi eta balioan jartzeko, baita harremanak ahalbidetzeko ere”.
Tresnak bi oin izango ditu: praktika artistikoak eta herrigintza, eta une honetan, datuak jasotzen ari direla azaldu du Ugaldek. Horretarako, identifikatutako elkarte, eragile eta norbanakoei bidalketa egingo diete proiektuan ari direnek, “badakigu gehiago direla eta hori da helburua, identifikatuta ditugun 500 horietatik harago heltzea ezagutzen ez ditugun horien berri ere jasotzeko”. Azken horretarako formularioa dute Herri Bizia webgunean, baita Zu! Zure Udala arreta zerbitzuan ere. Formulario hori oso irekia dela esan du Ugaldek, “profesio eta afizio pila bildu ditugu, baita guk aipatu ez ditugunak jartzeko aukera eman ere”. Bilketak datu fitxategi zabala emango diela esan du , “”proiektu berria da eta ikusiko dugu nola irudikatu, oso erabilgarria, eta bizia izan dadin”.
Irailerako lehenengo datu bilketa egin nahi dute Topmapa proiektuarekin. Azken hiruhilekoan, berriz, lehenengo fasea amaituta izan nahi dute eta bistaratzeko tresnetara eramateko lanean hasiko dira, “aukera ezberdinak aztertzen ari gara”, azaldu du Tolosak. Lekuonan presentzia handia izatea du helburu, “herri honen kulturgintzaren bihotza, Lekuona izango delako”.
Halako tresnarik ez dutela ezagutzen Euskal Herrian esan du Tolosak, “Uharteko museoan badago tresna bat baina gertuago dago pieza artistikotik, tresna praktikotik baino. Guk nahi dugu estetika artistikoa izatea, baina praktikoa izatea batez ere. Datu baseak badaude, eragileen mapeoa ere badago, baina guk sortu nahi dugun honen berdinik ez”. Lehenengo erronka ahalik eta argazki orokorrena egitea dute, sortu ahala dokumentatu egingo dena.
Belaunaldien ezberdinen topagune
Kultur eragile gisa hitz egin du Ugaldek. Topmapak jendearekin berriro konektatzeko aukera suposatuko diola esan du, “duela 20 urte kalean izaten ginen eta harreman handia geunen. Gerora galdu egin dugu harremana. Oso polita da berriz ere harremanetan jartzea, eta batez ere jende gaztea ezagutzea, sortzaile berriak ezagutzea belaunaldi ezberdinak biltzeko, konektatzeko, ezagutzak partekatzeko”.
Belaunaldi berriei ere aipamena egin die Tolosak, “badago gauza berriak egiten ari den jende gaztea, beste diziplinatan ari diren belaunaldi berriak, eta herri honen egunerokoan tradizioz mugitu diren askok ezagutzen ez dituztenak. Horiek engantxantzea helburu bat da; bestela komunikazio eten egiten da, eta horrek aurrera ez egitea eragiten du”.
Interesdunek bi bide izango dituzte informazio gehiago lortu edota zalantzak argitzeko: 666 984 462 telefono zenbakia eta posta elektronikoa.